Hazkunde aurreikuspenei eutsi die Bruselak, birusa arrisku arintzat jo eta gero

EBko ekonomia %1,4 handituko da 2020an eta 2021ean. «Hazkunde egonkorra baina arina» iragarri du Batzordeak datozen bi urteetarako

xabier martin
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Behintzat 2021. urtera arte espero du Europako Batzordeak ekonomia haztea eurogunean, eta horrek esan nahi du eremu horretan inoizko hazkunde aldirik luzeena izango dela euroa sortu zenetik. Hala esan zuen atzo Europako Batzordeko Ekonomia komisario Paolo Gentilonik, aurtengo eta datorren urterako aurreikuspenen berri ematean: %1,2 haziko da euroguneko BPGa bi urte horietako bakoitzean, eta %1,4 Europako Batasunean; alegia, azken aurreikuspenei eutsi die Bruselak. «Hazkunde egonkorra baina arina» espero du Europan datozen bi urteetarako.

Batzordeak «arrisku arin» gisa jo zuen koronabirusaren auzia ekonomiarentzat. Uste du ondorioak izango dituela, «batik bat Txinan» eta harekin egiten den komertzioan oro har, baina «ondorio mugatuak» izango direla mundu zabalean. Edonola ere, Gentinoli komisarioaren arabera, «goizegi» da aurreikusteko zenbatekoa izango den koronabirusaren benetako eragina.

Bestalde, Txinaren eta AEBen arteko muga zergen bakea, behin betikoa ez den arren, «lagungarria izan da hein batean» ekonomiarentzako arriskuak arintzeko, Gentilonik esan zuenez. Dena den, enpresek konfiantza lor dezaten «muga bat» da oraindik ere «AEBen merkataritza politikaren inguruan dagoen ziurgabetasun handia».

Beste arrisku arin batzuk ere sartu ditu zerrendan Bruselak: Latinoamerikako gizarte egoera gaiztotua, Ekialde Hurbileko tentsio geopolitikoa, Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremanaren inguruko zalantzak, eta baita klima aldaketa ere. Bruselak uste du, dena den, enpleguaren eta soldaten hazkundeak, barne kontsumoak eta inbertsioak nahiko indar izango dutela Batasunaren BPGa handitzeko, nahi baino motelago izango den arren.

Petrolioaren eskaria

Energiaren Nazioarteko Agentziak, berriz, garrantzi handiagoa eman die koronabirusaren gaixotasunaren eraginei; «gogorrak» izaten ari direla dio, eta 2020ko lehen hiruhilekoan behera egingo duela petrolio eskariak. Hala, hamar urte igaro eta gero, munduko herrialdeen petrolio eskaria apaldu egingo da. 2009an gertatu zen azken jaitsiera, finantza krisi globalaren gordinean. 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, aurten eguneko 435.000 upel beheratuko da kopurua. Eguneko 825.000 upel izango da urte osorako hazkundea, uste baino 365.000 upel gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.