Ituna Komunen Ganberak onartuta edo gabe, baina Boris Johnsonek adierazi izan du datorren urriaren 31 baino lehen «kale edo bale» egin behar dela brexit-aren auzian. EB Europako Batasunak balizko luzatzerik gabeko epemuga hori jarri zion Erresuma Batuari, apirilean. Eta atzo ere ez zuen azaldu Theresa Mayk eta Bruselak iazko azaroan hitzartutako irteerarako akordioa behin onartuta aterako den Erresuma Batua klubetik, baina, euroeszeptiko porrokatua izaki, promesa argia egin zien Alderdi Kontserbadoreko agintariei, militanteek alderdiko lider aukeratu ondoren hitza hartu zuenean: «Urriaren 31 baino lehenago gauzatuko dugu brexit-a».
Hain zuzen ere, dibortzioaren krisiak bultzatu zuen May dimisioa ematera —Komunen Ganberak hirutan bota zuen atzera brexit-erako ituna—, joan den ekainaren 7an. Haren ordezkoa aukeratzeko prozesua ireki zuten kontserbadoreek, eta 2008 eta 2016 artean Londresko alkatea izan zena goitik behera gailendu da barne lehian. Fase guztietan nagusitu da —hasieran hamar ziren hautagaiak—, eta azkeneko bozketan, militanteen artean egindakoan, buruz burukoan Jeremy Hunt Atzerri ministroa gainditu du, botoen %66 bereganatuta.
Westminster pareko eraikin batean egin zuten ekitaldia toryek. Hunt eta Johnson elkarren ondoan eseri ziren, eta, bozketaren emaitzaren berri eduki zutenean, lehenak bostekoa luzatu zion garaileari. Salto batean igo zen agertokira kontserbadoreen buruzagi berria, eta, edukiz beterikoa beharrean, protokolozkoa eta laburra izan zen mintzaldia. Brexit-ak berak eta dibortzioaren kudeaketak Erresuma Batuan eragin dituen arrakalen jakitun, herrialdea «batuko» duela agindu zuen. Johnsonentzat, toryek, «historikoki», abilidadea erakutsi izan dute «kontrajarritako bi sen» orekatzeko: «EBrekin gertuko harreman bat mantentzeko desira; baita herrialde honek bere burua demokratikoki autogobernatzekoa ere».
Johnsonek EBko agintariekin hitz egin nahi du ahal bezain laster. Bruselak hamaika aldiz esana dauka ez duela aldatuko azaroko akordioa. Irlandako mugarako adostutako backstop delako protokoloa ez dute onartzen ez kontserbadore euroeszeptikoenek, ez eta Komunen Ganberako haien bazkide irlandar unionistek ere—Londresek eta Bruselak etorkizunerako harreman komertziala adostu bitartean muga gogor bat eragotziko lukeelako Irlandan—, eta Johnsonek azkeneko asteotan nabarmendu izan du badirela backstop-erako «alternatibak».
Euroeszeptikoenak konbentzitze aldera, May ahalegindu zen protokolo hori leuntzen, baina alferrik. Eta Johnsonek, 2016ko uztailetik 2018kora Atzerri ministro izandakoak, gogor kritikatu zuen ahal izan zuen bakoitzean. Atzo, ordea, hitz goxoak besterik ez zituen izan Mayrentzat. Azken hiru urteotan lehen ministro izan denak ere kortesiaz jokatu zuen, eta «erabateko babesa» bermatu zion.
Downing Streeteko 10. zenbakiko giltzak gaur arratsaldean entregatuko dizkio maizter berriari, Johnsoni. Aurrena, goizean, Komunen Ganberan da mintzatzekoa May, eta gero, arratsaldean, dimisioa aurkeztuko dio Elizabeth II.a erreginari. Johnsoni gobernua osatzeko eskatuko dio erreginak, ondoren.
Azken kabinetean edo erantzukizun karguetan izandako dezente ari dira dimititzen Johnson bera dela eta. David Gauke Justizia ministroa eta Rory Stewart Nazioarteko Garapenerako ministroa izan ziren azkenekoak, atzo. Stewart toryen liderra bilakatzeko hautagaia izan zen, eta, aurkeztu zirenen artean bera izan zen akordiorik gabeko brexit-a «katastrofikoa» izango dela ahoratu zuen bakarra. Erresuma Batuko elite ekonomikoek ere gauza bera pentsatzen dute, eta Adam Marshall Erresuma Batuko Merkataritza Ganberen zuzendari nagusiak «brexit nahasi bat» eragotzi dezala eskatu zion, atzo, lehen ministro izendatuko dutenari.
Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako liderrarentzat ez da, inondik ere, albiste pozgarria Johnsonen garaipena. Akordiorik gabeko brexit-a izan zuen hizpide, atzo. «Horrek eragingo lituzke murrizketak enpleguetan, prezioen garestitze bat, eta, gainera, Donald Trumpekin akordio bat lortuta, gure osasun sistema nazionala AEBetako enpresei saldua izateko arriskua legoke». Bide batez, Johnsonek atzo azpimarratu nahi izan zuen bere helburuetako bat dela «Corbyn garaitzea». Komunen Ganberak ez badu brexit-erako ituna onartzen, ez dago baztertuta Johnsonek Parlamentua desegitea eta hauteskundeetara deitzea, ganberaren erabateko kontrola bereganatzeko asmoarekin. Inkestek diote, ordea, nekez lortu ahal izango lukeela hori.
Brusela eta «oinarriak»
Trump aipatuta, Etxe Zuriko maizterrak azpimarratu zuen Johnson lehen ministro «izugarri ona» izango dela. Politikaren ikuspegi antzekoa dute biek.
Bruselako agintari nagusiei dagokienez, kortesiaz erreakzionatu zuten denek. Ursula von der Leyen azaroaren 1ean Europako Batzordeko presidente bilakatuko denak adierazi nahi izan zion Johnsoni akordio bat lortzeko «betebeharra» dutela bi aldeek. Michel Barnier EBren brexit-erako negoziatzaileak modu «eraikitzailean» lan egin nahi du lehen ministro berriarekin, baina gogorarazi nahi izan zion «itunaren oinarriak» jarrita daudela.
«Urriaren 31 baino lehenago gauzatuko dugu 'brexit'-a»
Militante toryek Boris Johnson aukeratu dute Alderdi Kontserbadoreko buruzagi. Erresuma Batuko lehen ministro izendatuko dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu