Bilboko Portuak eutsi egin dio trafikoari, Petronorrek bi geldialdi egin arren

Findegiak bi geldialdi tekniko egin ditu, baina portuaren jarduera soilik %1 jaitsi da 2018arekin alderatuz. 17,6 milioi tona mugitu dituzte

Bilboko Portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Aurreikuspenak ez ziren onenak, baina Bilboko Portuak 2018 urteko emaitzak berdintzea lortu du ia, urtarriletik ekainera bitarteko tartean; guztira, 17,6 milioi tona mugitu dituzte han, tokiko trafikoa eta zuzkidura zenbatu gabe.

Petronor findegiak bi geldialdi egin ditu hilabete hauetan, eta jarduera txikitzeak eragin du Bilboko Portuan 1,6 milioi tona gutxiago mugitu izana; halere, %1 soilik jaitsi da trafikoa. Portuak argitaratu dituen datuen arabera, geldialdi horiek egin izan ez balira %7 baino gehiago igoko zen trafikoa.

Petronorrek Bilboko Portutik hartzen du ondoren lantzen duen petrolio gordina, eta aurten egin dituen geldialdiak martxan daramatzan 50 urteetako garrantzitsuenak izan dira: hiru hilabete inguru iraun dute osotasunean. Findegiak mantenu lanak egin ditu Muskizen (Bizkaia) dituen instalazioetan, eta bere prozesuetan teknologia berriak txertatzeko ere aprobetxatu du. 101 milioi euroko inbertsioa egin du guztira Petronorrek, bi fasetan banatuta.

Bilboko Portuko negozio kopuruari dagokionez, 34,9 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino milioi erdi gutxiago. Portuak adierazi duenez, «apaltze hori bat dator Bilboko Portua erabiltzaile eta bezeroei tasak murrizteko garatzen ari den estrategiarekin, portu lehiakorragoa izan nahi du eta».

Horretarako, salgaiaren tasari %10eko beherapena egiten hasi zen Bilboko Portua, 2018 erdialdetik aurrera. Horri esker, bezeroek 2,5 milioi euro aurreztu ahal izan dituzte azken urtean.

Urteko lehen sei hilabeteetan inbertsio garrantzitsuak egin dira Portuan. Portu Agintaritzak berak 60,4 milioi inbertituko ditu aurten, besteak beste, garatzeko kai zentralaren lehen fasea.

Inbertsio pribatuei dagokienez, berriz, Petronorrek ez ezik beste zenbait enpresek portuan egin dituzten hobekuntzak nabarmendu ditu Portu Agintaritzak, guztiak ere milioi bat eta hamar milioi artekoak.

Mugimenduak

Itsas trafikoak goranzko joera du, eta, aurreikuspenei erreparatuta, urtea %2ko hazkundearekin amaitzea espero du Bilboko Portu Agintaritzak. Petronorren geldialdiak eragin du petrolio gordina eta fuel olio astunaren trafikoak nabarmen behera egin izana, baina beherakadari aurre egin diote gasaren, gasolioaren eta bioerregaien mugimenduari esker. Besteak beste, BBG Bizkaiko Badia Gasak bikoiztu egin du aurreko urtean zuen mugimendua.

Beste datu batzuen artean, Bilboko portuak nabarmendu du iragaitzazko salgaien trafikoak duen garrantzi apurra, Bilbon mugitzen den merkantziaren %95 inguru inportatzeko eta esportatzeko baita. Txinatik (%17) eta Erresuma Batutik (%16) inportatzen da gehien, eta, esportazioetan ere, Erresuma Batua da nagusi (%33).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.