Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Aldaerak

2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Birusak etengabe aldatzen diren gaiak dira, eta batzuk beste batzuk baino aldakorragoak dira. Izatez aldatzeko mekanismo ezberdinak dituzte, eboluzionatzeko eta moldatzeko. Beraz, birus batean aldaketak egotea ez da batere arraroa; zoriz gertatzen diren aldaketak dira eta batzuetan birusak aldaketa horietatik guztietatik batzuk hautatzen ditu bere onerako. Azken astean entzun izan dugu SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriak atzeman direla Erresuma Batuan. Hori kezkagarria izan daitekeen mezuak ere entzun izan dira.

Birusaren aldaera bat sortzen da birus horren egitura genetikoa aldatzen denean, genoman aldaketa gutxi edo asko egon daitezkeelarik. Aldaketa horien ondorioz guk sortzen dugun erantzun immunean eragina dagoenean, eta sortu beharreko antigorputzak desberdinak direnean, aldaera hitzaren ordez andui hitza erabiltzen da. Aldaerak atzemateko, ezinbestekoa da birusaren sekuentziazioa egitea; hau da, genoma barnean dagoen kode guztia ezagutzea. Hori dela eta, sekuentziazio gehien egiten duten herrialdeak dira aldaera gehien atzematen dituztenak; Erresuma Batua bada horietako bat.

Wuhanen sortutako koronabirusa eta gaur egun mundu osoan zehar banatua dagoena ez dira guztiz berdinak. Martxoaren bukaeran sortutako mutazio batek (D614G izenekoa) aldaera berri bat sortu zuen, hori izanik Europan gehien hedatua dagoen aldaera gaur egun. Horrez gain, beste aldaera asko daude mundu osoan zehar.

Erresuma Batuan gertatu dena da birus batean hamazazpi mutazio gertatu direla aldi berean. Aldaera berri horri momentuz VUI 202012/01 (Variant Under Investigation, 2020 urtea, 12 hilabetea, 01 aldaera) deitu diote. Mutazio horietatik guztietatik denek ez dute modu berean kezkatzen, hiru izanik kezka gehien eragiten dutenak. Bi dira mutazioak gure zelulen hartzaileetara lotzeko gunean modu errazagoan eta arinagoan egiteko, eta hirugarrena da delezio edo galera bat antigorputzek lan egin behar duen gunean. Atzeman den gunean positiboen %70 aldaera berri honekin kutsatuta daude eta, horren ondorioz, esan dute aldaera berri hau kutsakorragoa omen dela. Gehiago hedatzen dela argi dago, baina kutsakorragoa ote den, hori oraingoz ez dago batere argi. Gainera, ez dirudi birulentoagoa denik; hau da, berez kasu larri edo hildako gehiago sortzen duenik.

Demagun aldaera hau benetan kutsakorragoa dela; hori berez oso kezkagarria litzateke. Esate baterako, SARS-CoV-2ren birsorkuntza tasa hiruren bueltan dago: kutsatu batek hiru kutsa ditzake, horiek bederatzi, horiek 27 eta horiek 81... Aldaera kutsakorrago baten birsorkuntza tasa lauren bueltan egongo balitz: kutsatu batek lau kutsa ditzake, horiek hamasei, horiek 64 eta horiek 256. Kutsatu gehiago bai, baina aldi berean ospitaleratu gehiago, eta horren ondorioz, hildako gehiago.

Une honetan ezezaguna da nola eta non sortu diren aldaketa horiek: kutsatuta eta tratamenduan dagoen paziente batean, erantzun immunearen ihesbide mekanismo moduan, animalia baten eta gizakiaren arteko beste transmisio batean...

Dudarik gabe, birusaren infekzioak saihesteak birus-aldaera berriak agertzeko aukerak ekidingo ditu, baina hori benetan ziurtatzeko, laborategietan birusaren etengabeko zaintza egin beharko da, birusak lasterketa hau ez irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.