Eurogunea %0,9 haziko dela esan Bruselak: uste baino gehiago

Energia iaz baino merkeago izateak uxatu egin du atzeraldirako arriskua. Inflazio iragarpena ere apaldu du Batzordeak:%5,6 eurogunean

Imanol Magro Eizmendi - Iker Aranburu
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Eguraldi epelak eta gas biltegiekin etxeko lanak egin izanak atzeraldiaren mamua urrundu dute eurogunetik. Gasa merkatuta, argindarrak ere beheranzko bidea hartu du, eta horren eskutik jarduera ekonomikoa aurretik iragarritakoa baino handiagoa izaten ari da. Ondorioz, Europako Batzordeak nabarmen hobetu ditu bere iragarpenak: iazko azaroan, iragarri zuen aurten euroguneko BPG barne produktu gordina %0,3 handituko zela; orain, berriz, esan du %0,9ra helduko dela hazkundea. Europako Batasun osoaren iragarpena bost hamarren handitu du: %0,8raino.

Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioaren arabera, Europako ekonomiak «espero baino sasoi hobeagoan» ekin dio urteari, eta «atzeraldia saihesteko prest» dago. Iazko azken hiruhilekoko datuetan oinarritu du baikortasun mezua, «ezohiko baldintza negatiboak» izanda ere atzeraldian sartu ez zelako. Hori bai, komisarioak garbi esan du: «Uste baino hobea izateak ez du esan nahi ona denik». Hazkundea oso apala izango da hurrengo hilabeteetan, eta inflazioa motel baizik ez da apalduko.



Atzeraldia uxatu izanaren zergatiak aletzen jarrita, energiaren kostuetan jarri du lupa komisarioak, gerra aurreko mailetara jaitsi baita. Batzordearen ustez, bi dira arrazoiak: hornidura iturrien dibertsifikazioa eta kontsumoan egondako «murrizketa handia».

Atzeraldi tekniko batzuk

Orain, Bruselak espero du euroguneak eta EBk izkin egingo diotela atzeraldi teknikoari; hau da, BPGa ez da bi hiruhileko segidan jaitsiko. Bere iragarpenak betetzen badira, atzeraldi teknikoan eroriko dira Alemania, Austria eta Danimarka urtearen hasieran, baina gero suspertu egingo dira, eta urtea zenbaki positiboekin itxiko dute: %0,1 Danimarkak, %0,2 Alemaniak, eta %0,5 Austriak. Gaur egun atzeraldian egon eta urtea datu negatiboekin amaituko duen bakarra Suedia da (-%0,8).

EBko beste kide handienetan ez da atzeraldi teknikorik izango. Gertu ibiliko da Italia, baina urtea %0,8ko hazkundearekin amaituko du; Polonia %0,4 da haztekoa; Frantzia ,%0,6; eta Espainia, berriz, %1,4.

Langabezia datuek ez dutela okerrera egingo ere aurreikusi du Batzordeak. Iazko urtea %6,1eko tasarekin amaitu zen, inoizko txikiena, eta bere horretan mantenduko dela uste du.

Inflazioa, Europa erdira

Herrialdez herrialdeko langabezia iragarpenik ez du egin oraingoan. Inflazioarenak, ordea, bai, eta hor argi ikusten da datu okerrenak Baltikotik Europa erdialdera igaroko direla. %20ko prezio igoerak gertu izan zituzten iaz Estoniak, Letoniak eta Lituaniak, baina 2023an Hungaria izango da kopuru horretara gehien gerturatuko dena (%16,4).

Oro har, Gentilonik ohartarazi du inflazioaren presioa dela gaur egun Europako ekonomiak duen arazorik handiena. Hortaz, Europako Banku Zentralak politika ekonomiko «murriztailearekin» jarraitzea espero du, eta horrek inbertsioa zailduko du. Alegia, luze gabe behintzat ez da espero interes tasa jaistea.

Luze gabe ez, baina luzera begira ziur asko bai, urteko inflazio iragarpena apaldu baitu: %5,6koa espero du eurogunerako (%8,4, iaz), eta %6,4koa EBrako (%9,2, iaz). Beheranzko bidea izango du inflazioak urteak aurrera egin ahala. Eurogunean, %8,2koa espero du lehen hiruhilekoan, eta %3,2koa laugarrenean. «Badirudi inflazioak goia jo duela, eta halabeharrez gehiago jaitsiko dela iradokitzen du energia merkatuan izandako hobekuntzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.