Ezberdin ikusten da film bat aktoreen eta zuzendariaren begietatik. Begirada leku ezberdinetan jartzen du bakoitzak, osotasunean batak, interpretazioan bertzeak. Zer esanik ez, aktore gisa lehen zinema lana baldin bada. Lukas Hiriartek eta Saia Hiriartek Eugene Greenen Atarrabi eta Mikelats filmean eman dute pantaila handirako jauzia.
Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka, Atarrabiren eta Mikelatsen bizitza zinemaratu du Greenek. Atarrabi eta Mikelats euskal kondairaren berrirakurketa da filma. Iaz grabatu zuten Korsikan eta Euskal Herrian, eta asteazkenean estreinatu zuten Donostiako 68. Zinemaldiko Zinemira sailean. Azaroaren 18tik aitzinera, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako aretoetara iritsiko da.
«Funtsean, Atarrabi eta Mikelatsen istorioa da, baina Eugenek [Green] kondairaren bertsioak aztertu, batu eta elementu berri batzuk sartu ditu» Lukas Hiriarten hitzak dira. Berak jokatzen du Mikelatsen rola. Harekin batera, Atarrabi antzezten duen Saia Hiriart da bertze protagonista nagusia.
Lehen lana izan duten arren, batez ere zuzendariarekin lorturiko konexioarekin biziki pozik dira biak. Greenen lan egiteko manera goretsi dute: «Badu estilo berezi bat Eugenek. Ez du informazio asko ematen gure lana bideratzeko; aktoreari proposamenak egiteko eskatzen dio», nabarmendu du Lukas Hiriartek. «Giro eta energia batean paratu gaitu, eta berak eskatu gabe gure baitatik atera da berak nahi zuena. Konplizitate handia sortu da», Saia Hiriartek.
Mariren semeak dira Atarrabi eta Mikelats. Erdi jainkoak dira biak, eta itxuraz zahartzen ez direnak. Haurrak direla, Marik deabruari uzten dizkio, kultura handia duenez, berak haz ditzan.Atarrabik, ordea, bertatik ihes egingo du. Ihesean deabruak itzala lapurtuko dio, eta horrek Atarrabiren bizitza baldintzatuko du. Kondairak kontatzen duenaz gaindi, fikziozko bertze pertsonaia batzuk ere sartu ditu Greenek filmean, Udana eta Usoaren pertsonaiak, errateko.
Egitura narratiboaz harago, ezaugarri bereziak ditu filmak, baina bat nabarmentzen da bereziki: argiztatzea. Zineman erabili ohi diren fokuak baztertu ditu Greenek, eta argiztatze berezia erabili du misterio giroa sortzeko: kandelak. Horrek aktoreen lanari mesede egin diola uste dut Lukas Hiriartek: «Giro biziki sakratua sortzen zuen platoan. Teknikariek denbora asko pasatzen zuten atmosfera egokia lortzeko lanetan, eta horrek denbora asko uzten zigun lana ongi egiteko». Hain justu, argiketariak horregatik onartu zuen filmean parte hartzea, kandelekin argiztatzearen berezitasunagatik.
Alta, bada bertze ezaugarri bat pelikula berezi egiten duena: zuzeneko musika. Greenek ohikoa du bere filmetan musika diegetikoaren erabilera, eta Atarrabi eta Mikelats-en ere ez dio uko egin bere ukitu pertsonal horri. Aktoreek abesten ez badute ere, zuzeneko musikariak daude pantailan. Aktoreek beraiek ere onartu dute horrek «magia» eman diola lanari.
Ikusleen begirada irekia
Asteazkenean aurkeztu zuten jendaurrean lehenengoz pelikula, eta, tartean ezusteko bat gertatu zen arren —Eugene Greenek uko egin zion pelikularen proiekzioan maskara erabiltzeari, eta zinema aretotik eta Zinemalditik kanporatu zuten—, ikusleen aldetik jasotako harrera ona izan dela diote Lukas eta Saia Hiriartek. Kritikak izan badituzte ere, bereziki zinema aretora bertaratu direnen «jarrera irekia» nabarmendu du Saia Hiriartek. «Galdera interesgarriak sortu dira jendeak ikusi ondotik», erantsi du Lukas Hiriartek.
Donostiako Zinemalditik aitzina, zinema aretoetara iritsiko da laster filma, eta nazioarteko beste hainbat jaialditan ere proiektatuko dute. Aktoreak gustura dira egindakoarekin, batez ere, filmaren bidez euskara nazioartera zabalduko delako.
Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira
Kondairaren zinemaratzea
Zinemira sailean estreinatu dute Atarrabi eta Mikelatsen istorioan oinarritutako euskarazko filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu