ATZEKOZ AURRERA. Erik Berganza, 'Abereh'. Musikaria

«Gustatzen ez zaizkidan gauzei abesten diet»

Berganza bakarlaria bere azken diskoaren birarekin dabil oraindik. Haren arabera, hitzez azaldu ezin dezakeen hori musikarekin «transmititzea» lortzen du abesten duenean.

IÑIGO URIZ / FOKU.
unai etxenausia
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ostegunean, urteko azken kontzertua egingo du Erik Berganza Abereh musikari bakarlariak (Balmaseda, Bizkaia, 1989) Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:30ean. Maiatzean kaleratu zuen Joan-etorrian izeneko azken diskoa, eta oraindik ere biran dabil. Aurretik, Hartzak Blues Band eta Estricalla taldeetan baxu jolea izan da, baina ibilbide propioari ere ekin zion, eta hiru disko kaleratu ditu jada.

Zer dela-eta erabaki zenuen bakarkako ibilbideari ekitea?

Beti aritu izan naiz beste musika estilo bateko taldeetan. Hala ere, duela bost urte sartu zitzaidan gogoa bakarlari gisa proiektu akustiko batekin hasteko. Beraz, besterik gabe, konposatuta neuzkan kanten sorta bat bildu ostean, grabatzea erabaki nuen.

Hiru disko atera dituzu ordutik: ez da gutxi.

Lehenengo diskoa esperimentu bat izan zen niretzat. Betidanik jo izan dut baxua, eta gitarra etxean jotzen nuen bakarrik. Baina, egun batean, erabaki nuen ordura arte nuena argitaratzea, eta, horregatik, lehenengo diskoko abestiak produkzio lanketa askorik gabekoak dira. Gainera, abesten ere ikasi behar izan nuen, eta beldur asko nituen hasieran. Bigarren diskorako gehiago findu nituen kantak. Etxean estudio txiki bat muntatu, eta han grabatu nituen kantak. Hala ere, azken disko hau estudio profesional batean grabatu dut.

Nondik datorkizu kantak idazteko inspirazioa?

Ez dakit oso ondo, baina gustatzen ez zaizkidan gauzei abesten diet normalean. Askotan ez dakit sentitzen dudana hitzez nola azaldu. Beraz, uste dut abesten dudanean lortzen dudala sentitzen dudan guztia transmititzea.

Nola eragin dizu pandemiak bakarlari proiektuan?

Ezin naiteke asko kexatu: bigarren diskoaren kopia guztiak salduak nituen pandemiak harrapatu gintuenerako. Sorkuntzari dagokionez, berriz, sentitzen nuen abesti berriak sortu behar nituela, baina zaila egiten zitzaidan; frustrazioa sentitzen nuen batzuetan, baina ez nintzen asko larritu.

Zer eskaini dezakezu oholtzan?

Umiltasun osoz, baina uste dut ni ikustera datorrenak zintzotasun ariketa bat ikusiko duela. Kantu zintzoak egiten ditudala esango nuke, apaindura askorik gabekoak. Halere, neure barrenetik ateratzen dira, entzuleen barreneraino iristeko asmoz.

Eta zer asmo dituzu datorren urterako?

Joan-etorrian diskoaren aurkezpen birarekin jarraitu nahi dut. Ostegunean, urteko azken kontzertua daukat, Gasteizen, eta gozatu egin nahi dut. Beraz, lasai hartuko dut kontzertu gehiago lotzearena, presio handirik gabe: ziur gehiago aterako zaizkidala. Horregatik, datozen kontzertuak pozarren hartuko ditut, baina, bien bitartean, kanta berriak sortzen jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.