UDAKO SERIEA. Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (I). Petilla Aragoi.

Idorreko bi irla

Bi esklabe ditu Euskal Herriak. Horietako bat da Aragoik inguratzen duen Petilla Aragoi herri nafarra. Geroz eta biztanle gutxiago ditu, lan egiteko kanpora joan behar baitute.

Iker Tubia.
Petilla Aragoi
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Itsasoan ez ezik, lehorrean ere baditu irlak Euskal Herriak. Hegoaldean bi: Aragoiko (Espainia) lurrez inguraturik da Petilla Aragoi esklabe nafarra. Atzerriko lurrez bildurik egonda ere, nahiago dute Nafarroaren parte izan aurrerantzean ere, Aragoiko gobernuarekin egoera makurragoan egonen liratekeelakoan. Dena dela, irla desertu bihurtzeko bidean da Petilla. Gaur egun, 31 biztanle daude erroldaturik, eta egunero ia inor ez da bizi Zangozako merindadeko herri horretan. Etenik gabe, biztanlez husten ari da.

Cinco Villas deitutako eskualdearen erdian dago Petilla: bi lur puska dira, baina herri bakarra. Bastanes da haietako bat, eta Petilla herria bestea. Aragoiko inguru menditsuen artean nabarmena da nondik aurrera hasten den berriz ere Nafarroa. NA-127 errepidea bukatu arte, Petilla seinaleetan ageri da. Ondoren, ez, herrira joateko hartu beharreko bidegurutzera arte. Nafarroako Foru Erkidegoa dioen seinale gorri handi batek ematen du ongi etorria errepidean: lehenbiziko pista. Horiek euskal lurrak direla ohartarazten duen bigarren seinalea herriko sarreran dagoen informazio panela da. Mendi itzuli bat aurkezten du, zortzi kilometrokoa dena eta 150 metroko desnibela duena. Aurkezpena, gazteleraz ez ezik, euskaraz ere badago.

Mendiz eta harkaitzez inguraturiko muino batean da Petilla Aragoi. Garai batean dorre batek zaintzen zuen herria gainetik, baina, gaur egun, hondakinak baizik ez dira geratzen. Hondakinak, eta ikuspegi eder bat. Onsella haranari so dago herria, eta haize errota lerro batek zeharkatzen duen Selva mendizerra du aurrean. Hura da behatokirik egokiena: Torreta haitza. Hala ere, herriko sarrera zein iturri ingurua begiratoki apartak dira ere.

Harrizko etxeak alderik alde zutitzen dira Kale Nagusian gora. Landare eta loreek apaindurik daude, eta urdinez margoturiko ate eta leihoak nabarmentzen dira harri artean. Nafarroa plazan dira udaletxea eta XIII. mendeko eliza gotikoa, baita zabuetan ibili nahi duten haurrentzako parke txikia ere. Etxe bat zeharkatzen duen tunela igarota, Amadeo Marco kalean behera, Santiago Ramon y Cajal ostatua dago. Petillan sortu baitzen 1906an Nobel saria eskuratu zuen medikua. Ostatuak eta frontoiak ezkerpareta partekatzen dute. Ostatuaren alde batean, pilotan aritzeko zenbakiak daude margoturik, eta, bestean, Ramon y Cajalek garatutako Neuronen Teoria irudikatzen duen horma irudi erraldoia.

Mediku sonatua Don Santiago deitzen dute herrian. Haren sortetxea museo bat da orain, eta mundu osoko mediku eta ikerlariek bisitatu dute. Hura ikusteko, ostatura jo behar da. Haiek arduratzen dira bisitez. Han izaten da Fernando Amunarriz, negozioko jabea. Astelehenetan baizik ez du ixten, betiere logelak hutsik badaude. Jende gutxi bizi da herrian, baina kontent da lanarekin: «Jende dezente etortzen ari da egunotan. Etxean egindako janaria eskaintzen dugu, eta jendeari gustatzen zaio».

Lanik handiena asteburuetan izaten du, eta, aste barruan, bestelakoak egiteko aprobetxatzen du: belarrak moztu, garbiketa lanak... Kanpokoei museoa eta eliza erakusteaz ere arduratzen da: «Medikuak, biologoak eta katedratikoak etortzen dira nagusiki, baina jendeak badu interesa».

Herriko ostatu bakarra izanda, denak hara joaten dira. Baina herrian ez da ia inor bizi, asteburuetan eta udan izan ezik. Orduan aditzen dira herritarren urratsak karriketan. Hala ere, negozioaaurrera eramatea ez da zaila, Amunarrizen aburuz. Udan jende gehiago bada ere, lasaitasuna da nagusi herrian. Batzuek, aulkia karrikara atera, eta goiza irakurtzen ematen dute. Haurrak ere ez dira asko, baina parkean jostatzea maite dute. Gainerakoan, hiru gazte Nafarroako plazako bankuan, eta herritar gutxi batzuk, paseatzen edo solasean.

