Ana Malagon.
ARKUPEAN

Dena ematea

2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Badakizu autogorrotoa praktikatzen dudala oro har ia une oro, baina badago benetan egiten dudana baino hobeto egiten dudala uste dudan zerbait: dantzatzea. Baldin eta ez badira koreografia ezarri bat duten dantzak, noski. Arin-arin edo Macarenak. Nire lagun guztiek izena eman zutelako, eta nire izaera nortasunik gabeko gregarioarena delako, ikastolan hartu nituen euskal dantza klaseek argi utzi zidaten fandangoak dantzatzeko memoria apur bat behar dela, eta koordinazio maila bat, eta ni horretarako erabat amnesikoa eta deskoordinatua naizela. Tiktokeko koreografiekin ez naiz saiatu ere egin, eta horrela mundua leku hobe bat delakoan nago. Gustuko dudan abesti bat libreki dantzatzean datza nire talentua (sic). Argibideak irakurri gabe trasteak martxan jartzen dituen horietakoa naiz. Saiatzen naiz behintzat.

Pandemia luzeegia egiten ari zitzaigunean bati baino gehiagori irakurri nion gau osoa dantzan igarotzeko gogoa zuela. Bizikidetza-unitatea ez zen beste nonbait dantzatzea, suposatzen dut. Resistiré gehiegitxo bizikidetza-unitatean. Etxeko egongela ez zen leku ilun eta arrotz batean dantzatu nahi zuen, begiak itxirik, letra asmatuz, itzulpengintzaren ofizio noblea dinamitatuz, melodiaren gainetik ahots desafinatuaren traktorea pasatu, saltoka hasi, besoak eta izerdiak airean eta gau osoan jaramonik egin ez dion lagunari «hau nire abestia da» aitortu.

«Hau nire abestia da». Eta aurreko hirurak ere bai.

Txakurrek eremuak markatzeko txiza egiten duten bezala, ozenki aldarrikatzen da abesti baten jabetza. Espazioa bereganatzeko modu bat da dantzatzea ere. Ez espazio fisikoa bakarrik, baita geure burua onartzeari egunero jaten diogun eremu antzu hori ere.

Duela urte batzuk, tabernetako komunetan «denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman ez dezaten» idazten zutenak ez dut uste dantzatzeari buruz ari zirenik (ala... agian bai?), baina egia da beti egon dela gure dantzalekuetan halako desoreka bat, gure izaera sasi-kalbinistari lotutako tradizio errotu bat edo, paretaren kontra edalontzia helduz asko jota burua apur bat mugitzen dutenen gehiengo estatikoaren eta hit batek sortutako zirrara medio «dena ematen duten» gutxi horien artean.

Argalak beste zerbaiten inguruan (tira, jada ez nago hain ziur) ezarritako denek - gutxi batzuek / ezer ez eman - dena eman ardatz hauek eta alkoholak edo bestelako zeozerk eragindako inhibizioa alde batera utzita, neure buruari galdetu izan diot zerk bultza dezakeen norbait pistan abesti bat bere egin eta «dena ematera». Zerk bultza nazakeen ni. Kendu zidaten edo inoiz izan ez nuen zerbait neureganatzen ari naiz? Inoiz bizi ez dudanari loturik dagoen nostalgia bat da? Gertatuko ez den guztiak eragiten didan ardurak itotzen duen buruarekiko desatxikimendu bat? Hori eta hori ez den oro, dena batera, asko eta apur bat aldi berean?

Hainbat dira une batez «nireak» izan ziren abestiak. Nire egongelako bakardadean neureganatutakoak dira gehienak, baina badira beste norbaitekin dantzatu nituen bitartean «gureak» izan ziren gutxi batzuk ere. Jatorri ezezaguneko hiru minutu eta erdiko lotura efimeroak, beste norbaitena izango zen hurrengo abestia hasi arte. Ez diot DJ lana deituko, baina ezkontza edo festaren batean musika jartzea eskatu izan didate lagunek inoiz. Alde batetik berekoia naizelako onartu izan dut, niretzat bodrioak direnen kuota mugatze aldera. Baina baita nireak diren abesti horiek beste norbaitenak ere izango direnaren itxaropenez. Nirekin «dena emateko» prest dagoen norbaiten bila.

Lotura hori azkenekoz sentitu nuenetik mendeak igaro direla iruditzen zait.

Orain bizikidetza-unitatetik kanpo dantzatzea posible dela, gogoa falta dut. Dena emateko zerbait eduki behar da. Eta niri ez zait Simon eta Garfunkel baino ezer sutsuagorik neureganatzeko indarrik gelditzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.