Sindikatuek protesta egin dute Florence Lasserre diputatuaren etxean

Eztabaida ukatzea leporatu diote LREMko diputatuari. Salatu dute «probokazioa» dela Frantziako Gobernuaren azken eskaintza

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Florence Lasserre Pirinio Atlantikoetako diputatuaren Angeluko (Lapurdi) etxe aitzinean bazkaldu zuten erretretaren erreformaren kontrakoek atzo eguerdian. Izan ere, Errepublika Martxan alderdikoa da Lasserre, eta «Frantziako Gobernua itsuki segitzea» leporatu diote sindikatukideek. Azaldu zuten diputatuari hiru gutun idatzi dizkiotela mugimenduaren hastapenetik, grebalarien «haserrea eta kezka» entzun ditzan. Diputatuak ordea, ez du erantzunik eman; horregatik erabaki zuten haren etxera jotzea. «Hiru aldiz bidali diogu gutuna, eta ez digu erantzunik eman. Herritarron boza ez du entzuten: ez du gurekin eztabaidatu nahi», salatu zuen Julien Delion CGTko sindikatukideak.

Etxeko atarian, Frantziako Poliziak bertara sartzea egotzi zienmanifestariei. Errepidean jarri ziren sindikatuko kide Jaka Ubelak—Jaka Horien adar feminista— eta Jaka Horiak, eta bazkaria partekatu zuten. Ondoren, komuneko papera jaurti zuten baratzera, protesta sinboliko gisa.

Greba iraunkortzea erronka

Iragan larunbatean, gizarte eragileengan duen «konfiantza erakusteko», Frantziako lehen ministroak orekarako adinaren neurria kentzeko aukera eskaini zien sindikatuei, «behin-behinean» bada ere. Edouard Philippek jasoa du erretreten erreforman erretiroa 64 urtera atzeratzea, 2022tik 2027rako epean. Sindikatu erreformisten babesa lortzeko saioa da, azken finean, lehen ministroaren proposamen hori. Izan ere, erreformaren neurri nagusietako batean atzera egiteko prest egonda ere, nekez erakarriko ditu CGT, FO, FSU, Solidaires eta CGC sindikatuak. «Mugimenduak segitzen du; Frantziako Gobernuak ez du atzera eginen, baina guk ere ez», esan zuen Delionek atzoko protestan.

Sindikatu gehienen arabera,Philipperen iragarpena «probokazioa» da. Ez dute mugimendua eteteko asmorik. Philippek iragarpenak egin zituen egun berean, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian mobilizazio jendetsuak egin ziren. Baionan, mila bat pertsona atera zen karrikara. Trenbideetako langileek 41 egun daramatzate greban, eta hiru eguneko greba deialdia egin dute sindikatuek, gaurtik hasita. Gaur goizean, karrikara aterako dira, eta ostegunean ere manifestazioa egingo dute. Baionan, 10:30ean abiatuko dute martxa, geltokitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.