ELAk eskatu du Glovoko autonomo faltsuei kotizazioak itzultzeko

Gizarte Segurantzak auzitara jo du justiziak Glovoko 280 langile soldatapekotzat jo ditzan. ELA prozedura judizial horretara batu da

Glovoko langile bat beharrean, Donostiako Parte Zaharrean. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Sareko plataforma berri batzuek lan merkatura ekarritako muturreko prekaritatearen eredu garbia da Glovo. Beste zenbait sindikatu eta alderdik egin duten bezala, ELAk sarritan azaldu du Glovok eta haren moduko enpresek nola jokatzen duten langileen bizkarretik etekinak lortzeko. Soldatapeko beharko luketen langileek —hirugarren baten agindu zehatzen araberako lana egiten dutenez— autonomoen erregimenean ematen dute izena, eta kotizazioak ordaintzen dituzte, beren kabuz jardungo balute bezala. Ezinbesteko baldintza da hori Glovo eta Deliverooren modukoetan etxez etxeko banatzaile gisa aritzeko.

Epaitegiek hainbatetan esan dute autonomoak ez, baina hirugarren batentzat jarduten duten soldatapeko beharko luketela, eta orain Espainiako Gizarte Segurantzak salaketa bat jarri du Glovo App23 S.M. enpresaren aurka, plataforma digital horrentzat ari diren 280 banatzaile besteren konturako langiletzat hartu eta erregimen orokorrean sar ditzan. Bada, ELA prozedura judizial horretan agertu da, eta iragarri du justiziak demanda aintzat hartzen badu eskaera zehatz bat egingo duela: langileek autonomoen erregimenari ordaindutako kuotak itzultzea. Halaber, «enpresa horrek dagokion sektore hitzarmena aplikatuz gero langileek jasoko lituzketen soldatak ordain ditzan» eskatuko du.

Izan ere, gero eta soka gutxiago gelditzen zaie Glovoren moduko konpainiei. Berriki argitaratutako epai batean, Espainiako Auzitegi Gorenak ohartarazi du plataforma horietako langileak ez direla jarduten autonomo gisa; aitzitik, enpresarekiko lan harremana Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean kokatzen da, auzitegiaren arabera. Atzo bertan iritsi zen norabide horretan doan beste ebazpen bat, Santanderreko epaitegi batetik (Espainia); hura ere Glovoren aurka eta Gizarte Segurantzak jarritako salaketa baten harira.

«Esplotazioaren eredua»

Edonola ere, Gizarte Segurantzaren ekimeneko beste prozedura judizial batean agertu da ELA, «langileen kolektiboa enpresaren aurrean ordezkatzeko». Sindikatuak uste du Glovok langileak behartzen dituela autonomoen erregimenean iruzurrezko alta ematera; horrela, haien ardura da Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzea. «Gainera, lan harremanen oinarria prekaritatea eta esplotazioa dira», ELAren arabera. «Autonomo faltsuek ez dute eskubiderik, eta besteren konturakoek, berriz, bai. Glovok bere langileei inposatzen dien lan sistema esplotazio hutsa da; fikzio bat sortzen du, ustez langileak bere lana antolatzeko aukera duelarik. Alabaina, benetako lan harremana guztiz mendekoa da, soldata kaskarrak jasotzen dira, eta ez dago enpresa azpiegiturarik eta inolako eskubiderik».

Horregatik guztiagatik, ELAk Espainiako Gobernuari exijitu dio «berehala egiteko lege bat plataforma digitalen jokamolde horri aurre egiteko». Halako lege bat balego, Glovoren moduko plataformek iruzurra egin beharko lukete «XIX. mendeko lan harreman eredu bat ezarri ahal izateko». Madrilgo gobernuaautono- moen lege berri bat lantzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.