Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Laguntasunaren paradoxa

2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Txertoaren esperantzan pasatu du norbanako eta kolektibo askok urtea. Ez horrenbeste norbere osasunarengatik, lehengora itzultzeko modu bakarra delakoan baizik. Martxoan mundu berri bat amesten zuen asko dago lehengora itzultzearekin amesten duena orain. Bi esperantza elkartzen dira, beraz: batetik txertoak lehengora itzuli gaitzakeenarena, eta bestetik lehengora itzultzeak lagunduko digunarena.

Ez naiz esperantzak baikorregiak ala zilegi ote diren neurtzeko gai, baina badirudi esperantza orokortu bat badela txertoarengan. Eta ba omen datorrenotan han-hemen entzun dut «ez nadila ni izan txertatuko duten lehenengoetarikoa». Modu batean ala bestean, argumentu elaboratu edo banalagoekin, baina askok argumentatzen (edo zuzenean argumentatu gabe, sentitzen) duena da.

Beldur handia dago airean aspaldion eta sentimendu denak dira zilegi. Baina ikuspuntu matematiko soil batetik begiratuta, helburu nagusia gizartea immunizatzea balitz, zein litzateke txertatu beharreko jendartea? Erabaki hori hartzeko lagungarri izan liteke laguntasunaren paradoxa deiturikoa.

Laguntasunaren paradoxak paradoxa darama izenean, baina teorema bat da. Sarritan intuizioari ihes egiten dioten emaitzei paradoxa izena ematen zaie, nahiz eta izatez kontraesanezkoak izan ez. Emaitza honek dioena da, jendarte batean norbanako bakoitzak duen lagun kopuruaren batezbestekoa beti dela norbanako bakoitzaren lagunen lagun kopuruaren batezbestekoa baino txikiagoa edo berdina. Alegia, gure lagunek guk baino lagun gehiago dituztela batez beste.

Eta zer lotura izan lezake horrek txertaketarekin? Behin Harvard-eko unibertsitatean esperimentu bat egin zuten gripe garaian. Bi ikasle multzo aztertu zituzten. Zoriz hautatutako ikasle talde bat, batetik. Zorizko talde horretako bakoitzaren lagun batez osaturiko taldea, bestetik. Ikusi zutena zen lagunen taldean azkarrago zabaldu zela gripea ausazko taldean baino.

Izan ere, norbaiten laguna delako hautatua denak, aukera handiagoak dauzka harreman gehiago izateko ausaz hautatua denak baino. Laguntasunaren paradoxak hori dio. Beraz, gizartea immunizatzekotan, eraginkorragoa litzateke, ausazko talde bat txertatu baino, ausazko talde horretako kide bakoitzaren lagun bat txertatzea. Berriz diot, ikuspuntu matematiko soil batetik. Badakit ez direla erabaki politiko, etiko, sanitario eta sozialak hala hartu behar, eta ez naiz hori aldarrikatzen ari (badaezpada diot).

Baina hori baino gehiago irakasten digu laguntasunaren paradoxak. Pentsatzen jarriz gero, zerk eragiten du lagunen lagunen batezbestekoa handiagoa izatea, oro har? Bada, lagunen lagunak kontatzen ditugunean, lagun asko dauzkatenak askotan kontatzen ari garela, eta lagunik ez daukatenak behin ere ez.

Norbere lagunak norbere lagunen lagunen kopuruarekin konparatzean, inplizituki, adierazgarria ez den lagin bat hautatzen dugu ondorioak ateratzeko. Ez da ausazko lagin bat, eta lagun asko dauzkaten lagunek pisu handiagoa hartzen dute gutxi dauzkatenek baino.

Laguntasunarekin bezala, alor askotan gertatzen den fenomenoa da gure inguruari begira ondorio okerrak ateratzea. Eta ez da gutxiagorako, ia ezinezkoa da norberaren inguruan lagin adierazgarri bat izatea ondorio zuzenak ateratzeko, gaia edozein delarik ere.

Gu eta gure ingurukoen esperientziak oso baldintzatuak dira. Eta bizipen horietatik eraikitzen ditugu gure uste eta ondorio gehienak. Saia gintezke ahalik eta lagin adierazgarrienaren bila, baina nekez aurkituko dugu erabat ausazkoa denik. Tarteka horretaz kontziente izatea lagungarri gerta daiteke, norbere ustezko ondorio zuzen eta gainerakoen okerren artean oreka bat bilatze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.