2020 amaieran, langabezia tasa %11,2ra igo da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Urtebeteko epean 17.400 langabe gehiago zenbatu ditu Eustatek. Azken hiruhilekoan, berriz, 14.200 okupatu gehiago aurkitu ditu

Imanol Magro Eizmendi - Iker Aranburu
2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpleguan utzi duen arrastoaren berri eman du Eustatek, eta, haren arabera, 116.900 langaberekin bukatu zuten 2020. urtea. 2019ko amaieran baino 17.400 langabe gehiago dira, eta, horrenbestez, hiru lurraldeen tasa bateratua %9,5etik %11,2ra igo da. Albisterik txarrena, dena den, iazko urteko azken hiruhilekoaren joera da, 15.100 pertsonak galdu baitzuten lana. Horietan ez dira zenbatzen aldi baterako erregulazioan daudenak, Eustatek langiletzat hartzen dituelako; 34.000 ziren urte amaieran, eta horien %1,5ek bakarrik uste dute hurrengo hiruhilekoan langabeziara joango direla.

Datuak irakurtzeko beste modua lanean daudenen kopuruari erreparatzea da, eta 930.500 dira guztira. 2020ko hirugarren hiruhilekoaren amaieran baino 14.200 gehiago, baina urtebete lehenago baino 15.100 gutxiago.

Azken hiruhileko hobekuntzak batez ere emakumeei egin die mesede (+12.500 landun), eta gutxiago gizonei (+1.700). Datu horrekin bat egin du beste batek: okupazioak batez ere zerbitzuen sektorean egin du gora (+13.800), eta horretan emakumeen pisua askoz handiagoa da besteetan baino. Industriak, berriz, 1.200 lanpostu berreskuratu ditu, eta 800 galdu ditu eraikuntzak.

Gizon gehiago lanik gabe

Sexuari dagokionez, ezohiko datu bat eman du Eustatek: 2020 amaieran gizon gehiago agertzen dira langabezian (62.600) emakumeak baino (54.300). Ez da hori langabezia erregistratuaren datuek diotena —enplegu bulegoetan izena emana duten langabeen %55 dira emakumeak—, ezta Eustatek azken urteetan azaldutakoa ere: 2017tik 2019ra, bederen, emakume gehiago izan ziren lanik gabe.

Askoz ohikoagoa da, berriz, lurraldekako banaketa. Bizkaiak du berriro ere langabezia tasarik handiena (%12,6) eta Gipuzkoak txikiena (%9,4). Batean zein bestean, igo egin da azken urtean: 1,9 puntu Bizkaian, eta 2,4 Gipuzkoan.

Deigarria da Araban joera ezberdina dela, eta langabezia tasa 0,1 puntu txikitu dela azken urtean —azken hiruhilekoan 1,6 jaitsi delako, batik bat—, baina halako gorabeherak usu gertatzen dira lurralde hartako datuekin, inkestaren lagina ez delako besteetan bezain handia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.