Euskara, «bermeekin»

Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollo euskararekiko dauden borondateak errespetatzearen eta elkarbizitzaren alde azaldu da

Euskaltzainak eta Argia ikastolako arduradunak, atzo. BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroako Gizarte Harremanetako kontseilari Ana Ollok atzo egin zuen lehen agerraldia gobernua osatu zenetik. Hurrengo lau urteetan zuzenduko duen departamentuaren ildo nagusiak aurkeztu zituen, eta «Nafarroako errealitate historiko, sozial eta kulturala, berezkoak dituen bi hizkuntzak barne», defendatzearen alde azaldu zen. Euskarak eta gaztelerak gizartea kohesionatzeko ahalmena dutela esan zuen, euskara «baztertzailea eta konfrontazio tresna» dela dioten mitoak gezurtatzeko. «Euskarak ez du bereizten; are gehiago, gizarte gisa gure balioa handitzen du». Euskararen Legea izango du ardatz gobernuak, eta lege hori aldatzera egiten bada errealitate soziolinguistiko desberdinak kontuan hartu beharko direla esan du, betiere «askatasuna eta euskararekiko borondatea bermatu» daitezkeela ziurtatzen denean.

Gainera, gobernua babesten duen laukoak adostutakoa gogoan, jakinarazi du administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua aztertu, eta, beharko balitz, «egokitu» egingo dutela. Horretarako lantalde bat osatu du gobernuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiko eta Euskarabideako kideekin.

Kontseilariak adierazi du garrantzitsua dela elkarbizitzaren alde lan egitea, eta «abilezia, elkarrizketa eta enpatia» beharrezkoak direla.

Euskaltzaindia Tuteran

Bizikidetzaz mintzatu dira Euskaltzaindiko ordezkariak ere Tuterako Argia ikastolan, Nafarroako hegoaldean. Euskarak herrialdeko «kultura desberdinen arteko elkarbizitza harmonikoan» laguntzen duela adierazi dute, eta «ondarezko hizkuntza» gisara aldarrikatu dute. Urriaren 20an ospatzekoa den Nafarroa Oinez jaiaren harira gonbidatu zituzten atzo akademiako ordezkariak Tuterako ikastolara.

Euskaltzaindiko zuzendari Andres Urrutiak goraipatu egin zuen ikastolek euskararen presentzia bermatzeko eta ikustarazteko egiten duten ahalegina, bisitan eginiko adierazpenetan. Argia ikastolak bakerako eta multikulturaltasunerako egindako lana ere aitortu nahi izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.