Bat bere bizimoduan erdiarozalea izan liteke, señora viktoriarra nahi badu, baina naftalinoa ez, mesedez. Naftalinoak bere armairuko arropak gorde nahi ditu, gauzak bere horretan utzi, petroliotik datorren usain txarreko material toxiko bat erabiliz. Erraza da naftalinoa belaunaldi arteko talkan identifikatzea, justifikazio eskaseko frustrazio eta inbidia kirats fuerte bat dario. Eta nire familian esan ohi den bezala, inbidia uler daiteke haurren artean baina helduen artean ezin da inolaz ere onartu. Babyboomer eta X belaunaldiko triste, agobiatu eta ozpindu kuadrilla maitea, jada bizitza erdia igaro dugu planeta eta maldan behera honetan, ez gaude gustu txarreko gauzetan denbora galtzeko moduan. Belaunaldi bakoitzak hurrengoari txoriburu hutsak izatea leporatzearena mendeetan zehar eman den jarrera konstante bat dela dirudi, Monty Python-en Yorkshire-ko lau gizonen esketx zoragarriko protagonistak bezala, bakoitzaren garaian gauzak askoz ere zailagoak eta gogorragoak baina benetakoagoak zirela azpimarratzearekin batera.
Gaur egungo gazteak nartzisista, kontsumista eta irudiaren esklabo direla esaten dugunean, beharbada beraien postuak bermatzeko edozein trikimailu erabili duten horiei buruz ari gara, etxea, autoa, bigarren etxea eta bigarren autoa erosi ahal izan dutenei buruz akaso, edo beharbada denboraren, logikaren eta askotan grabitatearen legeen aurka kirola egiten duten eta erantzukizunei tartean kilometroak jartzen dizkieten horiei buruz. Baina orduan ez ginateke gaur egungo gazteei buruz arituko, estali nahi dugun gure koherentziaren zimurrei buruz baizik. Gure egunerokoa ez denez, ezagutu eta ulertzen ez dugun hori guztia zopa berean nahastuz gainera, ikuspegi sistemikoan bezain gaizki moldatzen garelako ñabardurak egin behar izaten ditugunean.
Duela hilabete batzuk twitterren (non bestela irakurri ditzakezu sutu zaitzaketen gauzak) hainbat buelta eman zituen gaur egungo pijo-progreen aurkako 90eko hamarkadarekiko mezu nostalgiko batek. Harrigarriena nostalgiaren arrazoia zen: 90eko hamarkadan antza denez askatasunez hitz egiteko aukera zegoen (sic), eta orain dena gaizki iruditzen zaigu eta ezin da txisterik egin eta jada ez gara libre eta enfin, desastre bat da dena. 90eko urteekiko nostalgiko jarri behar izanez gero, koadrodun alkandorak bota ditzakezu faltan, grunge musika eta MTVko bideoklipen urrezko urteak. BritPop-a. Baina zaurgarritasunaren kontura barre egiteko txiste txarrak? Babesik gabeko kolektiboekiko jarrera orokorra? Ez dago ezer faltan botatzerik hor.
Gai honetan belaunaldi berriak hobeto prestaturik daudela iruditzen zait eta zaharragoak garela txoriburu, erantzukizunak alboratu eta gehiegi pentsatu gabe jokatzen dugunak. Gu baino gazteagoa den norbaitek (nor uste du dela horrek?) ahozabaltasun edo aldaketa klimatikoarengatik errieta egiten digunean haserretu egiten gara. Oso irtenbide erosoa da ezulertuarena egitea. Benetan inor kantzelatzen ez duen kantzelazioaren kulturarena asmatzen dugu. Ahopeka barkamena eskatzen dugu, gurasoek gure senide gaztea torturatzen harrapatzen gintuztenean bezala. Ezer onartzen ez duen barkamen eskaera bat da benetan, nahiko pantomimikoa, ez baitugu ezer txarrik egin dugunik uste. Ez da horrela jartzeko ere. Samindutxoen aurka are samin handiagoa hartzen dugu. Gazteekin dugun belaunaldi talkan gu gara heldutasun falta agertzen dugunak. Nahiko naftalinoak gara. Eta naftalina bezala, nahiko toxikoak.
Ez, ez naiz zentsuraren aldekoa. Harreman gatazkatsu bat daukat botere harremanak kontuan hartzen ez dituzten adierazpenekin (umorearekin bereziki), onartzen dut. Baina egunaren amaieran, beharbada egia da edozein edozer gauza esateko libre dela. Beste guztiak txiste hori kaka iraingarri bat dela esateko diren bezain libre. Ez da kantzelazioa, zintzotasuna baizik.
ARKUPEAN
Naftalinoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu