Zaintza, oroimena eta borroka aldarrikatuko dituzte Martxoaren 3an

45 urte dira Poliziak Gasteizko San Frantzisko elizan bortz langile hil zituela. Omenaldi bat eta manifestazio bat antolatu dituzte sindikatuek

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, Martxoaren 3rako protestak iragartzeko agerraldian. LAB SINDIKATUA.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
1976ko martxoaren 3an, Poliziak tiroz hil zituen Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan izandako istiluetan. Langileek deituriko batzar bat egiten ari ziren elizan, eta, hura hutsarazteko, erantzun bortitza eman zuen Poliziak: bortz langile hil eta bertze ehunka zauritu zituen. 45 urte beteko dira aurten gertakari lazgarri haietatik, eta, gertaera oroitzeko, «zaintza, oroimena eta borroka» aldarrikatuko dituzte ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek: Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu lelopean, omenaldi bat eta manifestazio bat eginen dituzte heldu den asteazkenean, Gasteizko Martxoaren Hiruaren plazan. 18:00etan eginen dute omenaldia, eta ordu erdi geroago eginen dute protesta, Gasteizko kaleetan barrena. LAB sindikatuak goizean ere eginen du ekitaldi bat, bere kabuz: 11:00etan bilduko dira, plaza berean.

Sindikatuek atzo goizean ekitaldien berri emateko egin zuten agerraldian azaldu zutenez, duela 45 urte gertaturikoaren memoria «bizirik» dago oraindik, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira «justizia sozialaren, antifaxismoaren eta klase borrokaren» balioak, «frankistek irudi kolektibotik ezabatu» nahi izan bazituzten ere. Oroitzearen beharra azpimarratu dute sindikatuek, eta adierazi dute «45 urte geroago harrotasunez, ozen eta argi» erran daitekeela «borrokaren eta elkartasunaren idealak» ez direla «ezabatu». Haien hitzetan, urtero oroituko dute Martxoaren 3a Gasteizen, eta «une bakoitzeko borrokak erdigunean» jarriko dituzte gogoratzerakoan; sindikatuen iritziz, horixe baita egin daitekeen «omenaldirik onena».

Martxoaren 3rako hautaturiko leloarekin zaintza sistema publikoa aldarrikatu nahi dute sindikatuek, sektore prekarioa baita, eta, haien hitzetan, eremu pribatuan gelditzen dena: «Erdigunean jarri nahi dugu zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia». Azpimarratu dute osasun langileen alorrean, zaintzan eta hezkuntzan dagoela behar hori, eta horietan diharduten langileen lan baldintzak hobetzea galdegin dute: «Hobekuntza horiek aldarrikatzen dituzte zerbitzuetako langileek ere, batez ere emakumeek, eta, askotan, emakume migratuek. Pandemiaren hasieratik ari dira borrokan, agerian gelditu baita azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen abandonua eta erantzukizun falta». Horiek denak izanen dituzte gogoan heldu den asteazkenean.

Memoria guneari kritika

Sindikatuek salatu dutenez, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan eraiki nahi duten memoria gunearen prozesua «aldebakarrekoa» izan da, eta ez dute kontuan hartu Euskal Herriko gehiengo sindikalaren parte hartzea: «Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak berak baitira langileen eskubideak egunerokoan gaitzesten dituztenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.