«Aste dramatikoa». Hitz horiek erabili ditu CCOO sindikatuak azken egunetan izandako lan istripuak baloratzeko, eta hala izan da: atzo beste bi lagun hil ziren lanean ari zirela, eta astelehenean zendutako beste bi gehitu behar zaizkie horiei. Are dramatikoagoa da astea kontuan hartuz gero amiantoak sortutako gaixotasunek beste hiru biktima eragin dituztela azken egunetan. Horietako bat, Felix Vazquez Irungo CAFeko langile ohia, herenegun hil zen, baina atzo eman zuten bere heriotzaren berri.
Azken istripua atzo arratsaldean gertatu zen, Aceros Olarran (Loiu, Bizkaia). Ertzaintzak jakinarazi zuenez, garabi batean lanean ari zen langile batek ezbeharra izan zuen, eta berehala hil zen. Langileak 46 urte zituen, eta Beroa enpresako langilea zen. Olarrak Beroa azpikontratatu ohi du altzairutegiko labeetan muntaketa lanak egiteko.
Aceros Olarrako langileek 24 orduko geldialdia hasiko dute gaur goizean, eta fabrikaren aurrean elkartuko dira 10:00etan, istripua salatzeko. CCOOk bat egin du protesta horiekin.
Ordu batzuk lehenago, 11:40an, bi kamioik elkar jo zutenBarazargo mendatean, Zeanurin (Bizkaia). Kamioi bateko gidaria hil egin zen, eta beste ibilgailukoa, berriz, arin zauritu. Ibilgailu batek su hartu zuen, eta ondoren garrak bestera ere hedatu ziren. Garbiketa lanak iraun zuten bitartean N-240 errepidea itxi behar izan zuten, eta trafikoa Dimatik eta Urkiolako gainetik bideratu zuten.
Astelehenean beste bi
LABen kontaketari erreparatuz gero, atzoko biekin jada hogei lagun hil dira aurten lanean ari zirela. Hamazazpigarrena eta hemezortzigarrena astelehenean bertan zendu ziren, biak Gipuzkoan: basomutil bat Zestoan, mozten ari zen zuhaitza gainean erorita; eta eraikuntzako langile bat Zarautzen, garabi batetik erorita. Jarraian, garabia bera erori zen, eta beste pertsona bat zauritu zuen.
Istripu horiek salatzeko eta hildakoen gertukoei elkartasuna adierazteko, kontzentrazio bat egin zuten atzo ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek, Azpeitiko plazan.
Iaz 68 langile hil ziren beharrean, betiere LABen kontaketaren arabera. Zerrenda horretan, ordea, ez dira ageri laneko gaixotasunen ondorioz hildakoak. Gaixotasun profesional horien artean, amiantoak egin ditu biktima gehien, minbizia eragin baitezake material horren hautsa arnasteak. Atzo jakin zenez, beste langile ohi bat ere hil da horregatik: Felix Vazquez, 63 urtekoa, eta Irungo CAFeko langile izandakoa. Enpresa batzordean ESK-ko ordezkaria izan zen. CAFeko langileak kalera atera ziren lankideari omenaldia egiteko eta kalte-ordainen funts bat eskatzeko amiantoaren biktimentzat.
LABek azaldu duenez, gaur ordubeteko geldialdia egingo dute, eta lantegiaren atarian batuko dira. Sindikatu horren arabera, Vazquez Irungo CAFen amiantoaren ondorioz hildako hirugarren langilea da, baina beste 37 hil dira Beasainen eta 49 Zaragozan (Aragoi, Espainia). Asviamieren datuek diote aurten hamabi langile hil dituela amiantoak; 2.400etik gora 1993tik.
Bi langile hil dira Bizkaian, eta lau dira jada aste honetan zendutakoak
Altzairutegiko langile bat hil da Loiun, eta kamioilari bat Barazarren. Amiantoak CAFeko langile ohi bat hil du, aurtengo hamabigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu