Ukrainak ohartarazi du «gero eta zailagoa» dela Bakhmuteko egoera

NATOko buruaren arabera, Ukraina «epe luzera» kide bihurtzea adostu dute aliatuek. Kremlinek esan du ez dituela entregatuko anexionatutako lurrak

Gizonezko bat laguntza humanitarioa jasotzen, herenegun, Bakhmut ondoko Txasiv Yar herrian. OLEG PETRASYUK / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Errusiarentzat oso garrantzitsua da Donetskeko Bakhmut hiria bereganatzea. Horregatik daramatzate Moskuren indarrek sei hilabete baino gehiago hura kontrolpean hartzeko borrokan. Hura hartuz gero, Kramatorsk eta Sloviansk hirietara hedatu ahal izango luketelako erasoaldia, eta Donetsk eskualdea osorik konkistatzeko moduan egongo liratekeelako. Eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo ohartarazi zuen —egunero ematen duen diskurtsoan— egoera «gero eta zailagoa» dela Bakhmuten.

Azken asteetan, Moskuk indartu egin du han egiten ari den erasoaldia, eta Ukrainako indarrak hori pairatzen ari dira. Armadako koronel Oleksandr Sirskik ere estatuburuak plazaratutakoaren antzeko mezu bat idatzi zuen atzo, Telegramen, eta nabarmendu egoera «oso-oso larria» dela Ukraina ekialdean.

Zehaztu zuen, bide batez, Errusia Bakhmuten ari dela eraso egiten Wagner mertzenario taldeko «unitate prestatuenekin». Eta Denis Puxilin Errusiak eskualdean jarritako agintari militarrak atzo Errusiako telebista kate batean baieztatu zuen hiriaren aldirietako auzo bat hartu dutela Wagner taldekoek. «Argi dago Ukrainak Artiomovsk [Bakhmutek izen hori zuen Sobietar Batasunaren garaian] galdu duela. Zalantza bakarra da hori noiz gertatuko den, baina zaila da aurreikuspenak egitea», azpimarratu zuen Puxilinik.

Bestalde, Kremlinek Ukrainako armadari egotzi dio droneekin eraso bat egin nahi izatea Errusiako lurretan, Krasnodar eskualdean eta Adigeako Errepublikan, hain zuzen. Eta droneak aipatuta,asteburuan eta herenegun Errusiak horiekin egindako erasoak izan zituen hizpide Zelenskik atzo, eta diskurtsoa baliatu zuen Mendebaldeko aliatuei «gerra hegazkin modernoak» eskatzeko. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Kiev armaz hornitzen ari da, eta Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek atzo jakinarazi zuen aliatuek adostu dutela Ukraina aliantzako kide bihur dadila «epe luzera».

«Probokazio bat»

Errusiak bere mugetatik ahalik eta gehien urrundu nahi ditu aliatuen tropak. Eta horrekin guztiarekin lotuta, Errusiako armadakAEBei eta NATOko kideei leporatu die «probokazio bat» bultzatu nahi izatea Ukrainan, horretarako «produktu kimiko toxikoak» erabiliz. Igor Kirilov tenienteak atzo Errusiako telebista kate batean jakinarazi zuenez, substantzia horien sorta bat otsailaren 10ean heldu zen Donetsk eskualdeko Kramatorsk hirira, eta, orduz geroztik, «probokazio bat» prestatzen ari dira. Horren harira, militarrak zera oroitu zuen: John Sullivanek, Errusian AEBen enbaxadore izandakoak, otsailaren 22an esan zuela Errusia arma kimikoak erabiltzea pentsatzen ari dela.

Bi aldeen arteko negoziazioei dagokienez, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek atzo adierazi zuen Errusia prest dagoela Kievekin hitz egiteko, baina ez dituela entregatuko anexionatutako eskualdeak: Krimea, Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.