SERIEA Baskoien atzetik azterka (eta VI).

Arkeologia da esperantza

Adituei «oso inportantea» iruditu zaie Irulegiko Eskuaren aurkikuntza. Arkeologiak halako informazio berriak sortzeko ahalmena duela nabarmendu dute. Baina horrek denbora, babesa eta baliabideak exijitzen ditu.

Zalduako hiri erromatarreko indusketak, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
mikel p ansa
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
«Nire ustez, lehenaldia ez da existitzen. Existitzen da oraina. Orainaldia da beti inportanteena. Eta azaldu behar dena da gaurko egoera». Mertxe Urteagak, Gipuzkoako Diputazioko arkeologoak, ez du zalantzarik zeinentzat ari diren lanean arkeologo eta historialariak: oraingo jendeei ari dira hizketan. Eta oraingo nortasuna azaldu nahi bada, iraganera begiratu behar da, baina kontuz, gaurko antiojoek ordukoa desitxuratu gabe. Nolanahi ere, «hurbilketa» hori egiteko tresnak eta informazioa hobetzen ari dira denborarekin.

Eta oraindik galdera asko daude Burdin Aroari buruz, baina arkeologiak soilik erantzungo ditu, inork erantzutekotan. Jokin Lanz Nafarroako Unibertsitateko Publikoko Historia irakasleak argi esan du: «Iturri literario berririk ez da sortuko. Indusketa arkeologikoetan dago esperantza. Oso poliki goaz, baina urtez urte sortzen dira gauzatxo berriak, eta osatzen doa iraganaz dakiguna».

Urteagak ideia hori indartu du: «Erroma Nartzisoren begiak dira, eta haietan islatzen da euskal historia. Haien idatzietatik jaso ditugu gure lehendabiziko aipamenak, eta erromatarrei esker sartu ginen historian, idatzietan». Idatzitako testu horiek eman dezaketen informazioa agortuta dago, ordea, «ze daude hamaika buelta emanda eta irakurrita; baina arkeologiak posible du informazio berria sortzea». Arkeologia da informazio berria lortzeko esperantza, beraz, Irulegiko Eskuarekin (Aranguren, Nafarroa) ikusi den bezala. «Txiripaz gertatzen dira horrelakoak, eta gertatu da. Iparrorratza jarri du, nondik egin behar diren hurrengo ikerketak, batez ere filologiaren esparruan. Oso inportantea iruditu zait».

Ikusi gehiago:Baskoien atzetik azterka (I). Aro bat itzalean

Urtez urte, poliki bada ere etsi gabe, arkeologoek datu berriekin argitzen dituzte iraganaren putzu beltzak. Alde horretatik, Irulegiko Eskuak «sekulako garrantzia» daukala uste du Lanzek. Filologoen artean, euskararen egitura ikertzeko «sekulako ekarpena» izango dela iruditzen zaio, esaterako. «Erakusten digu gutxienez baskoien lurraldearen parte batean antzinako euskara edo hizkuntza baskonikoa hitz egiten zela. Bagenekien. Baina honek berretsi egin du. Eta adierazten du hizkuntza erabiltzen zela, ez soilik eliteen artean, baizik eta herri xehearen artean ere». Bestalde, Irulegiko Eskuak adieraziko luke idazkera uste baino ohikoagoa zela baskoien artean ere. «Esaten zen idazkera eliteen kontua zela, edo kanpotik inposatua izan zela, eta kasu honetan ikusten dugu idazketak egunerokotasunean ere garrantzia zuela».

Bolunburuko kastroa, Zallan. BERRIA


«Zorte handia izan da»

Javier Armendariz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Historiaurre, Antzinako Historia eta Arkeologia irakasleak zehaztu du arkeologoen lana ez dela, berez, piezak bilatzea, baizik eta emaitzak, informazioa, aurkitzea; eta batzuetan piezarik aurkitu gabe ere lortzen da informazioa. «Oso ogibide sakrifikatua da arkeologia, eta ez dira askotan suertatzen halakoak». Ñabardura eginda, ordea, ez du zalantzarik: «Irulegikoa bezala kontserbatutako zerbait topatzea oso zaila da. Aurkikuntza ezohikoa izan da. Pieza berezia da, eta zorte handia izan da aurkitzea».

