elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Zilarrezko ekonomia

2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Azkenaldian adinekoak ezkutatu egin dira iragarkietatik. Apenas agertzen diren kaskazuri osasuntsu dotoreak, hortzeria erakusten duen irribarrearekin, telebistako eta paperezko publizitate tarteetan. Haientzako mezurik baldin badago, demagun 65 urtetik gorakoa bazara erosketak etxera eramango dizkizutela iragartzeko, audio eta letren bidez helaraziko dizute eskaintza, baina ez irudiz lagunduta. Egungo egoeran, adinekoen irudia —eta eredua— ez da publizitaterako egokia, kutsatuta dago, zarpailduta, eta noizbait eduki zezakeen glamour apurra galdu du.

Gainera, urtetsuen targeta, gaur-gaurkoz, ez da egokiena jarduera ekonomikorako. Banketxeek guraso gazteak dituzte helburu; haien seme-alaben ametsetako etorkizuna ziurtatzeko inbertsio-funtsak elikatzea proposatzen diete gurasoei. Oraingoz mutu dago silver economy-a. Aspaldian filtratu den berri bakarra zera izan da, Bizkaiko Diputazioak bultzatzen duen Nagusi Intelligence Center delakoa ez dutela Zorrotzaurren kokatuko, Urduliz Dorrean baizik.

Bitartean, bestelakoa da hedabideetan islatzen ari den adinekoen irudia. Ageri dira pandemiak ituan jarri dituen zahar-etxeetan, okerrena pasatuta; eta azken egunotan, txertoa hartzeko ilaretan, topiko errepikakorren arrosarioa ahoan, telebistetako mikroen aurrean. Betiere paternalismo kutsuak zipriztinduta —«gure aitona-amonak»— eta, sarritan, intimitatearen muga urratzeko zorian; informazio huts eta egiati izan behar lukeena zeharo banalizatuta eta propaganda tonuan. Eskerrak, tarteka, salbuespen bat edo beste suertatzen den.

Joan den astean, Euskadi Irratiaren Faktoria magazinean, ehun urteko langa pasatuta daukan emakume bat elkarrizketatu zuten, Aretxabaletako Baldomera Mendizabal Beitia. Txertaldiaren aitzakian egindako solasaldia bizitza-istorio baterako eskema bilakatu zen, duina eta interesgarria benetan. Esan beharrik ez elkarrizketatzaileen nagusikeriarik gabeko jarrerak ahalbidetu zuela hori; emakumea buruz buru tratatu zuten, protagonista beregain modura. Adinekoekin gutxitan gertatzen den gauza.

Izan ere, «zaharrak ikusezinak gara, gernu-ihesaren iragarkietan aktore izatera kondenatuak. Zenbat emakume benetan zahar agertzen dira protagonista, ez inoren emazte, ez inoren ama, ez inoren amama, ez inoren auzokide, albistegi edo pelikuletan?». Mari Luz Estebanena da aipua (Andrezaharraren manifestua, 2019). Beste hau ere badio antropologo eta idazleak: «Zahartzea, azken batean, bizitza oso baten ondorioa baino ez da, haurtzarotiko poz, zama, ardura guztien jorraketa, egunez egun laboraturiko emaitza».

Urteek dakarten uzta hori esku artean zutela azaldu ziren lau pertsonaia famatu La Sextako Salvados saioan, iragan urtarrilaren 31n. Hirurogeita hamar urtetik gorakoen laukotea mahai-inguruan: Manuela Carmena, Javier Clemente, Charo López eta Miguel Ríos; adinekoak izatea nola bizi duten kontatu eta eztabaidatu zuten: pentsioak, sexualitatea, ahalak eta ezinak, heriotza… Manuela Carmena alderik baikorrenean, Charo López kontrakoan. Esan zutena bezainbat estimatu nuen jende hori halako gaiak jorratzen ikusi eta entzutea; adinekoak armairutik ateratzeko saiakera aparta izan zen; telebistarekin adiskidetzen zaituen izpi horietako bat.

Itzuliko da, ordea, silver economy-aren matraka, izurriteak zahar-etxeetan egindako sarraskia lerroburuetatik ezkutatzen denean; pandemiak adinekoei erantsitako estigmak —zaurgarri, izurritsu, etsipendu, kondenatu…— atzentzen direnean. Esango digute, berriro ere, zilarrezko ekonomia sektore estrategikoa dela gizarte aurreratuetan. Erakundeek egingo dituzten inbertsioak salduko dizkigute onura publikoaren izenean… Eta aterako dituzte berriro irudietan orain erreserban konfinatuta dauzkaten kaskazuri osasuntsu dotoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.