Euskal Herriko gatazkaren korapiloak izan zituzten hizpide Parisen ostegunean Frantziako Justizia ministroak, Eric Dupond-Morettik, eta Euskal Herriko ordezkaritza batek. Jean Rene Etxegarai, Vincent Bru, Max Brisson, Frederique Espagnac, Michel Tubiana, Michel Berhokoirigoin eta Anaiz Funosas hartu zituen Justizia ministroak, Parisen, Vendome plazan. Euskal Herriko bake prozesuaz eta Frantziako Estatuaren kartzeletan dauden euskal presoez aritu ziren.
Euskal Herriko ordezkaritzak dosier bat aurkeztu zion ministroari, konpontzeko dauden zenbait auziren ingurukoa. Elkarrizketa giro eraikitzailean aritu zirela azaldu du Euskal Herriko ordezkaritzak, eta ministroak engaiamendua berretsi du jarraipena emateko. «Euskal Herrian eraiki nahi dugun elkarbizitzaren aldagai erabakigarriak diren heinean, ordezkaritzak arretaz begiratuko du aipaturiko dosierren bilakaera», azaldu dute, ohar bidez.
Ez zuten zehaztu zeri buruz aritu ziren, baina pentsatzekoa da mahai gainean izan zitekeela Josu Urrutikoetxearen auzia, besteak beste. Iragan uztailaz geroztik libre da, baldintzapean, eta Parisen bizi da. Gaixo dago, eta epaiketa bat du ostertzean, urrian egitekoa zena, eta pandemiak atzeratu duena. Jonathan Powell nazioarteko bitartekariak hizpide izan du Urrutikoetxea, LaCroix egunkarian. Powellek 11 urte egin zituen Euskal Herriko gatazka konpontzeko erraztaile lanetan. LaCroix-en plazaratutako iritzi artikuluan, ETA amai zedin Urrutikoetxeak jokatu zuen rola nabarmendu du: «Josu Urrutikoetxeak funtsezko zeregina izan zuen 2005 eta 2007 bitartean Espainiako Gobernuarekin egindako bake negoziazioetan, eta ETA desegingo zela iragarri zuen publikoki Genevan, 2018an, eta Europako borroka armatu odoltsuenetako baten behin betiko amaiera markatu zuen». Powellek gogorarazi du gaixotasun larri baten ondorioz, arrazoi humanitarioengatik utzi dutela baldintzapean aske, baina beste epaiketa baten atarian dagoela: «70. urteurrena, osasun krisi bete-betean, kartzelan bukatzeko arriskuan dago, Frantziako justiziak besterik erabaki ezean».
Irteerarako kontsentsua
Euskal presoen egoera dela eta, Etxerat-ek gatazka horren irteerarako dagoen adostasuna nabarmendu zuen. «Albiste bikaintzat» jo du zenbait udalerritan azaleratu den adostasuna. Zenbait mozio onartu dira, espetxeetarako joan-etorrietan hildako hamasei lagunen sufrimendua aitortzen dutenak. Gainera, mozio horietan azaltzen da presoen afera «arrazoizko epe batean konpontzea, legeria arrunta eta espetxe politika normalizatua soilik aplikatuz, ekarpen garrantzitsua» litzatekeela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU agertu dira alde, eta sindikatu guztien babesa izan dute.
Etxerat-ek ontzat eman ditu azken hilabeteetan espetxeetan egiten ari diren lekualdaketak ere, baina nabarmendu dute beren eskakizuna «zero kilometroa» edo Euskal Herrian bertan egotea dela, eta horrela EPPK osatzen duten presoen %14 baino ez daudela. Edonola ere, azpimarratu dute presoen erdiak baino gehiago 400 kilometro baino gertuago daudela. Elkarteak emandako datuen arabera, egun EPPK-ko 217 daude 400 kilometro baino urrunago:%44 dira.
COVID-19aren pandemiak espetxeetan sorturiko egoera «negargarria» dela esan du, praktikan Espainiako eta Frantziako estatuek «espetxeak ixtea» erabaki dutelako.
Iurdan Martitegi, bakarturik
Durangoko Sarek Iurdan Martitegi presoaren egoera salatu du. Joan den uztailean sartu zuten Soton, Frantzian 11 urteko zigorra bete ostean. Geroztik «hilabete luzeak» eman ditu bakarturik. Egoera horren ondorioz, arazo handiak izan ditu «bizimodu osasuntsu baterako gutxieneko baldintzak bermatzeko». Martitegi eta bakartze moduluetan dauden gainerako presoak handik ateratzeko eskatu du Sarek. Martitegiz gain, Iñaki Reta eta Marixol Iparragirre daude bakartze moduluetan.
Frantziako Justizia ministroa presoen auziaz aritu da Parisen
Euskal Herriko ordezkaritza bat hartu du Eric Dupond-Morettik. Etxerat-ek dio adostasuna handia dela presoen gaia konpon dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu