Gasteizko Mercedesen zuzendaritzak bi erabaki garrantzitsu hartu ditu azken egunetan, Hego Euskal Herriko fabrika handienaren —Iruñeko Volkswagenekin batera— geroa marrazten hasteko. Batetik, ekoizpena eten du (ostegunean) eta jarduera ez du berriro abiaraziko urtarrilaren 4ra arte. Bestetik, lan txandak aldatu ditu. Erabaki bien ondorioz, 500 langilek galduko dituzte beren enpleguak, aldi baterako beharginak gehienbat. Hori dela eta, Mercedesen langile batzordeak salatu du Alemaniako konpainia bere «irabaziak handitzen» saiatzen ari dela «langileak kalean utzita».
Baina 5.000 langile inguru dituen planta handian egiten diren aldaketek ez diete soilik fabrikan lan egiten dutenei eragiten; Mercedes bere inguruan jarduten duen industria hornitzailearen kontratatzaile handia da ez alferrik, Euskal Herriko handienetakoa, eta haren doministiku batek beste enpresa askotan eragin ditzake aldaketak, kasu honetan txarrerako, kaleratzeak baitira hizpide orain.
Hala, Mercedes lantegiko langile batzordeko presidente Igor Gebarak (ELA) jakinarazi du zuzendaritzaren erabakiak direla-eta azpikontratetako lantaldeetan kaleratzeak espero dituztela: %15 artekoak. Mercedes lantegiko eta harentzat aritzen diren beste hainbat enpresetako langileek protesta egin zuten atzo, Gasteizko erdigunean. Ez Mercedesen, ez kontratetan. Ez finkoetan ez aldi baterakoetan: kaleratzerik ez! idatzia zuen pankarta baten atzean elkartu ziren beharginak.
Krisian dago Mercedes?
Jakina da autogintzaren sektorea ez dagoela ongi. 2019an eta batez ere aurten, auto salmentak behera egin du. Esan beharrik ere ez dago: koronabirusak eragindako jokalekuak ez du lagundu, eta ez du lagunduko 2021. urtean ere. Baina krisian al dago Mercedes? Sindikatuek ezetz diote, ez dela egiturazko krisi bat, eta zuzendaritzaren aurreikuspena dela 131.500 ibilgailu ekoiztea. «Fabrikaren bosgarren urte hoberena izango litzateke marka hori», diote. Edonola ere, konpainiak erabaki du hiru txandetako sistema 2,5ekoa bihurtzea, eta horrekin batera, «agindu du datozen hiru hilabeteetan larunbat guztiak lan egitea». Sindikatuekin negoziatu gabe hartu du erabakia Mercedesek, «bere kabuz».
Langile batzordeak esplikatu du ezen, urtarrilaren 4an abiatu ordez urtarrilaren 12an abiatuko balitz ekoizpena berriro, zuzendaritzak ez lituzkeela zertan egin kaleratzeak urteko lehen hiruhilekoan. Batzordeko presidenteak ohartarazi du, gainera, ez direla kaleratzen ari soilik aldi baterako kontratua dutenak, «kontratu finkoa dutenak ere kaleratzen ari dira».
Mercedesen eta haren azpikontratetan, langileen %15ek gal dezakete lana
Sindikatuek salatu dute konpainia«irabaziak handitzeko» martxan jartzen ari den ereduak«kaleratze ugari» eragingo dituela Araban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu