EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin zuen atzo, eta egungo eta etorkizuneko kezkak, erronkak eta konpromisoak argitu zituen. Batzarraren ostean, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak agerraldia egin zuen, hainbat hausnarketa plazaratzeko. Otegiren iritziz, Espainiako Estatuan gatazka nazionalak zentralitate politikoa hartuko du, eta, zentzu horretan, «plurinazionalitatea eta erabakitzeko eskubidea» eztabaidaren erdian egongo dira. «Eta Euskal Herriak zer du esateko? Gure ustez, argi eta garbi dago: Hego Euskal Herriak eztabaida horretan parte hartu behar du, eta bere planteamendu propioa egin behar du». Eta gaineratu zuen: «Espekulatzeko tarteak bukatu dira. Proposamen zehatzak egin behar zaizkie herritarrei, eta burujabetza izan behar da bat». Otegiren arabera, bestelako politika publikoak egiteko tresnak behar dira.
Pandemiaren inguruan ere egin zuen gogoeta. EH Bilduk komunitate zientifikoaren irizpideak babesten dituela adierazi zuen, eta azpimarratu osasuna administrazio publikoaren ardura dela.
Klima aldaketa ere izan zuen hizpide. Datu eta txosten larriak daudela esan zuen, eta uda honetan izandako muturreko beroak ekarri zituen gogora, besteak beste. «Egungo kontsumo eta produkzio ereduarekin, bizitza ez da jasangarria izango. Galdera sinplea da: belaunaldi berriei bizitzeko moduko planeta bat utziko diegu?». Nabarmendu zuen horretarako neurriak orain hartu behar direla.
Susperraldi ekonomikoari dagokionez, galdera bota zuen Otegik: «Probestuko dugu klima aldaketari aurre egiteko, berdintasunaren alde egiteko, zaintza eta berdintasuna bermatzeko? Edo, azkenean, berriro elite ekonomikoaren interesak defendatzeko baliatuko dugu?». Susperraldiak orokorra eta integrala izan behar duela adierazi zuen, termino guztietan. EH Bilduren arabera, babes soziala sakondu eta bermatu behar da.
Nazio ikuspuntuaren aldetik, udan izandako hainbat kontu azpimarratu zituen. Olinpiar Jokoak eta gizonezkoen Europako futbol txapelketa jokatu dira aurten, eta Otegik nabarmendu zuen euskal kirolariek ez dutela askatasunik izan erabakitzeko zer selekziorekin jokatu nahi duten. «Gureak behartuta daude Espainiako edo Frantziako selekzioarekin jokatzera. Berdin da zein den haien iritzia edo borondatea. Gurea debekatuta dago».
Azkenik, kezkatuta agertu zen euskararen aurkako erasoekin; baita eraso homofoboekin eta matxistekin ere. «Kezkaz bizi dugu hori guztia, horrek autoritarismoari eta faxismoari ateak irekitzen dizkiolako».
Zentzu horretan, aldarrikapen bat egin zuen EH Bilduk: «Gure identitate nazionala da arriskuan dagoena. Horren aurkako estrategia garbi bat dago, eta hori mahai gainean jarri behar dugu».
«Indartzeko» bidean
Otegik azaldu zuen EH Bildu «gehitze, biderkatze prozesu batean» dagoela: «EH Bildu subiranista, ezkerreko independentista, abertzale guztien esparru amankomun bat da, lanerako». Indar subiranistaren bokazioa zein den ere azaldu zuen: «Proiektu politiko bat du herri honentzat, ezkerretik eta burujabetzatik. Gehitu, indartu eta biderkatu nahi dugu». «Frontea» zabaltzeko nahia plazaratu zuen.
Gainera, Otegik esan zuen EH Bilduren aniztasunak bere «aberastasuna» erakusten duela. Horri erantzunez, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako eta EAko lehendakari ohiaren aldekoek kritika egin zioten, eta adierazi EH Bildu eraikitzen ari den proiektu bat bada prest egon beharko lukeela EArekin koalizio gisa egituratzeko. «Dei egiten dugu enpatia izateko, gure autonomia eta borondatea aitortuta ekarpen handiagoa egiten dugulako iritziarekin».
Nazio gatazkan «planteamendu propioen» alde egingo du EH Bilduk
EH Bilduren Mahai Politikoak urte politikoko lehen bilera egin du, eta erronkak azaldu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu