Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Miren Larrioni

Ikusteko dago zigorra exekutatuko ote den, espetxealdia lan komunitarioekin ordezkatzea adostu baitzuten aldeek apirilean

Miren Larrion, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra eta 2.800 euroko isuna ezarri dizkio Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohi Miren Larrioni. Estatu zibilaren usurpatze, ebasketa arin eta dokumentu faltsutze delituak egotzi dizkio. Epaileak kontuan hartu du nahasmendu psikikoko aringarria. Litekeena da ebazpena ezexekutatzea, espetxealdia lan komunitarioekin aldatzea adostu baitzuten aldeek apirilean.

Ebazpenaren arabera, 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitarte izan ziren gertakariak. Larrionek koaliziokide baten diru zorroa hartu zuen haren identitatea «ordezteko asmoz», eta, besteak beste, telefono linea bat kontratatu eta banku kontu bat ireki zituen haren izenean. Izatez, azken hori kudeatzeko koordenatuen txartel bat eskuratu ostean atxilotu zuten. 2021eko otsailaren 22an izan zen hori. Epaileak, gainera, frogatutzat jo du politikari ohiak bere «itxura fisikoa moldatu» zuela bankura joatean.

Era berean, epaileak frogatutzat jo du Larrionek «estres eta antsietate nahasmendu bat» jasan zuela, eragina zuena «haren borondate eta adimen gaitasunetan». Hala, fiskaltzarekin lortutako akordioa dela medio, urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote estatu zibilaren usurpatze delituagatik —mozorrotu izanaren larrigarriarekin—, eta bi urteko beste bat dokumentuak modu jarraituan faltsutzeagatik. Epaiari helegitea jartzeko aukera dute aldeek.

Larrionek iazko otsailean utzi zuen zinegotzi kargua, eta eginiko «akatsa» onartu zuen. Duela hilabete, berriz, sare sozialen bidez berretsi zuen «akats bat egin eta aitortu» zuela: «Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.