Datorren astean amaituko da Jaurlaritzak auto berrientzat Renove planerako duen dirua

Dagoeneko bost milioi eurotik 4,77 erabili dira 2.299 ibilgailu zahar ordezkatzeko. Onuradun bakoitzak, batez beste, 2.075 euro jaso ditu

Auto kontzesionario bat, Beasainen, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Egun batzuk baino ez dira geratzen auto berrientzako Eusko Jaurlaritzaren Renove plana amaitzeko: orain arteko erritmoan jarraituz gero, datorren astean bukatuko da bost milioi euroren laguntza. EEE Energiaren Euskal Erakundeak jakinarazi duenez, atzo eguerdirako jada erabiliak zeuden planaren 4,77 milioi euro; beraz, 230.000 euro baino ez dira geratzen auto erosketa berriak laguntzeko. EEEk espero du datorren astea amaitu baino lehen amaitzea planerako duen dirua.

Eusko Jaurlaritzak joan den martxoaren 28an jarri zuen martxan Renove plana, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auto zaharrenak berritzeko —hamar urtetik gorako autoak, eta zazpi urtetik gorako furgonetak—. Laguntza jaso ahal izateko, ibilgailu zaharra ordezkatzeko erositako auto berriak energia berriztagarriak erabili behar ditu erregai gisa —argindarra, hidrogenoa edo gas naturala—; bestela, gasolina edo gasolioa darabilten auto motordunak ere izan daitezke, baina efizientzia handikoak baldin badira, A energia ziurtagiria daukatenak.

EEEren datuen arabera, ostiraleko 12:00etarako 2.299 ibilgailu ordezkatzeko erabili da Renove plana, eta onuradun bakoitzak jasotako batez besteko diru kopurua 2.075 euro izan da.

Martxoan gora, gero behera

Laguntzak banatzeko orduan eskakizun espedienteen ordena hartzen da kontuan, behin ziurtatu eta gero eskatzaileak baldintza guztiak betetzen dituela eta beharrezko agiri guztiak aurkeztu dituela. Geratzen diren 230.000 euroak amaitzen direnean, EEEk bukatutzat emango du plana, eta amaieraren berri EEEren webgunearen bitartez (www.eve.eus), hedabideen bitartez eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat auto kontzesionarioren bidez emango du.

Renove plana indarrean egon den aldian autoen salmentak gorabeherak izan ditu hiru lurraldeetan. Joan den martxoan salmentak %21,2 igo ziren, 4.294 auto berri salduta. Alabaina, joan den apirilean eten egin zen gorakada hori, eta autoen salmentak behera egin zuen %0.52,3.444 ibilgailu berri matrikulatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.