Frantziak gogortu egin ditu migrazio politikak, osasun zerbitzua mugatuz

Migrazioen «kontrola berreskuratzeko» neurri sorta bat aurkeztu du Parisko gobernuak, eskuinaren ohiko aldarrikapen batzuk bere eginda. Migratzaileak onartzeko kuota sistema bat ezarri nahi dute

Frantziako Gobernuko ministerioen arteko bilkura, migrazio politikei buruzko neurriak aurkeztekoa, atzo. DOMINIQUE FAGET / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Segurtasuna bermatzea eta iruzurra eragoztea argudiotzat jarrita, migrazio politikak gogortzeko proposamen sorta bat aurkeztu du Frantziako Gobernuak. Eskuineko sektoreek hauspotuta, migrazioari buruzko eztabaida puri-purian dago Frantzian berriz ere, eta testuinguru horretan iragarri du gobernuak neurri sorta hori. Eskuinaren aldarrikapen batzuk bere egin ditu Emmanuel Macron presidentearen alderdiak; adibidez, asilo eskatzaileen osasun zerbitzua mugatzea eta migratzaileak hartzeko kuotak ezartzea. Ezinegona eragin dute proposamenek Macronen alderdian bertan ere. Ipar Euskal Herrian zuzeneko eragina lukete neurriek, eta bereziki batzuek: muga kontrolak indartu egin nahi ditu Parisek, eta mugako kanporatzeak areagotu. Autoritate kutsuko mezua eman du Edouard Philippe lehen ministroak: «Gure migrazio politiken kontrola berreskuratu behar dugu».

Neurri sortari itzal handia ematen saiatu da gobernua: proposamena bost ministrok aurkeztu zuten atzo, Philippe buru zutela. Neurrietako batzuek lege aldaketak eskatuko dituzte, eta, beraz, parlamentuaren oniritzia beharko dute —ezkerreko taldeak aurka agertu dira jada, eta Macronen alderdian ere badira gorabeherak—. Are, neurriak onartuz gero ere, litekeena da auzitegietan amaitzea.

Bi neurri nabarmendu dituzte. Batetik, osasun arloari dagokiona: egoera irregularrean dauden herritarren zerbitzua mugatzea. Hiru hilabete igaro arte ez lukete jasoko ohiko zerbitzua: larrialdietara soilik jo ahalko lukete. Justifikazio gisa, «osasun turismoa» aipatu du gobernuak: osasun zerbitzuak jasotzeagatik joaten dela jendea Frantziara. Orain urte batzuk, argudio hori erabili zuen Espainiak migratzaileen arreta mugatzeko. Duda handia sortu zuen, bai osasun aldetik —osasun publikoarentzat arriskua da—, bai diruz —larrialdiak garestiagoak dira—.

Kuotei buruzkoa da beste neurri polemikoa: «talentua erakartzeko helburuak zehaztea», gobernuak dioenez. Zera egin nahi dute: urtero aztertu zer langile behar dauden enpresetan, zer arlotakoak, eta horren arabera onartu etorkinak. «Immigrazio profesionala» bultzatzea aipatu dute.

Migratzaileak kanporatzeari buruzko proposamen bat baino gehiago jarri du mahai gainean gobernuak; besteak beste, atxikitze zentro gehiago egitea —Hendaian dauka bat, Lapurdin—, eta mugako kanporatzeak azkartzea. Aurreko hilabeteetan zeresana jarri dute kaleratzeek: iruditan erakutsi dute poliziek nola atxikitzen eta kanporatzen dituzten migratzaileak Lapurdin sartu orduko.

Politikak gogortuta, zentraltasun itxura eman nahi du gobernuak. Philippe: «Oreka topatu dugu eskubideen eta betebeharren artean, herritarrak lasaitzearen eta populismoari hatsa ez ematearen artean, gure balioak defendatzearen eta munduko aldaketen inguruko errealismoaren artean».

Francisco Sanchez Rodriguez: «Gobernuak etorkina bera dauka jomugan, eta ez krisi orokorra»

Iruzurgileak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.