Orain bazakinagu nola sentituko den iparrorratz bat iman fabrika batean. Urrats bakoitzean batetik bestera aldatuko zaion iparra. Bizitza errealean, ematen din egun bakoitzean alde desberdin batetik irtengo dela eguzkia, baina azkenean urruneko izpiak baino ez ditinagu ikusten, ez baitzagon argibide zehatzik emango duen agintaririk Ebrotik behera... eta Hego Euskal Herriaren hiru laurdenotan, gaitzaren lehen biktima autonomia izan zen entelekia lainotu honetan, ez zakinagu Iti, Untu, Apolo edo Helios gurtu behar dinagun. Dakigun bakarra dun zein den gure Itakaren izena: Normaltasun berria.
Normaltasun berrian urruntze fisikoa ohitura bihurtuko dun: metro eta erdi. Akabo kortesiazko musuak eta ustekabeko muxuak; ongi etorri, musukoak. Adiorik ez, bostekoak; kaixo, erreberentziatxoak. Etxeko gelaz gela berrogei egun ibili ondoren, kaleko gelez gel ibiliko gara aurrerantzean.
Hondarribiako alardearen liskarrak areagotu besterik ez ditun egingo normaltasun berrian: tradizionalistek musuko barik egin nahiko diten desfilea, eta Jaizkibelek txirularentzat propio egindako zulotxodun maskarak erabili nahiko ditin. Tira, normaltasun berrian plastiko beltzak ondo etorriko ditun kutsatzeko arriskuak gutxitzeko. Geroxeago, abenduan, Durangoko Azoka euskal liburu eta diskoen Netflix bihurtuko dun, eta Ahotsenea eta Irudienea Youtubeko kanalak: akabo aparkatzeko problemak eta Totiren ilara amaigabeak. Editoreek normaltasun berrira egokituko ditizten euskal obra ezagunen edizio berriak: Ehunda bat metro eta erdi, Ramon Saizarbitoriarena, Bitartean ez heldu eskutik, Kirmen Uriberena, Andoni Egañaren Pausoa noiz luzatu ilaran, Mariasun Landaren Nire eskularrua zurean, edo Pablo Sastreren Gauzak apur bat 'gehiago' konplikatu dira, zenbait adibide xelebre baino ez ditun. Eta San Tomas bezperako Bizkaiko Bertsolari Txapelketan bertsolariek BBKren logotipodun musukoak erabiliko ditizten, Miribillan inoiz baino zale gutxiago batuta, sarean inoiz baino jarraitzaile gehiago bildu arren.
Normaltasun berriko urte berrian, santa eskean batzuek datafonoa eramango diten, eta besteek kopletako letrak moldatu egingo ditizten: Bizuma ere egin duzu (e)ta / orain abia gaite(z)an / adiosik ez dugu usaten / agur, ikusi artean. Euskal gizartea errotik aldatuko dun: Korrika berrian ere, eroaleek kurrika bana izango diten lekukoa ukitu behar ez izateko 1.001,5 metro egin bakoitzean. Euskal sorkuntza garaikide berriak ere baldintza berrietara egokitu beharko din: Kukairen hurrengo ikuskizunean dantzariek ez diten elkar ukituko, ezta elkarrengana gerturatu ere; Zaldi urdina-k bertsio moldatua aurkeztuko din, ezin jarraiturik jatorrizkoa taularatzen normaltasun berrian; Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoek, eszenatokietan kabitu ezinik, musikarien erdiekin baino ezingo ditun jardun, haize-instrumentistak ageriko motiboengatik baztertuta; eta Kafe Antzokiak auto-kontzertuak antolatuko ditin Artxandako aparkalekuan, zale bakoitzak bolantearen atzealdetik gozatuz Zea Mays edo Gatiburen musika.
Halabeharrak zentzua eman zion normaltasun berria oximoronari. Kostatu egingo zaigun berria zahartzea, baina urkoarengandik bereizi beharra ez dezagun ulertu betiko urruntze bezala, gerora are estuago besarkatzeko abiada hartzeko atzerako pauso gisa baizik.