'Rider'-ak ostalaritzako hitzarmenean sartzeko eskatuko dute sindikatuek

Laster hasiko dituzte lan itunen negoziazioak Hego Euskal Herrian. 1.200 euroko soldata eta subrogazioa bermatzeko eskatuko dute

LAB sindikatuko eta Riders por Derechos plataformako kideak, Iruñean eginiko agerraldian, atzo. LAB.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Glovo, Deliveroo eta gisako plataforma digitaletako banatzaileen lan baldintzak egonkortzera deitu dute sindikatuek. Epaitegiek autonomo faltsuak zirela aitortu eta soldatapekoak izan behar direla ebatzi ostean eta Espainiako Gobernuak sektore horri buruzko legedia indarrean sartu ondoren, ELAk eta LABek nabarmendu dute hurrengo urratsa behargin horientzako lan hitzarmena lortzea izan behar dela. Zehazki, ostalaritzako itunean sartu nahi dituzte. Sindikatuen ustez, garai garrantzitsua da hori eskatzeko, laster hasiko baitira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ostalaritza hitzarmenen negoziazioak, bizikletako banatzaileen egoera erregularizatzeko asmoz.

ELAk jakinarazi du ate hori irekitzeko akordiorako oinarri bat lortu duela Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien elkartearekin. Sindikatu horrek du gehiengoa (%47) hiru lurralde horietako ostalaritza sektoreko mahaian. ELAk dagoeneko sinatu du lehen hitzarmen bat, zehazki supermerkatuentzako banatzaileentzat. 1.200 euroko hamalau ordainsari jasotzen ditu lanaldi osoa egiten duten beharginentzat; subrogaziorako eskubidea aitortzen die, eta lan erreformaren aurkako klausulak jasotzen ditu, besteak beste. Ekainaren 24tik dago indarrean.

Ostalaritzarentzat lan egiten duten banatzaileen kasuan, ELAk azaldu du astelehenean deituko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mahai sektorialak, lurralde bakoitzeko hitzarmenen soldatak, funtzioak, subrogazio eskubidea eta gainerako edukien aplikazioa negoziatzeko asmoz.

Bestelakoa da Nafarroako egoera. Han UGTk du gehiengoa (%42,34). Sindikatu horrek ere asmoa agertu du plataforma digitaletako banatzaileak lan hitzarmenetara batzeko. Helburu horrekin, LABek kanpaina bat abiatu du Riders por Derechos plataformako langileekin batera. Zehaztu dute bizikletako banatzaileak lurraldeko ostalaritza ituneko hirugarren kategorian edo taldean sartu nahi dituztela. Horrek esan nahi du 1.123 euroko hileko soldata oinarria izango dutela lanaldi osoko beharginek. Horrekin batera, hitzarmenean subrogaziorako eskubidea bermatzeko eskatuko dute, eta 'rider'-en lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzeko, besteak beste.

Autonomoen kuotak

Lan hitzarmenaz gain, behargin horien egoera fiskala erregularizatzeko eskatzen ari dira sindikatuak. Azpimarratu dute haietako askok errenta aitorpenak autonomo gisa egin badituzte ere Espainiako Gobernuaren legediak aukera ematen diela soldatapeko beste edozein langilek bezala aitortuak izateko, baita 2020ko errenta kanpainan ere. LABek gogorarazi duenez, Nafarroako Ogasunak autonomoen kuotak itzuli dizkie bi banatzaileri: 3.000 eta 7.000 euro, hurrenez hurren.

Sindikatuek, halaber, gogorarazi dute Espainiako Kongresuak onartu duen legediaren arabera plataformek abuztuaren 12ra arteko epea dutela langileen egoera erregularizatzeko, soldatapeko egiteko. LABek salatu duenez, enpresa horietako arduradunak «kaleratzeekin eta lanaldi murrizketekin beldurtzen» ari dira langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.