Dentista aritu da erretiroa hartu arte, baina, horrez gainera, hizkuntzaren egitura ikertu du bere kabuz Juan Miguel Munarrizek (Elizondo, Nafarroa, 1948). Horren emaitza Pamielarekin eman du argitara: Euskararen genesiaz.
Euskararen hasierara iritsi zara?
Hasiera-hasieraraino iritsi naiz, eta hara iristean garbi ikusten ahal da nola antolatzen den hizkuntza bat.
Nola ailegatu zara horraino?
Orain arte, jakiteko gizakiak nola hasi ziren hitz egiten, jendeak lehenengo garai horietara jo du. Nik erabaki nuen kontrako norabidea hartzea. Aditz laguntzaileen taularekin hasi nintzen. Hitzak aldatuz joaten dira, baina aditzen antolaketa ez.
Kontrako norabidea nola?
Hizkuntzak aztarnategi gisa hartuta. Goiko geruzetan nahastuta ditugu esaldi berriak eta zaharrak; beraz, geruza hori altxatu baino lehen, jakin behar duzu zein den berria. Subjuntiboari bere ezaugarriak kenduta, indikatibora noa. Menderatuak goiko geruzan baino ez dira agertuko, eta azpian indikatiboa. Geroaldiak ez du laguntzaile propiorik, baina iragan eta orainaldiek bai. Hor ikusten da nola joan ziren osatzen poliki indikatibozko adizkiak. Kentzen duzu Nor-Nori eta Nor-Nori-Nork, eta geratzen zaizkizu naiz/haiz/da. Azkenean, oinarrizko adizkiak geratzen dira.
EMEKI Esaldi Motak Elkarren arteko Kronologia Ikusteko metodoa sortu eta erabili duzu. Nola?
Hizkuntza aztarnategia bada, badituzu geruzak eta kotak. Alegiazko esaldiak izan daitezke kota bat: adizki horiek erakusten dute iragana asmatua zutela. Alegiazkoa baztertuta, indikatiboan sartzen zara; beraz, ba- aurrizkia asmatzerako indikatiboa antolatua behar duzu izan. Oinarrizko adizkiak kronologikoki zerrendan kokatzean, azken kota da adizkia izan zen.
Nolatan erabili duzu metodoa?
Aditz taula eskuetan, segituan konturatu nintzen aztarnategi baten aurrean nengoela. Inoiz ez da horrelako prozedurarik erabili horrelako azterketa bat egiteko. Beti hitzak, metodo konparatiboak eta lexiko estatistikoak. Hizkuntza guztiak hizkuntza batetik datozela uste dutenez, saiatzen dira hitz zaharrenak fonetikaren bitartez ikertzen. Ni ez nago ados horrekin. Euskara gizon-emakumeek zerotik asmatutakoa dela uste dut.
Beste ikerlariek onartuko dute?
Garbi ikusten dut osagarri direla. Linea ofizialean egiten dutena ona da, eta beharrezkoa. Baina hitzik zaharrenak ez nituen aurkitu han. Uste dut haiek ere poliki-poliki onartu beharko dutela nirea. Eta nire akatsak zuzendu ditzatela. Nik uste dut ez dugula gaizki ibili behar gure artean. Eroso nago bi lerrotan.
Zein duzu hurrengo ikerketa?
Nola hasi ziren izakiak gizaki bihurtzen. Darwinek esan zigun gizakiaren eta hizkuntzaren agerpena azaltzeko ez zela mirariez hitz egin behar, posible zela poliki-poliki agertu izana. Guk, aztarnaz beterik dugu aditza hori baieztatzeko.
ATZEKOZ AURRERA. Juan Miguel Munarriz. Hizkuntzalaritzaren zalea
«Hitzak aldatuz joaten dira; aditzen antolaketa, ez»
Munarrizek aditz taularekin ikertu du euskararen egitura, berak sortutako metodoaren bidez. Esan duenez, hizkuntza aztarnategi baten gisakoa da, eta geruzetan behera eginda iristen da sorburura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu