Hurbildu arren, pandemia aurreko datuetatik urruti dago industria

EAEko ekonomiaren %23,4 da bigarren sektorea, 2019an baino bost hamarren txikiagoa

Metalgintza sektoreko langile bat, Bilboko portuko enpresa batean. Artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
aitor biain
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Pixkanaka bada ere, euskal industria ari da pandemia aurreko mailara gerturatzen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren sektorea gorako bidean da berriro, nahiz eta oraindik urrun dagoen osasun krisiaren aurretik BPG barne produktu gordinean zuen pisutik. Izan ere, Eustatek argitaratutako azken datuen arabera, 2021ean %23,4 ordezkatzen zuen, krisi aurretik baino bost hamarren gutxiago —2019an %23,9 ordezkatzen zuen—.

Pandemiak gogor jo zuen industria, eta jarduerak beherakada nabarmena izan zuen 2020an. Eustaten datuek erakusten dute, halere, suspertze ekonomikoaren olatua hartu zuela sektoreak hurrengo urtean. Horren erakusgarri da industriaren balio erantsi gordina, hots, sektoreak barne produktu gordinari egiten dion ekarpena, %6,1 handitu izana 2021ean.

Igoera Frantziak eta Alemaniak izan zutena baino handiagoa da (%4,5 handitu zen), baina Europako Batasuneko batezbestekoarena baino apalagoa: %6,7 handitu zen. Espainian ere %6,6koa izan zen igoera.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, metalgintza da industria gehien hauspotzen duten sektoreetako bat: 2021ean sortutako balio erantsi gordinaren %26,5 azpisektore horri dagokio, hain justu ere. Kasu honetan, ordea, salgaien garraioak, energia elektrikoak, gasa eta lurrunak, eta ekipo ondasunek egin zioten ekarpenik handiena balio erantsiari: %33,3.

Izan ere, 2021ean salmentei ekin zien berriro ere industriak. Pandemiaren ondorioz %18,4 jaitsi baitziren 2020an; urtebete geroago, berriz, %18,6 handitu ziren. Balio erantsi gordinari dagokionez, Bizkaiak izan zuen hazkunderik handiena (%21,9), Gipuzkoaren (%14,5) eta Arabaren aurretik (%11,2).

Kanpo sektoreak lagunduta etorri zen hazkunde hori. 26.022 milioi euroren salmentak egin baitziren atzerrian, euskal enpresen esportatzeko duten joera handia garbi utzita. Hala ere, esportazioek EAEko barne produktu gordinean duten pisua zertxobait apalagoa izan zen aurreko urteekin alderatuta: 2021ean %147 ordezkatu baitzuten; %158 2020an, eta %156 2019an. Inportazioak asko handitu ziren, ordea, 21.282 milioi eurorenak egin ziren. Ondorioz, asko murriztu zen esportazioen eta inportazioen arteko aldea. Kanpo saldoak positiboa izan zen, hala ere.

Pisuari eusten

COVID-19aren eraginez galdutako lekua erabat berreskuratu ez duen arren, industriak pisua handia du oraindik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian, inguruko herrialdeekin alderatuta. Espainiaren (%16,9), Frantziaren (%13,1) eta Europako Batasuneko batezbestekoaren (%19,9) nabarmen gainetik dago, eta, gutxigatik bada ere, Alemaniakoaren azpitik (%24).

Enpleguari dagokionez, industriak enplegu osoaren %19,9 ordezkatu zuen 2021ean. Pandemia aurreko kopuruarekin alderatuta, zertxobait txikiagoa da portzentaje hori (%20,4), baina Espainiako (%10,9) eta Europako Batasuneko batezbestekoa baino handiagoa (%15,7). Azpisektoreei dagokienez, metalgintzan, makineria eta ekipo ondasunetan, eta materialen garraioan daude langile gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.