Ondo ulertu badizut, ez zenuen uda honetan inora joateko asmorik. Urte osoan bildu zaituzten lau pareten artean gelditzeko plana zenuen. Beste batzuetan ere hala izan da, baina hiri turistikoenetan turistikoena den honetan turista izan zaitezkeela esaten hasi zaizkizu berriz. Etxe alboan hondartza eta kilometro karratuko izozki denda ratio ero bat duzula. Horrek urduri jarri zaitu. Eta nazkatuere bai. Kostaldekoa zarenez, hondartza gustuko izatera derrigortua zaudelako, herrian hondartzarik ez dutenenganako errespetuagatik bada ere. Ez iraintzeagatik. Bainujantzia eta txankletak jantzi gabe urteak daramatzazula aitortzen duzunean, ahopeka beti, burumakur, barkamena eskatzen bezala, sekulakoak entzun behar izaten dituzu. Ez dagoela eskubiderik. Zureak ez duela izenik. Gogorra da jazarpen hori.
Baina lasai, zure izaera grisarekin bat datorren erbeste bat kontratatzeko leku onenean zaude. Barne bidaia existentzialen gure agentzia honetan eskaintzen ditugun ibilbide pertsonalizatuak edozein pertsonarentzat dira egokiak. Zehazki zugan pentsatu gabe diseinatu dugu hau. Baina zuretzat.
Zuretzako oso aproposak ikusten ditugu Gipuzkoako barnealdean Moyua, Amenabar edo Grupo Eibarren arkitektura monotematikoari esker elkarren artean gero eta antz handiagoa duten herriak. Berdin du zein. Asfaltuko beroak, N-1eko gasolina eta Irun-Brinkola trenbidearen usainak. Apokalipsiaren hurrengo eguneko isiltasuna hausten duen gauza bakarra leiho batean noizean behin entzuten den aharrausi autokonfinatu bat izan ohi da. Ez dago kaiorik. Katuren bat akaso, aharrausika hau ere. Asperturik. Zu bezala.
Han zaudela, beharbada udan (ere) eten egingo diren obrak ikustera joan zaitezke eta porlanezko amaigabetasun antzuaren instalazio erraldoiak bisitatu.Audiogidak eskuragarri daude, atzerapen eta bihotzarekin egindako aurrekontu aldaketak, edozeinik aurrez ikusi zitzakeen geologiaren misterioak eta etorkizun batean espero diren erabiltzaileen kopuru gero eta urriagoen estatiskikekin gatz eta pipertzen diren azalpenekin. Herdoiltzen ari diren garabietan egindako grafitiek oso kritika onak jaso dituzte.
Artearekin jarraituz, herriko parrokia zalantzazko balioa duen barroko batekoa dela ikusiko duzu, baina nork behar du benetako barrokoa tenperatura fresko bat gozatzeko aukera dagoenean. Lasai, ez dago mezarik. Twitch kanal bat ireki du apaizak etaDemon Souls II-ra jolasten ari den bitartean banatzen ditu sermoiak eta ostiak.
Aspaldian ibili ez zaren moduan ibili ahal izango zara industrialdeetako promenadeetatik. Mantso, lasai, urtean zehar autoek betetzen dituzten aparkalekuetan bueltak ematen. Adrenalina nahi izanez gero, hala ere, udal igerilekuan sartu zaitezke azken orduan, haurrak, erroska pasata jada, ahoa isilik mantentzeko irentsitako txutxeria guztiek eragindako azukre mozkorraldiaren biktima eta borrero bilakatu direnean.
Aukera gastronomikoei buruz ari garela, supermerkatuko hozkailuan aurkitu dezakezun ur izoztua besterik ez den eskaintza koloretsu horietako bat gomendatzen dizut. Guztiok merezi dugu limoiaren zaporearekin zerikusi eskasa duen omenaldi nostalgiko fosforito jelatu bat. Zuk ere bai. Zuk batez ere.
Destino segurua da, baina beti gertatzen da zerbait. Dena hartu dugu kontuan. Ez dagokizun anbulatorio bateko itxarongelan zain egon ahal izango duzu, hitzordurik gabe hiltzen ari zaren bitartean. Pentsa edozein bainuetxe edo span baino hobeto zainduta egongo zarela, ordezkatuko duen inor gabe bere ezinbestekotasunaz kokoteraino dagoen familia mediku baten eskuetan. Hiltzen.
Urtero bezala zure etxeko sofan gelditu zaitezke sabaiari begira, noski, bizilagunek udako abestia entzuteari utzi dioten eguneko hamar minutu horiek disfrutatzen. Baina aurkeztu dizudan planarekin ilusionatzen hasia zarela nabaritu dut. Pentsa zein ondo geldituko den dena zure Instagrameko kontuan. Zenbat filtro jarri ahal izango dizkiozun betiko normaltasun berriari.
ARKUPEAN
Uda honetakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu