Ez da aldatu behar arrakasta daukana. Eta Iruñeko sanferminetako pilota feriak sekulako arrakasta dauka, urteak joan eta urteak etorri. Aspaldiko joera bilakatu da sarrerak salgai jarri eta ziztu bizian ia guztiak amaitzea. Hori dela eta, Aspe eta Baiko enpresek ia ez dute aldaketarik egin aurtengo, eta iazkoari eutsi diote: zortzi eguneko eta bederatzi jaialdiko feria antolatu dute. San Fermin egunean hasiko da, uztailaren 7an, eta 14an bukatu. Lau eta erdiko finala, binakako torneoa eta Olioaren Desafioa jokatuko dituzte. Labriten izango dira jaialdi guztiak.
Patroiaren omenez, indar betean hasiko da feria: goizeko saioa eta gauekoa izango dira Labriten. Goizean, ohiturari jarraituz, lau eta erdiko torneoaren finala jokatuko dute. Oraindik zehazteko dago zer bi pilotari ariko diren. Aste honetan argituko da, azken txanpan baitaude. Asperen adarrean, Joseba Ezkurdia finalerdietan ariko da. Azken txapeldunak Aitor Elordi edo Jokin Altuna izango ditu aurkari larunbatean, Sopelan (Bizkaia). Elordi eta Altuna III.a, berriz, bihar ariko dira, Mungian (Bizkaia). Baikokoan, Mikel Urrutikoetxea finalaren atarian dago, eta Erik Jakaren edo Iñaki Artolaren kontra ariko da igandean, Elgetan (Gipuzkoa). Jakak eta Artolak, berriz, etzi jokatuko dute elkarren aurka, Zaldibarren (Bizkaia). Enpresa bakoitzeko adarrean nagusitzen diren pilotariak ariko dira elkarren aurka finalean.
Uztailaren 7ko gauean, berriz, binakako torneoari ekingo diote. Iazko egiturari eta lehiaketa sistemari eutsiko diete. Sei bikotek jokatuko dute, bi multzotan banatuta: A multzoan, Peña II.a-Albisu, Elordi-Martija eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a ariko dira; eta, B multzoan, berriz, Altuna III.a-Rezusta, Jaka-Aranguren eta Ezkurdia-Zabaleta. Iazko ekitaldiaren aldean lau aldaketa daude; Baikon dira gehienak: Peña II.ak, Larrazabalek eta Arangurenek Urrutikoetxearen, Artolaren eta Imazen ordez jokatuko dute. Iaz, Lasok jokatu behar zuen, baina min hartu zuen lau eta erdikoaren finalean. Baikok Artolaren alde egin zuen, eta apustua bikain atera zitzaion, hark eta Mariezkurrena II.ak txapela irabazi baitzuten. Hala ere, Baikok berriro utzi du kanpoan alegiarra, eta Mastersean ariko diren hiru aurrelarien alde egin. Horrela, Peña II.ak eta Larrazabalek lehen aldiz jokatuko dute torneoa.
Aspen, berriz, Elordi da aldaketa bakarra. Buruz buruko eta binakako txapelduna lehen aldiz ariko da, Iker Irribarriaren ordez.
Iaz bezala, sei bikoteek ligaxka jokatuko dute, eta lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute uztailaren 14an, arratsaldean.
Bezperan, Olioaren Desafioa jokatuko dute, gauez. Lehenbizi, Urrutikoetxeak eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak lau eta erdian; gero, binakako partida bat jokatuko dute —ez dute zehaztu zer bikote ariko diren—; eta, azkenik, Artola eta Dario Gomez buruz buru ariko dira.
Arrakasta duenari eutsi diote
Iazko egitura bera izango du sanferminetako feriak: uztailaren 7an hasiko da, eta 14an bukatu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu