Greba amaituta, euskal taldeek asteburuan ekingo diote lehiari

Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hamaika tirabiraren ostean, ados jarri dira Espainiako Lehen Mailako futbol ligako patronala eta futbolarien sindikatuak. Horren ondorioz, bertan behera geratu da aurreneko bi jardunaldietarako deituta zegoen greba. Lanuztea dela eta, ez zen jokatu lehen jardunaldia aurreko asteburuan. Baina, akordioari esker, gaur bertan hasiko da liga.

Gauerdian lortu dute akordioa patronalak eta sindikatuek. Espainiako Arbitraje eta Bitartekaritza Zerbitzuaren egoitzan bildu ziren berriro, Madrilen. Oraingoan, ordea, ados jarri ziren. Hurrengo hiru denboraldietarako gutxieneko soldatak adostu zituzten Lehen Mailako futbolariek eta patronalak: 21.000 euro denboraldi honetan, eta, diru sarrera komertzialen arabera, 23.000ra iristeko aukerarekin; 22.500 euro 2024-2025eko sasoian, 25.000ra iristeko aukerarekin; eta 23.500 euro 2025-2026ko denboraldian, 28.000ra iristeko aukerarekin. Igoera egon arren, oso urrun dago oraindik gizonezkoen Lehen eta Bigarren Mailako futbolarien gutxieneko soldatatik: 182.000 eurokoa da Lehen Mailakoena, eta 91.000 eurokoa Bigarren Mailakoena.

Gaur hasiko da lehia. Valentziaren eta Real Madrilen artekoa izango da lehenbiziko partida, 21:00etan. Athleticek eta Eibarrek, berriz, bihar jokatuko dute aurreneko neurketa. Bizkaitarrak Atletico Madrilen zelaian ariko dira, 12:00etan (DAZN eta Gol), eta, ordu berean (DAZN), Eibarrek Levante Las Planas jasoko du Unben. Realak, berriz, igandean jokatuko du estreinako partida, Granadan (Espainia), 19:00etan (DAZN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.