Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroa erkidegoetako hezkuntza arloko arduradunekin batzartu zen atzo, argitzeko zer egin datozen hilabeteetan 2019-2020ko ikasturtearen amaierarekin, eta nola ebaluatu ikasleak. Ministroaren ustez, ez da egokia aurrez aurreko klaseetara itzultzea, eta, beraz, ikasturtea etxetik bukatu beharko lukete ikasleek, haren iritziz. Ministerioa txosten bat egiten ari da ondorioak jasotzeko, baina unibertsitateen esku dago erabakia.
Eusko Jaurlaritza ez dago ados Madrilek egindako proposamenarekin, eta «gaitzespen osoa» adierazi dio, ohar bidez. Izan ere, Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, gainontzeko erkidegoekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin atzo egindako bileran unibertsitateko ikasturtea aurrez aurre bukatzearen alde azaldu zen, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateen «autonomia» defendatu zuen.
Hiru arloren inguruan agertu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak desadostasuna: aurrez aurreko klaseak bukatzeari buruz, unibertsitateko praktiketan %50eko salbuespena egiteaz, eta unibertsitateko ikasturtearen amaiera eguna Espainiako Estatu osoan bateratzeaz. «Proposamen horiek ez dituzte errespetatzen ez Euskadiren eskumenak, ez Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen autonomia, ez Unibasq Kalitate Agentziaren independentzia», salatu du Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak. Aurrez aurreko klaseei buruz bi aukera aztertzen ari direla adierazi dute: «Ikasturte honetan aurrez aurreko prestakuntza berreskuratzeko aukera edo egungo ikasturteari ikasgeletatik kanpo aurre egiteko beharra». Unibertsitateetako langileak bi aukera horiek lantzen ari dira, eta «agertoki baterako eta besterako hainbat jarduera egiten» ari direla azaldu dute. Ikasleei lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Hezkuntza Sailak: «Ikasle bakar batek ere ez du galduko ikasturtea koronabirusaren eraginez».
Bilera Uriarterekin
Espainiako Gobernuak proposaturikoaz galdetzeko Hego Euskal Herriko unibertsitateekin harremanetan jarri da BERRIA, eta guztiek erantzun diote oraindik ez dutela erabakirik hartu. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariak Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuarekin batzartuko dira gaur, eta baliteke horren ondoren erabakiren bat hartzea. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du erabakirik jakinarazi. Opus Deiren Nafarroako Unibertsitateak, berriz, aitzinetik errana zuen ikasleek online bukatuko dutela ikasturtea. Erabakirik hartu ez badute ere, unibertsitate guztiak ari dira ikasturtea bukatzeko aukera posibleak aztertzen.
Erabaki beharreko bertze kontua ebaluazio sistema da, eta Castellsek unibertsitateei proposatu die erabat malgu jokatzeko horretan. Haatik, horretarako modua zentro eta ikasgai bakoitzean erabaki beharko dute. Bileran bat etorri dira malgutasun horrek ikasleentzako irizpide argiak behar dituela, eta irizpide horiek irakasle, sail edo fakultate bakoitzak argitaratu beharko dituela.
Koronabirusa
Unibertsitateko ikasturtea etxetik bukatzea nahi du Madrilek
Espainiako Unibertsitate ministroaren ustez ez da egokia aurrez aurreko klaseetara itzultzea. «Autonomia» defendatu du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu