Koronabirusa

Erabakia «nahitaez» betetzekoa dela azaldu dio Madrilek Urkulluri

Izurriaren kudeaketan «leialtasuna haustea» egotzi dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Denis Itxaso, Markel Olano eta Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, VIVEbiotech bioteknologia enpresaren egoitza berriaren inagurazioan, Donostian. JUAN HERRERO/ EFE.
edurne begiristain
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko ika-mikak ez du baretzeko trazarik. Bi gobernuen arteko polemika asteazken iluntzean piztu zen, Eusko Jaurlaritzak uko egin ziolako Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak gaueko aisialdiari eta ostalaritzari lotuta adostutako neurriak betetzeari besteak beste, 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten erkidegoetan tabernen barnealdea ixtea adostu zuten. Atzo, elkarri mokoka jarraitu zuten bi gobernuetako agintariek, eta koska bat gora egin zuen polemikak. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak abisua igorri zien neurriak betetzeari uko egin dioten erkidegoei, tartean Eusko Jaurlaritza bera: Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan hartutako neurriak errespetatu ezean Espainiako Gobernuak «errespetarazi» egingo dituela esan zien. Haren hitzetan, «nahitaez» bete beharrekoa da han adostutakoa, eta, erkidegoek betetzen ez badute, «betearazi» egingo du gobernuak.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak zain zituen kazetariak atzo Donostian, VIVEbiotech bioteknologia enpresaren egoitza berriaren inaugurazioan, baina adierazpenik ez zuen egin polemikari buruz: «Esan beharreko guztia esanda dago». Herenegun, argi utzi zuen Jaurlaritzak Bizi Berri Planari eutsiko diola, eta, atzo, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin zuen Jaurlaritzaren jarrera. Argitu zuen «desobedientzia» ez dela Urkulluren «estiloa», etaJaurlaritzak beti «leial» jokatu duela Espainiako Gobernuarekin, baina izurriaren kudeaketan Madrilek leialtasuna «hautsi» duela: «Osasuna ezin daiteke aitzakia izan aldebiko harreman hori hankaz gora jartzeko alde bakar batek hala erabaki duelako».

Jaurlaritzako bazkide da PSE-EE, eta piztutako polemika apaltzen saiatu da azken orduetan. Iñigo Andueza Gipuzkoako PSEko buruak atzo adierazi zuen Jaurlaritzak beti jokatu duela «erantzukizunez» eta ez duela espero Urkulluk kontrako jarrera «muturreraino» eramatea. Hala ere, Anduezak gogoratu zuen Lurralde Arteko Kontseiluaren erabakiak bete egin behar direla.

Hala egingo du Nafarroako Gobernuak, Javier Remirez presidenteordeak baieztatu zuenez. Haren esanetan, foru gobernuaren bide orria «bateragarria» da Espainiako Gobernuak duenarekin, eta Nafarroak bere neurriekin uztartuta betearaziko du Madrilek hartutako erabakia.

Kongresuan eskaria

Ikusteko dago polemikak zer tamaina hartzen duen, baina gero eta gehiago dira Espainiako Gobernuaren erabakiaren aurka entzuten diren ahotsak. EH Bildu, ERC, Junts, PDeCAT, CUP eta BNGk Osasun ministroaren presazko agerraldia eskatu zuten atzo Kongresuan, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan hartutako neurrien inguruan azalpenak eman ditzan. Taldeek Osasun Ministerioaren «inposizioa» salatu zuten, bilera horretan hartutakoosasun neurriak «aldebakarrez» onartu zirela iritzita. «Gobernu eta parlamentuetako erabaki demokratikoen aurkako eraso zuzena da», kritikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.