Tubacexek 150 behargin kaleratuko ditu Laudioko eta Amurrioko lantegietan

Gainerako langileak aldi baterako erregulazioan jarriko ditu. Langile batzordeak proposamena baztertu du, eta bi greba egun antolatu ditu

Langileek protesta egin zuten atzo, Laudioko lantegiaren aurrean, bilera egiten ari ziren bitartean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
aitor biain
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Tubacexek 150 langile kaleratu nahi ditu Amurrion eta Laudiondituen bi lantegietan, Araban. Lantaldearen ia %20 da hori, hodien egileak 800 langile baititu Aiaraldea eskualdeko bi fabriketan: TTIn eta Aceralavan. Gainera, aldi baterako erregulazioan jarriko ditu gainerako beharginak, eskariak gutxitu zaizkielako pandemiaren ondorioz; martxo amaieratik irail hasierara iraungo luke, langile batzordeko iturrien arabera. Esperotako zenbakiak ziren, enpresak aurreko astean jakinarazi baitzuen enplegu erregulazio espediente bat negoziatu nahi zuela sindikatuekin, baina atzo eman zizkien xehetasunak langileen ordezkariei.

Izan ere, atzo izan zuten lehen bilera bi aldeek; zuzendaritza eta langile batzordea Laudion bertan elkartu ziren enplegu erregulazioaren negoziazioari ekiteko. Hilabeteak daramatzate harremanetan, nolanahi ere; iazko uztailean iragarri baitzuen Tubacexek doikuntza plan bat martxan jarriko zuela lan kostuak %20 txikitzeko. Baina elkarrizketa horiek ez dute fruiturik eman, eta zuzendaritzak kaleratzeak egitearen asmo irmoarekin jarraitzen du.

Enpresak «egiturazko arazoak» ditu zuzendaritzak argudiatu duenez, energiaren sektorea pairatzen ari den «krisi larria» dela eta. Azaldu du azken sei urteetan gasaren eta petrolioaren sektorean jarduera %50 murriztu dela, eta ez du espero epe motzean lehengoratuko denik. Abenduan jakinarazi zuen, hain zuzen ere, hemezortzi milioi euroren galera «jasanezinak» izango zituela 2020an.

Langileak ez datoz bat azterketa horrekin, ordea. Iritzi diote krisia «behin-behinekoa» dela, pandemiak eragindakoa, eta, beraz, egoeraren araberako neurriak behar direla horri aurre egiteko. «Oraingoan, ez dira konformatzen gure lan baldintzetan murrizketak egitearekin. Ez dira makurtzen, eta langileak kaleratzea nahi dute, eta horrekin, gure inguruko familiak egoera dramatikoan ipintzea», adierazi dute beharginek, ohar bidez. Lanpostu suntsiketa handia dela ohartarazi dute, iaz geroztik ez baitiete kontratua berritu behin-behineko beste 150 langileri.

Hori horrela, «aho batez eta irmoki» baztertu dute erabakia, eta adierazi dute ez dutela kaleratze bakar bat ere onartuko. Langileak ez daude amore emateko prest, eta mobilizazioak iragarri dituzte zuzendaritzaren erabakia salatzeko: bi greba egun egitera deitu dute datozen ostegun eta ostiralerako.

Negoziazioa hasi besterik ez da egin, halere. Hogeita hamar eguneko epea dute aurretik ados jartzeko. Ostiralean bertan izango dute bi aldeek bigarren bilera, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.