Koronabirusa

Bruselak ez du doikuntzarik galdegingo 2021era arte

Inbertsioak eta zorra «orekatzeko» eskatuko die Europako Batzordeak estatuei. Laguntza zuzenen alde egin du Dombrovskisek

Valdis Dombrovskis eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak. O. HOSLET / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak ez die estatu kideei zorra murrizteko doikuntzarik eskatuko, gutxienez hurrengo urtera arte. Azaroan egoera ekonomikoari eta aurrekontuei buruz egingo duten bileran aztertuko du ea betetzen diren ala ez arau fiskaletan «normaltasunera itzultzeko» baldintzak. Dena den, Valdis Dombrovskis presidenteorde ekonomikoak azaldu du agian goizegi dela horretarako, eta ez du baztertzen 2021eko udaberrira arte atzeratzea erabakia.

Batzordeak martxoan aktibatu zuen lehen aldiz Egonkortasunerako eta Hazkunderako Ituna babesteko klausula, 2009koa, eta arindu egin zituen diziplina fiskaleko arauak, estatuek aukera izan dezaten pandemiaren aurka borrokatzeko gastua handitzeko, espediente baten beldur izan gabe. Dombrovskisek azaldu duenez, betebehar fiskalak malgutuz, lagundu egin nahi diete «osasunaren arloan, enpresentzako likideziarenean eta diru sarrerenean». «Horiek dira, gure ustez, gai nagusiak oraintxe».

Bi hilabeteotan, estatu askoren defizita eta zorra nabarmen handitu dira. EBk oraingoz ez du prozedurarik ireki, baina presidenteordeak ohartarazi du «desbideratzeak zuzentzeko» eskatuko duela. «Argi dago larrialdiko neurriez haratago begiratu beharko dugula, eta epe ertainean jasangarritasun fiskala kontuan hartu beharko dugula»

Udazkenean arauak berriro aplikatzea erabakiko balute ere, baliteke Bruselak doikuntzarik ez eskatzea datorren urteko udaberrira arte, orduan gomendio berriak emango baititu. Gainera, aurreikusi du 2021erako euroguneko ekonomia % 6,1 haztea, eta uste du horrek arnasa emango diela hainbat herrialderi. «Egoerak uzten duenean, estatuek zerga bide jasangarrira itzuli beharko dute, baina, inbertitzen jarraitu beharko dutela kontuan hartuta, bi beharrak orekatu beharko ditugu».

Jaso eta eman

Dombrovskisentzat ezinezkoa da orain aurreikustea ea krisiaren aurretik zor eta defizit ratio altuak zituzten herrialdeen aurrekontu desbideratzeen gorakadak egiturazko krisi sakonago bat ekarriko duen. Dena den, azpimarratu du Bruselak kontuan hartuko duela estatu guztiak ez direla puntu beretik abiatzen. «Gaitasun ezberdinak dituzte egungo krisiari erantzuteko. Batzuk oso zorpetuta daude, batez ere hegoaldekoak, eta Europa ekialdeko eta erdialdeko batzuk. Lagundu behar diegu, eta testuinguru horretan ulertu da gure proposamena».

Batzordeak asmoa du datorren astean aurkezteko 2021-2017rako aurrekontua, eta hor sartuko du COVID-19ari loturiko plana. Dombrovskisek ez du zenbatekoa zehaztu nahi izan —aurreko astean esan zuen bi bilioi inguru izango dela aurrekontua: oraingoa halako bi—. Horren harira, adierazi du koronabirusaren krisiari aurre egiteko planak horren erdia hartuko duela eta erantzukizuna «proportzionala» izatea nahi dutela, Europako Batasunaren inbertsioaren, estatuenaren eta inbertsio pribatuaren artekoa.

Estatuen ekarpenak bikoiztea aurreikusten du batzordeak, baina EBko kutxetatik jaso baino diru gehiago jartzen duten herrialde batzuek ez dute nahi —bereziki, Austriak, Herbehereek, Danimarkak eta Suediak—. Dirua laguntza zuzenen bidez eman beharrean maileguen bidez ematea nahiago dute. Alemaniak eta Frantziak asteon aurkeztutako proposamenak, berriz, atea zabaldu die laguntza zuzenei.

Dombrovskisek azaldu duenez, Batzordeak lehiakortasunerako eta konbergentziarako tresna erabili nahi du, herrialdeetan inbertsioak eta egiturazko erreformak finantzatzekoa. Trukean, estatuek ez dute dirurik itzuliko, baina euren planak aurkeztu beharko dizkiote batzordeari, eta horrek bere gomendioekin bat datozela egiaztatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.