Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Apustu

2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
ETBk apustu etxeen iragarkiak debekatzea erabaki omen du. Poztekoa da oso. Baina iragarkiak iragarki, kaleak apustu etxez lepo ikusi eta kontua larria izan daitekeela jakiteaz gain, zer dakigu apustu eta apustu etxeei buruz? Kasurik sinpleenean zentratuko naiz, txanpon bat airera bota eta aterako dena asmatzean. Hortik gora zuen kontu dado, erruleta, futboleko kiniela edo karta joko bat imajinatzea. Ezjakintasunetik, esango nuke numerologia eta kasuistika asko zailtzeaz gain, ez dela alde nabarmenik izango funtsean.

Demagun tranparik ez duen (%50eko probabilitateaz aurpegia ala gurutzea ateratzen den) txanpon bat ari naizela botatzen. 6 aldiz bota ondoren, 6etan aurpegia tokatu bada, eta zazpigarrenean dirua jokatu beharko bazenute, zer egingo zenukete? a) diru gehiago jokatu gurutzearen alde, b) diru gehiago jokatu aurpegiaren alde, d) diru bera jokatu bien alde. Askok lehena aukeratuko luke. Izan ere, aukerak %50 badira, bada garaia behingoz gurutze bat atera dadin, ezta? Besteren batek, aurpegia «bolada» onean dabilela sinistuta aurpegiaren alde egingo du. Kontua da, probabilistikoki hitz eginda, hirugarrena dela zuzena. Txanponak ez baitu memoriarik, eta, beraz, 7. tiraldian zein milagarrenean, bat ala beste ateratzeko probabilitateak bera izaten jarraitzen du. Apustuzalearen falazia esaten zaio.

Intuizioak, beraz, ez du beti laguntzen. Gauza bat baita teoriak dioela epe luzera kopuru horrek berdintzera joko duela, eta bestea tiraldi soil bakoitza. Guk apustua tiraldian egiten dugu, ez epe luzerako emaitzan. Bada hala ere, epe luzerako joeran oinarrituta, apustu bat justua noiz den definitzeko modua. Demagun apustu egiteko euro bat ordaindu behar didazuela. Apustua justua litzateke baldin eta epe luzera, apustu egiten jarraituko bazenute, zuen (eta beraz, nire) irabaziek eta galerek berdintzera joko balute. Hori kalkulatzeko bada formula bat. Zuen asmatzeko probabilitatea bider apustua asmatzearren jasoko duzuena, ken galtzeko probabilitatea bider galduko duzuena. Apustua justua da baldin eta emaitza zero bada.

Eta hemen dator tranpa. Edozeinek pentsatuko luke zuen galtzeko probabilitatea %50ekoa dela. Baina dagoeneko euro bat ordaindu badidazue, galdu duzue euroa. Zuen euro bat galtzeko probabilitatea %100ekoa da, ez %50ekoa. Asmatzeko probabilitatea, aldiz, %50 da. Beraz, apustua justua izateko, jokatutako euro bakoitzarengatik bi eman behar nizkizueke asmatu aldiro. Bi euro baino gutxiago eskaintzen badizkizuet, epe luzera ziurtatuta daukat irabazten aterako naizela. Ezjakintasunetik, berriz, esango nuke apustu etxe gehienek hori egiten dutela: epe luzerako beraienirabaziak ziurtatu.

Baina oker banengo ere; halakorik egingo ez balute, eta apustu guztiak justuak balira ere, ez dago zereginik. Zergatik? Bada, apustua justua izan arren, ez garelako diru kopuru berarekin abiatzen. Apustu etxe batek, gutariko bakoitzarekin konparatuta infinitu diru dauka praktikan. Eta, beraz, askoz lehenago geratuko gara gu apustu egiteko dirurik gabe beraiek baino. Epe luzerako gure irabazteko aukerak hutsaren hurrena dira, edozein kasutan.

Apustu etxeekin epe luzez apusturik ez egiteko ez zaigu arrazoi logikorik falta, beraz. Baina aldizkakoak eginda ere, ez daukagu harrotzeko motiborik. Gure buruetan beti ez duelako logikak agintzen. Mila arrazoi emozional, ekonomiko, psikologiko, moral, gurutzatzen dira gure erabaki bakoitzean. Eta apustu etxeak errukirik gabe baliatzen dira horretaz. Aldizkako, epe motzeko zein luzeko apustu izan, jokoa bera da: apustu etxeak puztu, beste batzuen patrikak hustu ditzaten.

Txanpona airean da, zuek aukeratu: aurpegia ala gurutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.