Carrefourrek Vianako hipermerkatua itxiko du

Taldeak iragarri du ez duela inor kaleratuko, eta asteartean egingo dute lehen bilera sindikatuekin, 87 langileak zer saltokitan hartu proposatzeko

Carrefourren logoa. CAROLINE BLUMBERG / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, lehen hipermerkatua itxiko du Carrefourrek: Vianakoa (Nafarroa). Iragarritako itxiera baten kronikatzat jo daiteke. Alde batetik, hipermerkatua ezarrita dagoen Las Cañas saltoki gunea beherantz doa. Bestetik, duela hiru urte Carrefourrek, Logroñon, Eroskiri hipermerkatu bat erosi zion, eta, horregatik, askok argi zuten albistea goiz edo berandu etorriko zela. Beraz, Vianan zein inguruko herrietan inor gutxi harrapatu du ezustean. «Gure helburuen azpitik zegoen hipermerkatua, batik bat saltoki gunera jende gutxiago doalako eta ez delako erakargarria», arrazoitu du asteon Carrefourrek.

Uztailean itxiko ditu ateak behin betiko. Enpresak asteartean jakinarazi zien albistea Vianako saltokian lan egiten duten 87 langileei. Jesus Gamez CCOOko Carrefourreko zerbitzuetako idazkari nagusiaren arabera, sindikatuan eta langile batzordean argi dute ez dela lanposturik murriztu behar, eta, printzipioz, Carrefourrek argitu du ez duela egingo. Taldeak aurreratu du 87 langileak beste zentroetan kokatzeko asmoa duela.

Auzia da non. Datorren asteartean lehen bilera egingo dute langileen ordezkariek zuzendaritzarekin. Las Cañas merkataritza gunetik lau kilometrora, Logro- ñon, Carrefourrek beste hipermerkatu bat du Berceo izeneko azalera handiko gunean, 2016ko amaieran Eroskiri erositakoa. Alta, nekez beretu ahalko ditu 87 langileak, «ez baitu ahalmenik guztiak hartzeko». Era berean, kokagunea ere garrantzitsua da. «Elkarrengandik oso gertu izan arren, bata Logroñon dago eta bestea Vianan, bi erkidegotan. Ondorioz, estatu arloko akordioa izan behar luke; lurralde bereko akordioa izanez gero, langileak Iruñeko lantokira eraman beharko direlako, Vianatik 80 kilometrora», azaldu du Gamezek.

Haren esanetan, langileek euren lan baldintzei eutsiko diete, baina ikusteko dago Carrefourrek non kokatu nahi dituen. «Mugikortasun geografikoko espedientea aurkeztuko du. Langile batzuk ezin badira inguruko lantokietan ezarri, ikusi behar da tokiz aldatu nahi duten eta bide horretan lagundu». Astearteko proposamenaren arabera, langileen batzordeak aztertuko du protestarik egingo ote duten —batzordean, Fetico sindikatu korporatiboak bost ordezkari ditu; CCOOk, hiru, eta LABek, bat—.

Adierazgarria da Carrefourrek ixten duen lehen hipermerkatua izatea. Gamezen arabera, aspalditik ez zen errentagarria, eta «Eroskiren saltokia erosi aurretik ere arazoak zituen». Iragarpena albiste txarra da Las Cañas gunearentzat. Iaz, Brico Depot saltokiak ere ateak itxi zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.