Garcia hautatu dute berriz CCOOko idazkari nagusi, baina babes apalagoarekin

Beste lau urtez izango da EAEko CCOOko buru. Azpimarratu du lan erreformak indargabetu eta sindikalismoa sustatzeko garaia dela

Loli Garcia, atzo, Gasteizko biltzarrean, EAEko CCOOko idazkari nagusi izendatu zutenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ukabila jasota zuela eta afiliatuen txalo artean izendatu zuten atzo Loli Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1968) EAEko CCOOko idazkari nagusi, ostera ere. Beste lau urtez jarraituko du sindikatuaren gidaritzan, hamabigarren biltzar nagusian afiliatuek haren hautagaitza bakarra babestu eta gero. Botoen %68 lortu zituen: aldeko 130 izan ziren, eta 61 zuri; ez zuen aurkako botorik jaso. Sindikatua «indartzen» jarraitzeko konpromisoa agertu zuen, eta erronka gisa jarri zuen ordezkaritza kopurua handitzea eta 2012ko eta 2013ko lan erreformak indargabetzea.

Lehenengoz idazkari nagusi gisa hautatu zutenean baino babes apalagoarekin aukeratu dute bigarren agintaldirako. Unai Sordoren lekukoa hartu zuen Garciak 2017an, eta, orduan, botoen %84 jaso zituen. Haren taldearen kudeaketak ere ez zuen erabateko babesa izan, batzarkideen %65en aldeko botoa jaso baitzuen. Ordea, babes zabalagoa jaso zuen sindikatuko zuzendaritza osatuko duen taldeak, %70ekoa. Hamar kide ditu, eta horietatik bi berriak dira: Oskar Arenas eta Arkaitz Antizar. Batzar nagusiaren bigarren eta azken eguna izan zuten atzo; Egurre! Actuar para avanzar lemapean egin zuten, Gasteizko Europa jauregian.

Ordezkaritza handitu

«Konpromiso handi batekin onartzen dugu erronka», esanez hasi zuen bere hitzaldia Garciak, zuzendaritzako kideak ondoan zituela. Agerraldi neurtua egin zuen beste behin ere, eta sindikatuaren erronka eta eginbeharretan jarri zuen arreta batez ere. Aurreratu zuen «atsedenik hartu gabe», modu koordinatuan eta «adostasun zabalak bilatuta» lan egingo duela.

Ekintza sindikala indartu beharraz ohartarazi zuen Garciak: «Sindikatuek gizarte kapitalista batean duten eginkizuna aldarrikatzeko garaia da», haren hitzetan, ezinbestekoa baita «indibidualismo basatiaren» garaiotan, eta uste du «ekintza kolektiboa» dela horri aurre egiteko «aukera bakarra». Horretarako, baina, afiliazioa eta ordezkaritza kopuruak handitu behar direla azpimarratu zuen: «Gure ordezkaritza handitu behar dugu, kontratu botere handiagoa lortzeko».

Hainbat urtez bigarren izan da CCOO Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde sindikaletan, baina LABek aurrea hartu dio azken urteetan. 2020aren amaierako datuen arabera, hiru lurralde horietan 3.171 ordezkari sindikal ditu Garciaren taldeak, ordezkaritzaren %18,3 —ELAk %41,3 ditu; LABek, %19.9, eta UGTk, %10,2—.

Garciak adierazi zuen CCOOko zuzendaritza berriak desberdintasunen aurka eta kalitatezko enpleguaren alde lan egingo duela. Eta lan erreformak indargabetzeko konpromisoa agertu zuen, «asmo handiko» erreforma berri bat onartu eta «emakumeei eta gazteei bereziki eragiten dien behin-behinekotasun endemikoa amaitzeko». Negoziazio kolektiboa indartzea funtsezkotzat jo zuen ildo horretan.

Arlo publikoari «balioa» emateko eta babes soziala hobetu eta zabaltzeko garaia dela ziurtatu zuen. Azpimarratu zuen «adostasun zabalak» bilatu behar direla DSBE diru sarrerak berma daitezen errentaren eta pentsio publikoen erreformak onartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.