Arabako herri txikietan murgildu dira azken hilabeteetan Sergio Azkarate (Gasteiz, 1994) eta Itziar Hormilla (Gasteiz, 1994). Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak deitutako Batera deialdiaren irabazleen artean daude, eta herri txikien egoerari buruzko Erroak dokumentala grabatu dute hark emandako laguntzari esker. Hala ere, falta zen dirua biltzeko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri zuten martxan. Dokumentala proiektatuko dute gaur, 20:00etan, Oihanederren bertan.
Nola sortu zen dokumentala grabatzeko ideia?
SERGIO AZKARATE: Ohartu ginen azken urteotan hedabideetan agertzen hasi zen hustutako Espainia delako hori ez zela Espainian soilik gertatzen, baita hemen ere. Araban, esaterako, Mendialdean eta Añanan.
Zein da herri horien egoera?
S.A.:Araban jada hamar herri inguru daude bi biztanle soilik dituztenak. Eta hamar biztanletik behera dituzten herriak ere beste asko dira.
Herri bakoitza mundu bat da. Esaterako, Nograron egin ditugu grabaketak, eta han zortzi biztanle dira. Alboko herrian, Gaubean, berriz, ehun pasa dira, baina gero neguan 50 pertsona inguru baino ez dira geratzen.
Turismoak zer-nolako eragina dauka?
ITZIAR HORMILLA: Aurten, Korresen turista asko egon dira udan, pandemiak ere eragin nabarmena izan duelako eta orain jende gehiagok herrietara joan nahi duelako.
S.A.: Landa eremuaren erromantizazio bat izan da hor. Hirian lau pareten artean preso ikusi dute bere burua askok, eta herrietara joatea erabaki dute, naturaz inguratuta egoteko. Baina, noski, gero hor geratu behar duzu urte osoan bizitzen.
Turismoa bultzatzeko ahaleginak egin izan dituzte instituzioek.
S.A.: Bai, turismoa asko bultzatu da, baina masa turismo horrek herri txiki horien esplotazioa dakar, eta herritarren benetako beharrak ez dituzte kontuan hartzen.
I.H.: Gainera, goi mailako turismoa da, ez da denontzakoa.
Zeintzuk dira despopulazioaren ondorioak?
S.A.: Politikan arazoari erantzuteko gogo falta, zerbitzuen zaintza falta... Zerbitzu gutxi dago herrietan, pertsona gutxi daudelako. Orduan, ez dago eskaerarik hobekuntzak egiteko.
I.H.: Baliabide gehienak hirira bideratzen dira, eta herrietan ez da sustatzen, adibidez, dendak irekitzea. Azkenean, herri asko lo egiteko herri bihurtzen dira. Jendeak eguna hirian igarotzen du, eta lo egitera bakarrik bueltatzen da herrira.
«Erresistentzia puntu» moduan definitu dituzue herri txiki horiek.
S.A.: Bai. Gaur egun bizi dugun kapitalismo berantiarrean industria eremuak geroz eta beteago daude, eta landa eremua, geroz eta mekanizatuago. Ondorioz, urtero jende gutxiago behar da landan lanean. Dokumentalean bi emakumek aipatzen duten bezala, drone batekin zaindu ditzakezu abelburuak orain. Horrek landa eremua hustea ekarri du, eta hor geratzen den jendeak tinko eusten dio horri, kapitalismoarekiko nolabaiteko erresistentzia erakusten du.
ATZEKOZ AURRERA. Sergio Azkarate eta Itziar Hormilla. 'Erroak' dokumentalaren egileak
«Erresistentzia gune bat dira herri txikiak»
'Erroak' dokumentala aurkeztu dute Azkaratek eta Hormillak, beste kide batzuekin batera. Araban hutsik gelditzen ari diren herrien egoera eta arazoak ikusarazi nahi dituzte haren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu