ATZEKOZ AURRERA. Jose Inazio Elias. Txistularia

«Presentzia galtzen ari da txistua kalean»

Txisturako mila pieza baino gehiago grabatu ditu bere kabuz Eliasek, eta Youtuben dauzka, partitura eta guzti. Isileko lana da. Pasioz bizi du musika, eta etsipenez instrumentu horren gainbehera.

GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Zarautz
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Musikarik gabeko Musikaren plazan, txistulari bat kioskoan: Jose Inazio Elias (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951). Danbolina eta txistua hartuta agertu da, nola bestela. Berak jartzen du doinua: pieza bakoitzari ahapetik kantatzen dio nota segida bat.

Txisturako mila pieza asko dira.

Eta gelditzen direnak, gehiago. Txistulari elkarteak atera zuen CD bat daukat, eta han 4.800 agertzen dira.

Nondik nora hasi zinen?

Badut lagun min bat Jean Marc Lempegnat izena duena. Okzitaniarra da, Pauetik gertukoa. Biolina jotzen du, eta txirula ere bai. Pantxoa eta Peiorekin etorri zen Euskal Herrira. Nik banuen harremana Pantxoarekin, eta hark aurkeztu zidan. Musikariak izanda, segituan egin genuen harremana. Uda batean, bere etxera gonbidatu gintuen. Han bazuen grabagailu bat, eta eskaini zidan zerbait grabatzea. Ni beti joaten naiz tokietara txistuarekin eta danbolinarekin. Agurra grabatu nuen, eta CD batean eman zidan. Gustatu zitzaidan.

Eta zuk zeurea nahi.

Esan zidan zenbat balio zuen, eta erosi nuen grabagailua, erosi nuen memoria, eta erosi nituen bi mikrofono on. Hona ekarri, eta probak egiten hasi nintzen. Beste asmorik gabe.

Eta Youtuberako jauzia?

Oso gutxi ulertzen dut nik kontu horiez, baina badut lagun bat, Juanma Pagadizabal, eta aipatu zidan berak bazuela kanal bat Zesteronekua izenekoa, eta lagunduko zidala.

Egunero grabatzen dituzu?

09:30-10:00ak inguruan hasten naiz, bizilagunak lo egoten direlako oraindik. Emaztea oso haserre daukat horrekin. Lehen, egunero aritzen nintzen, baina orain, ez. Alabak ere [Iraia Elias aktoreak] errieta egin zidan: «Amarekin egon naiz, eta, aita, ez da normala egunero horrela aritzea. Pentsatu beharko duzu zerbait». Eta astean behin grabatzea hitzartu genuen, baina, askotan, egun berean bi edo hiru grabatzen ditut [barrez].

Norekin ikasitakoa zara?

Andoni Albizurik erakutsi zidan, Azpeitian. Oargi dantza taldearekin-eta aritzen ginen. Mendirako zaletasun ikaragarria zegoen orduan, egunpasak egitera joaten ginen Urbiara, Xoxotera... Bi pieza jakinda joaten zinen egun-pasa, eta buruan beste bost zenituela bueltatzen zinen.

Hori galdu egin da?

Lehen, ospakizun garrantzitsu bakoitzean egoten zen txistua. Ulertzen dut niri ikaragarri gustatzen zaidala, eta ia egunero entzungo nukeela, baina irratietan-eta haren falta sumatzen dut. Jende gaztea musika ikasten hasten da eskolan, baina gero irteerarik gabe gelditzen da. Kontserbatorioan ikasten duenak sekulako maila lortzen du, baina gero txistulari horiek kalean ez dituzu entzuten. Txistua kaleko presentzia hori galtzen ari dela iruditzen zait.

Etorkizuna, orduan?

Ez dut oso garbi ikusten. Ez du lehen eduki zuen indar hura. Zarautzen, lehen, etxe guztietan zegoen txistu bat, edo bi. Horiek denak desagertu egin dira. Orain, urtean behin irteten da jendea euskal jaietan, Segurako alborada jotzen dute, hamaiketakoa egin, eta akabo.

Baduzu bereziki gogoan gelditu zaizun emanaldiren bat?

Imanol Urbietaren hiletakoa. Hil baino bi urte lehenago egon ginen Aizarnan ekitaldi batean elkarrekin, eta Manuel Turrillasen A mi tierra vasca jo nuen. Amaitu nuenean, Imanolek esan zidan: «Ni hiltzen naizenean, hau jo behar didak». Eta jo nuen hil zenean; oso berezia izan zen, baina ez zen batere erraza izan niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.