Errenta irregularren zergapetzea hiru foru aldundien arteko ustezko zerga harmonizazioa hausten ari da. Bizkaiak errenta horiei zergen erdiak barkatzeak hautsak harrotu ditu, ez soilik oposizioko taldeen aldetik, baizik baita Unai Rementeriaren gobernua sustengatzen dutenen artean ere: atzo, PSE-EEk eskatu zuen bertan behera uzteko foru dekretua. Arabako Aldundia Bizkaiaren aldaketa «aztertzen» ari dela esan du,eta Gipuzkoak jada jakinarazi du ez duela ezer aldatzeko asmorik.
Zarata handiko eztabaida piztu da errenta irregularren zergapetzeari buruz, futbolariei eta eliteko beste kirolari batzuei ezartzen zaien zerga erregimena delako. Aldaketa abuztuaren 21eko bileran egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina asteazkenera arte ez zuen argitara atera El Correo egunkariak. Futbolari begira jarri zen, Athleticek milioika euro aurreztuko zituela esanez abiatu baitzuen informazioa. Kopuru bat ematera ere ausartu zen: hamabost milioi gutxiago ordainduko lizkioke Athleticek ogasunari.
2014. urtean indarrean jarri zen arauak zioen errenta irregularrak dituztenek beren irabazien erdien gainean dagokien errenta zerga ordaindu behar zutela, baina beste erdia salbuetsita zegoela, betiere 300.000 eurotik beherako irabazia bazen. Hau da, 300.000 eurotik gorako mozkinek ere zegokien errenta zerga ordainduko zutela. Bizkaiko Aldundiaren azken dekretuak muga hori ezabatu duenez, errentaren erdiaren gaineko zerga baizik ez dute ordaindu behar errenta irregularrak deitutakoek. Hor sartzen dira zorizko jokoen irabaziak, baina baita eliteko kirolarien errentak ere.
Bizkaiko Aldundiak ukatu egin du futbolariei eta Athletici mesede egiteko hartu duela neurria; are gehiago, ziurtatu du «talentua erakartzeko» eta start-up-en sorrera sustatzeko hartu duela. «Ekintzailetasunaren eta enpresa sorreraren aldeko ekosistema» bat sortu nahi du horrekin.
Azalpenak ez dio balio izan foru gobernuko kide txikienari, PSE-EEri. «Neurri horretako aldaketa batek gainditu egiten ditu zerga sistema 2020ra arte ez aldatzeko konpromisoa eta gure arteko ituna», azaldu du Ekain Rico Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile sozialistak. Gaineratu du bere alderdiko gobernukideek ezjakintasunez onartu zutela neurria: «60 orrialdeko testu batean, lau lerroko hieroglifo bat zen. Ez da bide zuzena, eta are gutxiago abuztuan».
PSE-EEren kexua batu zaie oposizioko taldeek egindakoari.EH Bildu izan zen erreakzionatzen lehena, asteazkenean bertan. «Gehien dutenek» gutxiago ordainduko dutela salatu zuen, eta aldaketa batzar nagusien bozketarik gabe egin izana. Atzo, PPren txanda izan zen. «Gutxiengo bati» jaitsiko dizkiete zergak. «Horrelako erabakiek arrazoia ematen digute. Krisiaren ondoren zergak jaitsi badaitezke, zergatik ez dizkie Bizkaiko Aldundiak klase ertainei jaitsi nahi?», galdetu zuen Amaya Fernandez PPko batzarki deak.
Baskonia eta Alaves, eske
Eztabaida ez da Bizkaian geratu. Asteazken arratsaldean, Athleticen tratu bera jaso nahi zutela esan zuten Alavesek eta Baskoniak. Bizkaiak egindako aldaketa«analizatzen» ari direla erantzun zuen Arabako Ogasunak, «auzoko lurraldeetan ezartzen diren arau guztiekin egiten dugun moduan». Edonola ere, oroitarazi zuen indarrean dagoela 2020ra arte aldaketarik ez egiteko konpromisoa.
Gauzak garbiago ditu Markel Olanoren gobernuak: «Gipuzkoako Aldundiak ez du PFEZean aldaketarik egingo denboran irregularrak diren lan etekinei dagokienez. Ondorioz, 300.000 euroko muga mantenduko du». Aldundiak gogorarazi du urte hasieran onartu zuela arau bat «brexit-aren testuinguruan finantza sektoreko talentua erakartzeko baldintza erakargarriak zehazteko».
Errenta irregularren zergapetzeak zatitu egin ditu foru aldundiak
Araba aztertzen ari da araua aldatzea zergapekoen mesedetan, eta Gipuzkoak ez du ukituko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu