Euskaltzaindiaren Hiztegia etengabe berritzen eta zuzentzen dihardute hizkuntzalariek, eta urtean bitan txertatzen dituzte eguneraketa horiek. Uztailean egin dituzte aurtengo lehen moldaketak: 397 forma berri onartu dituzte; horietatik 312 sarrerak dira, eta beste 85ak, azpisarrerak. Forma berriak gehitzeaz gain, jadanik onarturik zeuden hainbat forma ere moldatu ditu akademiak —465 guztira—, eta beste batzuk baztertu. Egun, 64.210 adiera biltzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.
Sarrera berrien artean daude alta, baja, hijab, egunpasa, tupereta traol hitzak, besteak beste. Euskaltzaindiak aditzera eman duenez, gehitu dituzten forma berriak «gaurko corpusetan erabilera maiztasun handikoak» dira, eta, beraz, «gizartearen isla». Horren adibide dira honako hauek: migrante, papergabe, transfobia, feminizidio, transgenero, ahaldundu eta baxoa.
Kale hizkeran ere jarri du fokua azken eguneraketak. Sarrera berrien artean, lagunarteko hainbat hitz ageri dira, tartean, friki, flipatu, diva edo katxarro adjektiboa. Horiez gain, ohikoak diren edari batzuk ere onartu dituzte; hiztegian arauturik daude jada zurito, kaña, kubata eta kuba-libre. Edariak ez ezik, elikagaiak ere badaude berrikuntzen artean: sushi,tofu, curry eta pintxo.
Ekainean Euskaltzaindiaren pertsona izendegian izandako aldaketak ere forma berri bat ekarri du hiztegira. Generorik ez duten 500 bat izen onartu zituen orduan akademiak izendegiaren bertsio berrituan. Orain, izendapen berri bat dute izen horiek hiztegian: epizeno; alegia, generoa gorabehera, forma aldatzen ez zaiona.
Sarrera berriak gehitzeaz gain, beste hainbat moldaketa ere egin ditu Euskaltzaindiak: definizioak osatu, adierak eta adibideak gehitu, marka osagarriren bat erantsi eta lehendik zeuden forma batzuk kendu: referendum eta barazki jale.
Beste berrikuntza bat ere gehitu diote bertsio eguneratuari. Interneten kontsultak egiterakoan, sarrera batetik bestera joateko loturetan estekak jarri dituzte, gainean klikatuz zuzenean sarrera horretara iristeko.
Friki eta divak, hiztegian
Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako zuzenketen eta eguneratzeen berri eman du akademiak: 397 forma berri gehitu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu