Mikrotxipen fabrikak eraikitzeko diru publikoa ematea erraztuko du EBk

Hamar urtean, erdieroaleen ekoizpena bikoiztu nahi du. Bruselak 2022ko ekainera luzatu du estatu laguntzen buruzko araudi malgua

Margrethe Vestager, EBko Lehia komisarioa. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Laguntza publikoei buruzko arau propioak modu zurrun batean betetzeak ekar diezazkiokeen arazoez jabetuta, eskua pixka bat zabaltzea erabaki du Europako Batzordeak. Mikrotxip edo erdieroaleen eskasia konpontzeko eta sektore horretan duen atzerapena gainditzeko, onartu du diru publikoa inbertitzea produktu horiek egingo dituzten fabrikak eraikitzeko. Beste sektore gehienetan, ordea, barra librea 2022ko ekainaren 30ean itxi nahi du, orain arte baino sei hilabete geroago.

Laguntza publikoek ospe txarra izan dute beti Batzordearen korridoreetan, enpresen arteko lehia laguntzak jasotzen dituztenen alde desitxuratzen dutelakoan. Hori bai, zenbait sektorek—armagintzak, esaterako—, errazagoa izan dute Bruselaren galbahea igarotzea.

Alemania eta Frantzia presioa egiten aritu dira azkenaldian baldintzak biguntzeko, hartara errazagoa izan dadin Asiako eta AEBetako multinazionalekin lehia- tuko liratekeen txapeldun europarrak sortzea. Estatu kide txikiagoetan, ordea, jarraitzaile gutxiago ditu proposamen horrek, haien enpresa nagusiak estatu kide handien multinazional boteretsuen mende geratzearen beldur direlako. Azken horiekin lerratzen ari dela erakutsi zuen atzo Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioak, «lehia politiko indartsua» defendatu baitzuen, neurri desberdinetako enpresak elkarrekin lehia daitezen. «Europako txapeldunak modu eta neurri guztietakoak izan daitezke», nabarmendu zuen.

Edonola ere, argudiatu zuen arau horiek «nahiko malguak» direla, eta adibide gisa jarri zuen pandemiaren aurka borroka egiteko EBk laguntza publiko gehientsuenak ontzat hartu dituela. Hain zuzen ere, Bruselak atzo erabaki zuen beste sei hilabetez luzatzea abenduaren 31n iraungitzekoa zen araudi malgua. Hari esker, hiru bilioi euroren laguntzak eman dituzte estatu kideek. Horietako gutxi iritsi izan dira Euskal Herrira, Espainiako Gobernuak jarritako baldintzak betetzea ezinezkoa izan delako enpresa gehienentzat.

Ekoizpenaren %20

Mikrotxipei dagokienez, Bruselak eskuzabal jokatzen jarraitu nahi du, nahiz eta horrek nekez konponduko duen oraingo eskasia. Itxialdiaren garaian ekoizpena produktu elektronikoetara bideratu zen, eta bigarren maila batean utzi zituen beste sektore batzuk, haien artean autogintza. Eskaria biderkatu denean, nabari geratu da fabrikek ezin zutela behar beste produzitu. Horri gehitzen zaio ekoizpenaren %80 inguru Asia ekialdean egiten dela, Taiwanen eta Hego Korean bereziki.

Eskasiari aurre egiteko, ekoizpena berriro Europara ekartzeko asmoa adierazi du Bruselak, baina baditu zailtasunak. Lantegiak ez dira egun batetik bestera eraikitzen, eta inbertsio, ahalmen teknologikoen eta langile espezializatuen beharra handia da. Europak bere ekoizpena bikoiztu nahi du 2030erako, eta munduko produkzioaren %20ra iritsi. Baina ez da horretan ari den bakarra: Hego Koreak iragarri du 400.000 milioi euro inbertituko dituela erdieroaleak egiteko, Txinak 170.000 milioi agindu ditu, eta AEBek, berriz, 52.000 milioi.

Edonola ere, Vestager komisarioak ohartarazi du ez dutela erdieroaleekin lotutako edozer finantzatzen utziko. «Kasu bakoitzaren merituak arretaz aztertuko ditugu, ziurtatzeko proiektuak europarrak direla eta ez dutela diru laguntzen lasterketa bat abiarazten» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.