Bizkaiko metalgintzak ez du baztertzen grebekin jarraitzea udazkenean

Hirugarren greba eguna aurrekoak baino arrakastatsuagoa izan da, sindikatuen arabera. FVEMek, berriz, esan du %24ko erantzuna izan duela

Bizkaiko metalgintzako grebalariek atzo Bilbon eginiko manifestazioko lau partaide. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako sektoreak hirugarren greba eguna izan zuen atzo, eta, lan hitzarmena berritzeko plataforma osatu duten sindikatuen ustez —ELA, LAB, CCOO eta UGT—, aurreko biak baino «arrakastatsuagoa» izan zen. Ostegunean %85eko erantzuna izan zuela esan zuten, eta atzokoan lantegi gehiagoren ekoizpena eten zuten. Hiru greba egun izan dira, eta ez dirudi aurtengo azkenak izango direnik. Udan FVEMekin akordio bat lortu ezean litekeena baita udazkenean gehiagotara deitzea, eta gaur-gaurkoz ez dute patronalarekin biltzeko datarik. Arabako metalgintzan, esaterako, hiru greba egunetara dago deituta irailerako, eta haien arrastoan doa Bizkaia.

FVEM patronalaren arabera, berriz, grebak %24ko erantzuna izan zuen, herenegun baino txikiagoa. Orduan %29koa izan zela esan zuen. Bizkaiko metalgintzako enpresen elkartearen arabera, enpresen %60k normaltasunez egin zuten lan. Sindikatuak, baina, ez dira iritzi berekoak, herenegun erritmo baxuagoan lan egin zuten enpresa batzuk atzo ez baitzuten ekoizpenik atera. Besteak beste, Artetxek eta ITP Aerok Zamudion duen plantak.

Greba egun lasaia izan zen oro har, eta ITPren lantegi hori dagoen industria parkean egon ziren eguneko istilu bakanak. 200 bat laguneko piketea enpresaz enpresa ibili zen, eta barrikadaren bat edo beste egin zuen. Liskarretako batean hiru ertzainek zuzi bat jaurti zuten, langile bat atxiki zuten eta grebalari talde handi bat oldartu zitzaien. Atxikitako langileak ihes egin zuen. FVEMek, bere aldetik, liskar horiek gaitzetsi zituen: «Greba eskubide bat da, baina lan egin nahi duenak presiorik gabe joateko eskubide bera du».

Eguerdian, grebalariek Bilboko erdialdera jo zuten, bertan baitzegoen deitua guneko manifestazioa. Ertzaintzak segurtasun operazio handia antolatu zuen, hainbat furgoneta eta istiluen aurkako agente ugarirekin. Horren aurrean, Polizia gutxiago, negoziazio gehiago! izan zen gehien errepikatutako oihua.

KPIari begira

Sindikatuek, izan ere, negoziatzeko borondate falta egozten diote FVEMi. Era berean, aurrez aurreko tratua eskatzen diote, orain arte eginiko bilerak telematikoak izan baitira. Bien jarrerak, gainera, urrun daude. Sindikatuek KPIaren araberako soldata eguneraketa eskatu dute, eta patronalaren eskaintza ez da %3ra iristen.

FVEMek, berriz, esan du ez duela negoziatzeko arazorik, baina lan itun berriak bi oinarri izan behar dituela: enpresen lehiakortasuna mantentzea eta enpleguari eustea, eta, haren iritziz, sindikatuak «aurkako norabidean doaz». Horiek hala, udazkena beroa izango dela dirudi. Hala aurreratu zuen behintzat Txema Rojo UGTko arduradunak: «FVEMek ez badu jarrera aldatzen, kalera irten beharko dugu. Borrokan jarraitzea beste biderik ez dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.