Maria Aguas bilobekin atera da eguraldi onaz gozatzera. Hura asteburuetan eta udan izaten da herrian, Iruñean egiten baitu lan. «Honen gisako herrien arazoa hori da: denek kanpoan lan egin beharra dugu. Beraz, geroz eta jende gutxiago bizi da». Hala ere, besta baldin badu, ez du hutsik egiten: «Hau toki pribilegiatua da, ikuspegi ederra dugu, eta ez dago batere kutsadurarik. Horregatik etortzen gara: haurrek oso ongi pasatzen dutelako, eta guk lasaitasuna bilatzen dugulako».

Egunerokoan, oso bare

Udatik landa, astegunetan, isiltasuna are nabarmenagoa da Petillan. Aldiz, hori ez da arazo Venancio Murillorentzat. Han bizi da erretiroa hartu zuenez geroztik. Ondoren, herriko alkate izan zen, 1987. eta 1999. urteen artean. Herriari buruz hitz egiten hasita, hamaika istorio loratzen dira haren ahotan. Han bizitzea maite du: «Ez dut ez beldurrik ez deus».

Egunerokoan erosotasun gutxi ditu, baina moldatzen da. Diruz lagundutako bidaia zerbitzu bat dute: asteartero, taxi bat abiatzen da goizean Petillatik Zangozara (Nafarroa), eta eguerdian itzultzen da. Erosketak egitera joateko baliatzen dute: «Garai batean, zaldien eta astoen gainean joaten ginen». Halere, herritar gehienak autoz ibiltzen dira batetik bestera.

Osasun zerbitzuari dagokionez, udan ostiralero joaten zaie Sauseko (Espainia) medikua herrira. Bestela, telefonoz deituta bertaratzen da. Ospitalera joan behar izanez gero, Sauseko anbulantziak eramaten ditu Iruñera. Lehen, Zangozako anbulatorioa zegokien petillarrei, baina, orain,gertuagokoekin dute hitzarmena.

Zalantzarik gabe, herriaren arazo nagusia biztanle galera da. «Herria galtzeko bidean da. Hemen ez da lanik, ez da deus», esan du Murillok. Hark ere kanpoan eman ditu urte anitz: Leioan eta Portugaleten (Bizkaia). La Navaleko langile izan zen, eta Bizkaian ere, herria zuen gogoan: Ramon y Cajal kalean bizi izan zen. Etxera itzultzea zuen buruan, ez zen beste aukerarik. Bueltan, alkate aritu zen hamabi urtez. Orduan sortu zuten Ramon y Cajalen museoa, errepidea zabaldu, taxi zerbitzua paratu... eta kable bidezko telebista: «Nafarroan kable bidezko telebista izan zuen lehen herria da Petilla; Iruñea baino lehenago!».

Baina, nola izan ditzake Nafarroak bi irla lur aragoiarretan? Bada joko baten saria izan zela esaten duenik: Aragoiko Petri II.a eta Nafarroako Antso VII.a Azkarra mahaiaren bueltan, guiñote karta jokoan, buruz buru. Aragoikoak galdu zuen partida, eta nafarrak gotortutako zortzi herri irabazi zituen horrela. Murillok kontatu du istorioa. «Ez da egia», ohartarazi du gero, eta benetan gertatutakoa azaldu du: «1209an, Antso VII. Azkarra-k 20.000 marabediko mailegua egin zion Aragoiri, eta Gallur, Esco, Peña eta Petilla izan ziren abalak. 1232an, Gallur eta Escoren erreskatea baizik ez zituen ordaindu Aragoik».

XIII. mendetik, nafar

Orduz geroztik, Petilla nafarra izan da. 1312. urtean aragoiarrak saiatu ziren armekin herria bere mende hartzen, baina petillarrek setioari aurre egin zioten. Murillok azaldu du nafar izatearen abantaila: «Aragoiren parte izan balitz Petilla, duela 200 urte hemen ez zen inor biziko. Orain gutxi arte, inguruko herriak bazterturik izan dituzte».

Hala ere, urte hasieran laguntza eskatu zuen Florentino Aguas alkateak, Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren bisita aprobetxatuta. «Gure babesaren pribilegioak berreskuratu nahi ditugu, Nafarroako Gobernuaren konpromiso serio batekin, Petilla eta hango jendea berpiztu eta berreskuratzeko». Diputazioak 1980an sinatutako hitzarmena aipatuta, bere irlak ongi zaindu ditzan ohartarazi zion Nafarroari.

Bihar: Euskal Herriko enklabe eta esklabeak (II): Trebiñu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.