Irulegiko Eskuaren aurretik, baskonikoaren edo akitanieraren erreferentzia ezagunak Kristo ondorengo I. mendekoak ziren: «Aurkikuntza honek berdindu egiten ditu baskoien hiriak eta penintsulako garai hartako beste hiri batzuk. Lurraldearen antolaketan, kultura materialean, hirigintzan... ikusten ari ginen lehendik ere [parean zeudela]. Esaterako, Irulegiko eliteek ere erabiltzen zuten etxerako ontziteria fina, Italiako Kanpaniatik inportatua. Eta orain ikusi dugu euren hizkuntzan idazteko signario iberikoa erabiltzen zutela». Urte askoan pentsatu baita agrafoak zirela baskoiak. Iberiarren testu idatzi ugari aurkitu izan dira, aldiz —nahiz eta ezin dituzten deszifratu—, baina baskoienik ez, aldareetako eta txanponetako toponimo eta izen solteez aparte.

Xabier Peñalver arkeologoak ere nabarmendu du halako pieza bat aurkitzeko zailtasuna: «Irulegi berez abandonatu izan balute [herri gotortu asko hustu ziren bezala], pieza hori zaku batean sartu, eta eraman egingo zuketen». Baina erromatarrek txikitu egin zuten herria; eta suntsiketa horrek salbatu du pieza. Lanzek erantsi du orduko brontzezko piezak aurkitzea ere zaila dela, bestela ere: «Horrelako materialek irautea zaila da, brontzezko piezak urtu eta berrerabili egiten zituztelako eskasia garaietan».

Gainera, errituak, kulturak, hizkuntzak... dokumentatzea oso zaila dela ohartarazi du Peñalverrek. Errazagoa da materialak dokumentatzea: buztinezko ontzi bat, burdinazko igitai bat, erromatarren oinetakoen iltzeak. Baina nola egiaztatu eta dokumentatu herri batean zer hizkuntza hitz egiten zen, edo zertan sinisten zuten? «Euskal Herriaren hizkuntza Erdi Aroko liburu ertzeko ohar batzuetatik Kristo aurreko milurtekora eraman da. Transzendentzia handia du. Zorioneko gaude: bizirik dagoen Europako hizkuntza baten dokumentaziorik zaharrena da. Ez dakit askoz atzerago joan ahalko dugun».

Arrolagune, Maruelezako herri harresituaren interpretazio gunea. ARRATZUKO UDALA


Kulturen trukeak

Irulegiko Eskuko hitzak idazteko zeinuteria iberikoa erabiltzeak ez ditu harritu adituak; baskoiek irarritako txanponetan ere signario iberikoa erabili zuten. Gainera, 1980ko hamarkadan, altxor bilatzaileek Irulegi inguruan beste pieza bat aurkitu zutela gogorarazi du Armendarizek; Arangurengo Brontzea esaten diote. «Irulegiko Eskuaren oso antzeko pieza bat da, baina ez da igual-iguala; brontzezko xafla bat da hori ere, sei lerro ditu idatzita, silabario iberikoarekin, eta idazketa sistema berarekin, punteatuta. Baina xafla hori bi aldeetatik dago idatzia, Irulegiko Eskua ez bezala, eta silaba solteak ikusten dira; ez dute deszifratu, eta oso egoera kaskarrean zegoen pieza». Zaragozako museoan (Espainia) dute.

Ikusitakoak ikusita, Armendarizek uste du baskoiek bazutela harreman kultural bat iberiarrekin, erromatarrak iritsi aurretik ere. «Begira, Castejonen [Nafarroa], hilobi batean, kakalardo figura egiptoar batzuk agertu ziren. Ekarpen kultural handiak heltzen ziren Ebrotik barrena, ekialdetik. Eta aspalditik eta urrundik, gainera. Lurralde hauetan oso panorama iragazkorra zegoen, eragin asko nahasten ziren». Castejongo herrixka harresitua zeltiberiarrena zen, eta Kristo aurreko V. mendekoa zen hilobi hori.

Eskuaren sinbologiari arreta eman diote Lanzek eta Armendarizek. «Orain arte, Iberiako penintsulan horrelako ikur gutxi aurkitu dira», Lanzen esanetan. «Eskuen erabilera sinbolikoa baskoien lurraz harago doa», erantsi du Armendarizek. Puyalcalako (Alcubierre, Huesca, Espainia) herrixka iberiarrean aurkitu zuten Irulegikoaren estiloko esku apotropaiko bat, zulo batekin hori ere, zintzilikatzeko; baina berunezkoa zen eskua, ez brontzezkoa; eta ez zuen idatzirik ezer.

Ez hori bakarrik. Teruelen (El Palauko nekropolian; Alcañiz, Espainia), gerlari iberiar baten hilarria aurkitu zutela oroitu du Armendarizek. Irulegikoaren antzeko esku bat du taillatua, harrian. «Oso hilarri dotorea da. Orain arte uste izan da moztutako esku bat zela, baina berriz pentsatu beharko da horri buruz. Beharbada hilobia zaintzeko sinbolo bat zen».

Irulegiko herrixka harresituko induskatze lanak, airetik hartuta. Bi etxebizitzaren oinak ikusten dira, eta puntu gorriak markatzen du brontzezko eskua topatu zuten lekua. NAFARROAKO GOBERNUA


Aztarnategi ahaltsua

Irulegiko indusketa ez dela bukatu gogorarazi du Lanzek. Uste du gauza gehiago ager daitezkeela. Edo Irulegin ez bada, beste nonbait, dozenaka herrixka harresitu daudelako. «Ez dira guztiak ikertu, eta ez dakigu momentu berean populatuta egon ote ziren ere; askotan zundaketak bakarrik egin dira, eta ez dakigu askoz gehiago».

Irulegiko aztarnategiaren garrantzia nabarmendu du Armendarizek ere. Orain induskatzen ari diren herrixkaren azpian agertu dira zeramika zati zaharragoak. «Irulegin, beraz, atzerago ere joan liteke denboran». Aurrera begira, horrelako aztarnategiak aukeratu behar direla uste du. «Arkeologia estratigrafia da. Eta Irulegin sekuentzia estratigrafiko luze bat dago. Horren antzeko lekuak ikertzea hobetsi beharko litzateke. Baina aukera eta aztarnategi asko daude, eta kontua ez da induskatzeagatik induskatzea: ikerketa programa zehatz eta koherente bat behar da, interes zientifikoen printzipioei lotuta, indusketa batean sartzeko».

Gaur egun, Burdin Aroko hiru herri gotortu ari dira induskatzen: Babiokoa (Araba), Basagaingoa (Gipuzkoa) eta Irulegikoa (Nafarroa). Aranzadi dago hiru proiektu horien atzean. Armendariz eta haren taldea, berriz, La Custodia ikertzen ari dira, Vianan (Nafarroa). Kastro handi bat zen, hamabost hektareakoa, eta erromatarrek suntsitu zuten. Orain, lurra pribatua da, eta luzaroan laborantzarako erabili dute. «Zailtasun batzuk ditu, eta ikertzen ari gara nola dagoen». Ez dira induskatzen hasi; asmoa da proiektu bat sortzea eta, horrekin batera, aztarnategia babesteko proiektu bat egitea. «Ez bada kontserbatzen, ezingo da ezer ikertu. Ondarea babestea da lehenengo kontua: sakratua da hori».

Burdin Aroaren ikerkuntzak urrats asko egin ditu Araban eta Nafarroan, baina 1940ko hamarkadara arte ia ez zen aztertu garai hori. 1960ko hamarkadatik aurrera hasi ziren Arabako Arkeologia Institutua eta Nafarroako Gobernua plan sistematikoagoekin lanean; Ipar Euskal Herrian ere orduan hasi ziren lehen ikerketa xumeak. 1980ko hamarkadatik aurrera, berriz, Luis Valdes hasi zen Bizkaiko kastroetan lanean, eta Xabier Peñalver eta Carlos Olaetxea Gipuzkoakoetan. Garai hartan hasi zen Urteaga Arditurriko meatzeetan (Oiartzun, Gipuzkoa), eta baita Armendariz ere —aritu zen Iruntxurren lanean, Peñalverrekin; gero Nafarroan jarraitu zuen—. Azken urteotan, ezagutza zabalduz joan da, eta arkeologo belaunaldi berri bat lotu zaio Burdin Aroa ikertzeari.

Las Eretas herrixkan berreskuratutako Burdin Aroko bi labe. BERRIA


Presarik gabe; etenik gabe

Armendarizek gogoratu du 2010eko hamarkadan geldialdi bat izan zutela arkeologia lanek, «krisiagatik eta». Orain berriro mugitzen hasi da. «Baina kontuz. Sir Mortimer Wheeler arkeologoaren esana gogorarazten diet nire ikasleei: 'Gutxi induskatu behar da, eta ongi'. Eta hori ari gara egiten orain». Armendarizek uste du Burdin Aroaren garai zaharrenak nahikoa ikertu direla, eta Alto de la Cruz (Cortes, Nafarroa) eta Las Eretas (Berbintzana, Nafarroa) herri gotortuak aipatu ditu horren adibide gisa. «Burdin Aroaren azken aldia ikertu behar da orain, nire ustez. Baina oso fin josi behar da. Proiektu bakoitzak erantzun behar dio interes bati, helburu bati. Ez naiz presen zale. Ezta Irulegin ere. Eta bide hori fin egiten bada, aurkikuntzak etorriko dira».

Pazientziaren garrantzia nabarmendu du Peñalverrek ere: «Lurra mugitzen badugu agertuko dira gauzak. Gure esku dago. Baina lurra mugitzeko denbora hartu behar da. 'Basagainen 27 urte daramatzazue induskatzen?', esaten didate batzuetan. Kontu egin dilista txiki baten tamainako beirazko piezak aurkitu ditugula. Azkar induskatzen baduzu, aztarnategia hondatzeko arriskua duzu. Denbora behar da. Eta zenbat eta gehiago ekin, orduan eta gehiago ezagutuko duzu. Eta zenbat eta gehiago inbertitu dirutan —denbora eta ekipoak sortzen—, orduan eta maizago edukiko dituzu Irulegikoa bezalako sorpresak».

La Hoyako Burdin Aroko herrixkaren interpretazio gunea. Irudian, Burdin Aroko etxe baten erreplika. ENDIKA PORTILLO / FOKU


Erronkak eta aurrerapenak

Arkeologiak eta haren inguruko zientziek azkeneko hamarkadan «jauzi handi bat» egin dutela uste du Urteagak. Genetikan, esaterako: «Genetikak aldatuko du gure ikuspuntua goitik behera. Orain badakigu Paleolito garaiko leinuak ez zirela hemen geldirik egon, joan zirela Europa iparraldera, eta hona iritsi ziren hutsune hori bete zuten beste leinu batzuk. Genetikak erakutsi digu hori». Tresneria ere asko garatu da: eskanerrak, LIDAR sistema, miaketa geofisikoak... Horregatik, garai batean induskatutako aztarnategietan aurkitutako materialak berraztertzen ari dira zenbait sailetan, aztarna zaharrei informazio berria atera nahian.

Hemendik aurrera, arkeologoek «sare bat eta babesa» behar dituztela uste du Urteagak. «Hori da gabeziarik handiena». Arkeologiaren eta arkeologoen oinarrizko sare hori ugaldu behar da, eta «xake partida» epe ertainera planifikatu. Eta helburuak ongi zehaztu. Bat datoz adituak ideia horietan. Armendarizek gehitu du, aztarnategiak induskatzeko lanean itsutu gabe ere, «baliabide publikoetan» jarri beharko litzatekeela arreta: «Ikerketa, kudeaketa eta kontserbazio politikak; funtsezkoak dira». Nafarroako Gobernua arlo horretan egiten ari den lana goraipatu du.

Hezkuntzan eta dibulgazioan sumatzen du hutsune handia Urteagak. Gogoan du, 1993an , Irungo portu erromatarra induskatzen ari zirela, eskola bateko gaztetxoak joan zitzaizkiela bisitan, eta nola ikasleek kontra egin zioten: «Ez, ez, irakasleak esan digu erromatarrak ez zirela inoiz hemen egon». Builaka hasi zitzaizkien arkeologoei: «Ez ziren egon!». Arkeologiak mito eta uste oker asko zuzendu ditu azken hamarkadetan. Baina lan asko dago egiteko oraindik, Urteagak dioenez. «Dena gelditzen da ikertzeko».

 

Ezkerretik eskuinera: Irulegiko Eskua; Huescan aurkitutako beste esku bat, herri iberiar batean —ez zuen testu idatzirik—; eta Irulegin aurkitutako xafla baten bi aldeak, signario iberiarrarekin. BERRIA

Euskararen aztarnen atzetik



Euskara idatziaren lehen arrastoak X. edo XI. mendekoak dira. Susoko monasterioan aurkitu zituzten, Donemiliaga Kukulan (Errioxa, Espainia), mila glosaren artean: «Izioqui dugu» eta «Guec ajutu ez dugu». Hortik atzera, mila urteko zuloa: Irulegiko Eskua aurkitu arte ezagutzen ziren arrasto zaharrenak Kristo ondorengo I. mendekoak ziren. Akitanian topatu zituzten: hildakoentzako ehunka hilarri eta dibinitateentzako dozenaka aldare.

Akitanieraren arrastotzat jo dira horietan topatutakoak. Esaterako, pertsona izenok: Cison, Andere, Sembe, Nescato. Animalia izenetatik eratorriak dira beste izen propio batzuk: Asto-ilunno, Harsi, Oxson. Zuhaitz izenetatik, beste batzuk: [H]arexo eta Arexoni, Artehe eta Artahe, Leherenn. Belex izena ere ageri da. Dibinitate izenetan, Bai-gorixo, Iluni eta Ilunni agertzen dira, adibidez. Latinez idatzi ziren horiek guztiak, eta Kristo ondorengo I. eta III. mendeen artekoak dira; Erromako kulturaren parte ziren halako aldare eta hilarriak.

Akitania ekialdean aurkitu dituzte gehienak, Garona ibaiaren arroan eta Pirinioen erdialdean. Akitania mendebaldean, aldiz, apenas agertu den halakorik.

Pirinioen hegoaldera, Nafarroan agertu dira euskararekin loturaren bat izan dezaketen izen propioak, Iruñerrian batez ere. Eta izen horietako batzuek harremana dute akitanierazko izenekin. Akitaniakoen garai bereko aldare eta hilarrietan topatu da, latinez idatziak hori ere, Umme Sahar (Lergan) izen propioa. Eta Errensae (Larragan), Larrahi (Mendigorrian), Losae (Leraten), Selatse (Barbarinen) eta Itsacurrinne (Oltzan) dibinitate izenak. Akitanierarekin lotura izan dezaketela uste da.

Baina zeltiberierazko eta iberierazko izenak ere aurkitu izan dira Nafarroan. Eta Akitaniako hilerrietan badira jatorri galiarreko eta indoeuroparreko izenak ere. Latina, bestalde. Testuinguru eleaniztunak iradokitzen ditu horrek guztiak, beraz.

Beste lurraldeetan ere agertu dira era horretako hilarriren batzuk, baina Soriako (Espainia) hilarri eta aldare multzoak deitu du arreta azken urteetan. Tierras Altas aldean aurkitutakoetan, Antestius Sesenco delako bati eskainitako hilarri bat dago, zezen bat taillatua duena. Onso, Agirseno eta Velar-thar izenak ere agertu dira horietan.

Ascoliko brontzea ere deigarria da. Italian, Kristo aurreko 91. eta 88. urteen artean Aliatuen Gerran ibilitako zalditeria bateko kideei erromatar hiritartasuna aitortzen die brontze horrek. Zaragoza —Salduie, garai hartan— aldean errekrutatu zituzten zaldun horiek, eta gehienak iberiarrak ziren arren, baskoiren batzuk ere izango ziren tartean: Enneges bat eta Arbiscar-en seme Arranes agertzen dira zerrenda horretan.

Bada horiek baino lehenagoko beste testu idatzi bat, Andeloko jauregi erromatar batean aurkitutako lurreko mosaiko batean: likine : abulo?aune : ekien : bilbilia?s. Adituek eztabaidan jarraitzen dute, zein hizkuntza ote den. Eta Irulegin topatutako beste brontze xafla bat ere bada, Irulegiko Eskuaren antzekoa eta signario iberikoa idatzia duena, baina bi aldeetatik. Zati bat bakarrik topatu zuten —1985ean, altxor bilatzaile batzuek—, oso hondatua dago, eta ez da posible irakurtzea zer jartzen zuen.

Horiez aparte, toponimoak daude. Wilhelm von Humboldt hizkuntzalariak arreta jarri zuen Pirinioen bi aldeetan errepikatzen ziren toponimoetan. Esaterako, Calagorris (Saint Mantory, Okzitania; eta Errioxa, Espainia); Elimberrum (Auch, Okzitania; eta Irunberri, Nafarroa); Iluro (Oloroe, Okzitania; eta Mataro, Herrialde Katalanak).

Baina horiek guztiak izenak dira. Eta Irulegiko Eskuak esaldi batean kokatutako hitz bat ekarri du orain, aurreneko aldiz, Donemiliagako bi esaldi horietatik mila urte atzerago.

 

Henaioko kastroan berreraiki dute etxola hau. BERRIA

Gehiago ikasteko hamar aukera



Burdin Aroko aztarnategi gehienak herri txikien inguruetan daude, eta ez dituzte baliabide asko izaten, baina haietan aurkitutako aztarnak ezagutu nahi izanez gero, badira aukera batzuk:

La Hoyako aztarnategia (Guardia, Araba). Herrixka harresitua zena bisitatu liteke. Erakusketa bat ere badu inguruan, eta Burdin Aroko etxeen erreplika bat ere ikus liteke. Doan da sarrera. Informazio gehiago: 945-62 11 22.

Bibat museoa (Gasteiz). Historiaurreko, Burdin Aroko eta erromatarren garaiko aztarna mordoxka bat du erakusketa iraunkorrean, herrialdean aurkitutakoak. Informazio gehiago: 945-20 37 00.

Henaioko kastroa (Dulantzi, Araba). Herri gotortua ikus liteke, bertatik bertara. Burdin Aro hasierako etxebizitzen hondarrak aurkitu zituzten han, eta etxola pare bat berreraiki dute. Lekuan bertan bisitatu litezke, doan. Udarako bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Informazio gehiago: 945-30 29 31.

Castejon Garaiko kastroa (Navaridas, Araba). Herrian bertan interpretazio gune bat jarri zuten, eta herri harresitua ere bisitatu liteke. Informazio gehiago: 945-60 50 53.

Kastroen ibilbidea (Araba). Lau kastro bisitatzeko gida txiki bat atera zuten Arabako Mendialdean, Arabako Arkeologia Institutuaren laguntzarekin. Horma (Santikurutze Kanpezutik), Cividad (Angostinatik), El Muro (Urbisutik) eta Trincheras de los Moros (Durruma Kanpezutik) kastroetara igotzeko markak jarri dituzte.

Las Eretas herrixka harresitua (Berbintzana, Nafarroa). Aztarnategia bera bisitatu liteke, eta aldamenean du interpretazio gune bat, asteburuetan irekitzen dutena. Burdin Aroan sortu eta garatu zen herrixka, eta aro horren kontakizun osoa egiten du interpretazio guneak, herriaren bilakaera ere azalduz. Bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Informazio gehiago: 948-72 21 76.

Nafarroako Museoa (Iruñea). Herrialdean aurkitutako Burdin Aroko eta historiaurreko zenbait pieza ikusgai daude erakusketa iraunkorrean. Informazio gehiago: 848-42 64 92.

Oiasso museoa (Irun, Gipuzkoa). Gipuzkoako Burdin Aroko aztarnategietan erorita daude harresiak, eta ez da aro horri buruzko interpretazio gunerik edo atal berezirik museoetan. Baina joan liteke Oiasso museora; erromatarren garaiari buruzkoa den arren, aurreko garaiko informazioa ere ematen du. Ohiko sarrerak 6,25 euro balio du, baina badira deskontuak ere. Informazio gehiago: 943-63 93 53.

Maruelezako herri gotortua (Arrolako gaina, Arratzu, Bizkaia). Harresiak berreraiki zituzten, eta etxebizitza batzuen oinarriak bistaratu ere bai. Herrian interpretazio gune bat ere bada, Arrolagune, zeinean Burdin Aroko etxola baten erreplika ere ikus bailiteke. Igande goizetan irekitzen dute gune hori, eta igande batzuetan ibilaldi gidatuak ere antolatzen dituzte. Informazio gehiago: 94-625 06 06. Maruelezatik kilometro eskasera daude Gaztiburuko biltokiaren aztarnak.

Bilboko Arkeologia museoa. Burdin Aroari buruzko pieza batzuk baditu erakusketa iraunkorrean, eta historiaurreko pieza batzuk ere bai. Informazio gehiago: 94-404 09 90.

Bolunburuko kastroa (Zalla, Bizkaia). Herriaren harresien zati batzuk ikusgai daude, Pico el Cerco tontorrean. Bisita gidatuak antolatzeko aukera ematen dute. Informazio gehiago: 946-80 29 76.

 

Serie honetako beste artikuluak



I. Aro bat itzalean

II. Kultura bat, bertsio asko

III. Zer bizimodu Burdin Aroan

IV. Konkistaren trazak

V. Erromaren gerizpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.