Inaki Galdos
ARKUPEAN

Batzokiak

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aberri Egunaren atarian gaudenez, pentsatzekoa da astean zehar hainbat gauza irakurri eta entzungo ditugula han-hemenka ospakizun honen historiari buruz; beti da eskertzekoa, gure herriaren azken mende eta erdi inguruko ibilbidearen berri ederki ematen duelako horrelako begirada batek. Ber gauza gertatzen da Batzokien historiari so egiten badiogu, interesgarria hau ere, nahiz eta alderdi bakarrera mugatuta egon, edo ia.

Bilbon 1894an Euzkeldun Batzokija izeneko hura ireki zenetik oparoa izan da EAJren tokian tokiko etxe hauen historia. Zorionez, garaian garaiko lekukotasunen eta beranduagoko historialarien lanei esker, ez da gutxi dakiguna. Neurri handi batean, herrietako kronika politiko, sozial, erlijioso, kultural, folkloriko, linguistiko, pilotazale eta mediatikoak osa daitezke batzokien arrastoa jarraituz. Adibidez, Mikel Aizpuruk idatzia utzi digun moduan, Donostiako lehen batzokiaren (utz dezagun terminologia alde batera gaurkoz) sortzaileen eta Donostiako Orfeoiaren aitzindarien arteko lotura estua; edo, modako gai bat aipatuz, bileretan Gernikako Arbola abestetik Euzko Abendaren Ereserkija abestera eman ziren urratsen kontua; eta abar. Hona hemen Sevillako finalaren bezperatan kontatu beharreko beste bat ere: Zarauzko batzokiaren inauguraziorako konposatu zuen Jose Olaizolak Aupa Mutilak doinua, gaur egungo Athletic-aren himnoaren oinarria dena neurri handi batean.

Hamarkadetako loraldi oparoaren ondoren iritsi ziren gerra ondorengo zigor eta konfiskazioak, ezin ahaztu Enriqueta Benitorekin Gasteizko legebiltzarrean izan nuen liskarra, laudioarrek badakite zergatik. Ondoren, berriz irekitzeak eta berandutxoago Batzokien Gerra mingotsa EAJren zatiketa eta Eusko Alkartasunaren sorreraren kariaz. Pasadizo bitxiak ere eman zituen hark, adibidez Alianza Popular edo LKI alderdietako militanteei egindako erreguak euren akzioekin, aita edo aitona jelkidearen herentzian jasoak, batzuen edo besteen alde egin zezaten.

Beste gauza askotan bezala eraldaketa sakonen garaian gaude murgilduta eta batzokien eredua ere goitik behera dago mudatua. Adiskide jelkide batek aspaldi esan zidan XX. mende hasierako batzokien berri izan nahi duenak diasporako hainbat euskal etxetara egin beharko duela bidaia, haietan eusten baitzaio nonbait eustekotan hasierako izaerari. Kontua da, ordea, etsigarria dela oso hainbat eta hainbat batzokitan ikusten ari garena, barka biezadate jelkideek inoren etxean muturra sartzen ari naizela uste badute. Bilbon bizi den adiskide legazpiar batek bidaltzen dizkit noizbehinka gai honen inguruko argazki eta iruzkinak eta onartu beharrean nago ez duela arrazoi faltarik bere tristura, haserre edo dena delakoan. Horregatik ekarri dut arkupe honetara gaia hizpide.

Ez naiz batzokietan gutxi sartzen naizenetakoa, berriki Ander adiskideak gonbidatu nau Abandokora bazkaltzera eta aste honetan bertan Artziniegakora ere joatekoa naiz herriko mojak bisitatu ondoren. Hondarribian Iñaki agurtzeko gogoz ere banago eta horrela beste hainbat. Jakin badakit ez daudela Batzoki guztiak dinamika berdinean sartuak eta batzokiak ez direla soilik taberna edota jatetxearen lau pareten barruan ikusten dena, horrezaz gain badutela beste dinamikarik ere. Baina aldi berean onartu beharko zaigu batzoki askotan gaudenean gero eta zailagoa zaigula batzoki batean gaudela hautematea. Horrek, agian, logika komertzialik izan dezake, baina politikoki mingarria da oso.

EBB aukeratu berriak dozenaka lehentasun izango ditu honen aurretik, baina gustura entzungo genuke gutxienez batzokien inguruan kezka izan badutela, adibidez batzoki askotan euskararekin gertatzen dena ez dela onargarria EAJ bezalako alderdi abertzale batentzat. Jakin badakigu denborak aldakorrak direla eta ezin dugula nostalgia ariketarik egin, baina duela 127 urteko uztailean Ziriako Iturrik ikurrina jarri zuen Bilboko lehen etxe hartako muinari eusten asmatu behar dute jelkideek batzokietan, beste gauza askotan asmatu duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.