Sra Polaroiska kolektiboak sortutako Alamedako dantzaldia audio performancea oinarri hartuta, izen bereko liburu bat ondu du Eider Perez idazleak (Pasaia Trintxerpe, Gipuzkoa, 1995), hainbat kolaboratzailerekin. Asteartean aurkeztu zuten, Errenteriako (Gipuzkoa) Eztena arte eszenikoen jaialdian.
Zer kontatzen da liburuan?
Alde batetik, Errenteriako kioskoan, Alamedan, Zumardian gertatzen zen dantzaldi historiko horri buruz hitz egin dut. Baina, bestalde, dantza gai unibertsal moduan ere landu nahi nuen. Liburuak hiru marko hartzen ditu: batetik, testuingurua, Sra Polaroiskakoen performancea zer izan zen azaltzea; bigarrenik, Alamedako dantzaldia egiten zeneko kontakizun historiko-politikoaren azalpena; eta, azkenik, fikzioa, aurreko bietatik abiatuta nik sortutako poemak edo proesia.
Egokitze lana baino gehiago, sortze lana izan da orduan?
Bai, ez neukan beste premisarik. Esan zidaten: «Hau da zure abiapuntua, eta hemendik aurrera zuk egin beste zerbait». Gainera, ez zuten horretan oinarritzerik nahi, baizik eta audioa nahi izanez gero erabili eta liburuan beste gauza batzuk jasotzea.
Nola gurutzatzen dira dantza eta historia edo politika?
Dantza politikoa da gorputza politikoa den neurrian; dantzak oso ondo islatzen du politikoa den hori. Alamedako dantzaldira 15etik 18 urtera arteko gazteak joaten ziren; nire aitona, adibidez. Dantzaldian gertatzen zenak oso ondo islatzen du garaia, gune sozial bat zelako, eta soziala halabeharrez politikoarekin lotuta doalako. Zer kanta dantzatzen zituzten edo dantza batzuek zer sona txarra zuten ikusiz, testuinguru konkretu bat azaleratzen da.
Dantza jakin batzuk gaizki ikusiak zeuden, debekuak egon ziren...
Bai, balsa, adibidez, debekatuta egon zen. Dantzaldia desioarekin lotuta zegoen, ligatzera joaten ziren hara, eta elizak, moralak... eragina zuten. Debekuaren gaia oso iradokitzailea da. Adibidez, atal bat Sabino Aranari eskaini diot, esanez, «Sabino, ez dakizu zer galdu zenuen!», edo txistulari bati sekulako isuna jarri ziotela ere jaso dut, bat-batean abestien ordena aldatu eta lotuan dantzatzen zen kanta bat jotzeagatik.
Anekdotaren batek harritu zaitu?
Konturatu naiz hasi baino lehenago erromantizatua neukala dantzaldia, horretan pentsatzean burura etortzen zitzaizkidalako filmetako festak. Kostatu zitzaidan ulertzea bertan oso jende gaztea zegoela, nerabeen elkartze bat zela. Lehen ere mozkortzen ziren, tarteka borrokak egoten zirela esaten dit txantxetan aitonak...
Azken batean, memoria ariketa bat izan da, atzera begiratze bat, baina ez nuen nahi zerbait nostalgikoa izaterik. Ez zaizkit gustatzen lehengo garaiak hobeak zirela dioten esaldiak. Horregatik, lehengoaz gain, orain dantza zer den eta nola bizi dugun ere islatu nahi izan dut.
ATZEKOZ AURRERA. Eider Perez. 'Alamedako dantzaldia' liburuaren idazlea
«Dantzak oso ondo islatzen du politikoa den hori»
Errenteriako dantzaldiari buruzko memoria eta sormen ariketa bat egin du idazleak, Sra Polaroiska kolektiboaren audio ikuskizun batetik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu