Hoztera egin du berriro jarduera ekonomikoaren termometroetako batek: autoen salmentarenak. Eta sukarra ez da, irailean bezala, hamarren batzuetakoa izan(-%3,9), baizik eta gradu batzuetakoa (-%16,8). Zehazki, 3.542 auto berri matrikulatu dira Hego Euskal Herrian, iaz baino 714 gutxiago.
Uztailean eta abuztuan, gora egin zuen merkatuak, Eusko Jaurlaritzaren Renove plana indarrean zegoelako, eta itxialdiaren ondorioz gelditu ziren operazioak berriro aktibatu zirelako, baina irailean berriro hasi zen merkatua jaisten, eta urrian areagotu egin da beheranzko joera. Ez da espero urte amaiera onik, krisi ekonomikoaren ondorioz eta bizitza soziala murrizteko indarrean jartzen ari diren neurrien ondorioz asko txikituko dela ustebaita.
Urriko erorikoa handia izan den arren, artean oso urrun dago urteko batezbestekotik. Guztira, 30.864 auto matrikulatu dira aurtengo lehen hamar hilabeteetan, iazkoetan baino 11.781 gutxiago. Hau da, merkatua %27,6 txikitu da urtebetean. Hobekuntza txiki bat da iraileko datuaren aldean, orduan %28,8 ari baitzen erortzen merkatua.
Auto berrien merkatuan joera bat sendotzen ari da: motor alternatiboak dituzten ibilgailuek gero eta tarte handiagoa dute. Hibridoak dira horietako gehienak, baina motor guztiz elektrikoak eta gasa erretzen dutenak ere hor sartzen dira. Iazko lehen hamar hilabeteetan %10,6 ziren halakoak, eta jada %21,7 izan dira aurten. Urrian bertan, are kuota handiagoa lortu dute, %26tik gorakoa. Berez, motor horiek dituzten autoen salmenta %48 handitu da aurten.
Alternatiboen artean hibridoak dira gehienak, baina elektriko hutsen pisua gero eta handiagoa da. Izan ere, ibilgailu guztiz elektrikoen salmenta %128 handitu da azken urtean: 483 izan ziren iaz, eta 1.103 aurten. Autoak ez ezik, furgoneta eta autobus elektrikoak ere sartzen dira kopuru horretan. Ibilgailu hibridoen salmenta, berriz, %54,7 handitu da. Motor alternatiboek lortutako merkatua gasolinazko motorren lepora egin dute. Motor horiek dira oraindik nagusi autoen artean, baina haien kuota hamar puntu jaitsi da urtebetean: %66tik %56ra.
Jaitsiera apalagoa izan du, berriz, dieselak automobilen artean: %23,5etik %22ra. Furgonetetan, autobusetan eta beste ibilgailu handietan, berriz, bere nagusitasuna ia erabatekoa da.
Marka guztien salmentak ari dira jaisten, bilakaera hobea izaten ari dira korearrak, haien artean nagusi baitira arrakasta gehien duten autoak, SUV motatakoak. Horrela, hamar salduenen artean kokatu dira Kia (2.197) eta Hyundai (1.760), biak konpainia berdinarenak. Edonola ere, Europakoak dira lehen lauak Hego Euskal Herrian salduenen artean: Peugeot (2.544), Seat (2.393), Volkswagen (2.298) eta Renault (2.242).
Matrikulazioen beherakada joera orokorra da Europan. Hego Euskal Herrian baino gehiago gutxitu dira salmentak Espainian: %21 urrian, eta %36tik gora 2020an. Frantzian, berriz, merkatua %9,5 uzkurtu da urrian, eta %27 aurten.
Autoen salmenta berriro amildu da urrian, udako suspertzearen ondorioz
Matrikulazioak %16,8 gutxitu dira urrian, eta %27,6 urtea hasi denetik. Bikoiztu egin da auto hibridoen eta elektrikoen merkatu kuota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu