
BPGrik handiena duten udalerrien zerrendan bigarren kokatu da Zierbena (Bizkaia). Herri txiki horretan (1.520 biztanle) kokatzen dira Bilboko portuko azpiegitura energetiko asko (Badia de Bizkaia, erregai biltegiak...) eta Haizea Wind, eta logistikako hainbat enpresa. Ezaugarri horiek berak ditu zerrendako hirugarrenak, Olaberriak (Gipuzkoa): jende gutxi (957) eta enpresa handi asko (Arcelor Mittal, Hine...).
Eskualdeetan ere gauza bera gertatzen da, eta horrek azaltzen du nola egon daitezkeen aberatsenen artean berez naturgune eta nekazaritza lur asko dituzten Arabako hiru eskualde: Gorbeialdea (48.531 euro biztanleko), Arabako Haranak-Añana (51.509) eta Arabako Errioxa (65.494). Azken horren paradoxa nabarmena da: biztanleko BPG handia du han biltzen diren upategien bidez, baina, aldi berean, hiru lurraldeetako biztanlerik pobreenak ditu (17.469 euro biztanleko). Hau da, han sortzen den aberastasunaren zati oso handi bat beste alde batzuetara joaten dela.
Paradoxarik ez dago Enkarterrin: biztanleko BPGrik txikiena du (18.429 euro biztanleko), eta errentarik txikienetan bigarrena (17.827). Horrez gainera, pisu erlatiboa galtzen ari da: haren biztanleko BPGa EAEkoaren %74 zen 2008an, eta %52, berriz, 2018an.
Bizkaian, Durangaldeak soilik gainditzen du EAEko batezbestekoa (109); Araban, sei eskualdeek gainditzen dute. Ohi bezala, egoerarik orekatuena Gipuzkoan dago: BPGrik txikiena duen eskualdearen eta gehien duenaren artean 28 punturen aldea zegoen 2017an, eta 24, berriz, 2018an.
Nafarroan, soldatak
Nafarroari dagokionez, Nastatek, duela gutxi biztanleko soldata gordinarenak argitaratu zituen. Hor ikusten denez, Iruñerriko kanpoaldean urbanizazio garestiak dituzten hiru udalerrik dute batezbesteko soldatarik handiena: Zizurrek (37.353), Arangurenek (32.470) eta Eguesibarrek (31.513)—. Erriberan batzen dira, berriz, soldatarik txikieneko udalerriak: Cadreita (20.603), Mendabia (20.718) eta Azagra (21.081).